Hemen zaude: Hasiera Seme-alabak 6-12 Nerabezaroaren ezaugarriak
Dokumentu Akzioak

Nerabezaroaren ezaugarriak

Nerabezaroaren garaia eta nerabearen ezaugarriak.

Pubertatea 10-12 urte : aldaketa fisiko eta tenperamentala.
Nerabezaro ertaina 12-14 urte : isolamendua eta taldearen garrantzia.
Nerabezaro berantiarra 14-18 urte :  heldutasunerantz doa.
Nerabezaro geroa 18-22 urte :....

 

Pubertatea

Pubertaroan, aldaketa fisiko garrantzitsua ematen da, baina gorputz atalak ez dira denak batera eta berdintsuki garatzen; hortaz, gorputzaren proportzioak aldatu egiten dira. Gaztea, suminkorra agertzen da, etxeko arau eta ereduekiko kritikak egiten hasten da. Bere pertsonalitatea loratzen hasten da. Beraz, garai honetan ematen den aldaketa hau, fisikoa baino psikologikoa da.

Haur kutsua duten gauzetaz aldentzen saiatzen den arren, oraindik ere, noiz edo noiz, bere ume izaera azaleratzen du. Alde batetik, beti idealizatu izan dituen gurasoen babesaren beharra sumatzen du, baina beraiengandik aldendu beharragatik lagun taldera atxekituz joango da. Etxetik kanpo bere espazioa eraikitzen joango da.

 

Nerabezaro ertaina

Nerabezaro ertainean, gaztea introspekzio garai batean murgiltzen da.  Bere adineko pertsonekin duen harremana sendotzen du. Orain arte bere bizitzan eraginkorrak izan diren nagusiengandik aldentzen da eta sarritan hauetaz lotsatu egiten da.

Introspekzioak segurtasun eza emango dio, herstura... bere buruari so egingo dio eta akatsak alde guztietatik nabarituko ditu. Bere gorputzaren itxura berriaz sentimendu konkretuak ( konplexuak, lotsak... ) izango ditu, eta estimulu sexuala  indartsu agertuko da. Garai honetan denak kutsu melodramatikoa hartzen du. Garaipena, arrakasta ezinbestekoa egiten zaio : lagunekin, gustukoekin, ikasketetan, aisialdiko ekintzetan... Ez du epe luzerako perspektibarik, eta horregatik, momentua izugarrizko intentsitateaz biziko du. Hau dela eta, bere bizipenetan suerta daitezken arazoak, larriak eta behin betikoak irudituko zaizkio.

Kalera irtetearen beharra sumatzen du,  zerbait galduko ote duen beldur baita.

Nerabezaro berantiarra

Nerabezaro berantiarrean, gaztea lagun talde baten partaide izan arren, nortasun bakar eta pribatu batekin definitzen du bere burua. Beste sexuarekiko harremanak menperatzen ditu, bikote harremanen ikasketa hasten da.

Nerabezaro geroa

Nerabezaro geroan, gazteari helduen zenbait pribilegio onartzen zaizkio, baina beste batzuk gaitzetsi. Prestakuntza profesionala heldu gisa burutzear duenez, mendetasun ekonomikoa izaten jarraitzen du.

Bukatzeko aipatu beharra dago, nerabezaroak muga zehatz eta finkorik ez duela. Aipatutako adin eta faseak orientatiboak dira, gizarte eta kultura ezberdinek eragin handia dute, hau da, mendebaldeko kulturan, nerabezaro epea gero eta luzeagoa da.

Nerabezaroa eta nerabea

Beti esan da, nerabezaroa epe eraginkor nahasia dela, non pertsonak ume izateari utzi eta heldu bakar, autonomo, independiente eta ausarta gisa bilakatzen da.

Hezitzaile, psikologo...etab.ek teoria ugari aurkeztu dute nerabezaroaren inguruan, baina teoria hauetan aztertu diren gazteak, beti nerabe drogazale, delinkuente eta antzekoak izan dira. Beraz, gai honen inguruan, 80. hamarkada arte aurki genezakeen informazioa negatiboa izan da. Zorionez, 80. hamarkadan era guztietako nerabeen inguruko ikerketak egin zirenez, ondorio fidagarriagoak ezagutzen ditugu gaur egun :

  • 1. Nerabezaroak ez du beti kutsu negatiboa izan behar.
  • 2. Lagun taldea oso positiboki eraginkorra izango da.
  • 3. Nerabearengan gurasoek beti izango dute eragina.
  • 4. Nerabeak arauak behar ditu.


Ez da egia, nerabe guztiak drogazale, biolentuak edo bandaloak direnik. Hau topiko hutsa baino ez da. Egia da garai nahasia dela, baina pertsonaren garapenerako ezinbestekoa, etorkizunean izango den heldua definituko duena. Nerabeak ager ditzakeen jokaera eta jarrera negatiboak ez dituela berak sortu baizik eta ikasiak izan direla ezin dugu ahaztu.

Nerabezaroan lagun taldeak, haurtzaroan zuena baino garrantzi handiagoa hartzen du. Orain arte, gazteak, familia, etxeko giroa eta eskolako giroa miatu ditu eta bada garaia kanpoan dagoena arakatzeko. Etxetik kanpoko bizimoduaren araketa ezinbestekoa da heldutasuna lortzeko. Baina oraindik independentzia eta esperientzia osoa ez dituenez, laguntza beharra sumatzen du eta eusgarririk onenak laguna eta lagun taldea izango dira.

Nerabea bere lagunek beretaz pentsatzen dutenaz arduratzen da, gehiengoaren portaera ereduaz gidatzen da eta portaera, jokaera eta modaren jarraitzaile sutsua da.

Nerabezaroan, lagun taldea negatiboa baino positiboa izaten da, kasu bereziak salbu, non egoeraren hausnarketa sakona egin beharko litzateke.

Bestalde, aisialdiko begiralearaekin ere harreman berezia izan dezake. Aisialdiko espazio eta ekintza ezberdinetan, begiralearekin egingo du topo. Begiraleak gurasoen heldutasuna izango du, bai eta esperientzia nahikoa, eta gainera, familia eta eskolatik kanpo dagoen elementua da. Nerabezaroaren lehenengo urteetan begiralea eredu gerta dakieke.

Haurtzaroan gurasoengandik estimulu eta babes ugari jasotzen ditugu, aukerak zabalak dira: maitasuna, agresibitatea, zurruntasuna... Gurasoen erreakzioak gure barnean “barometro” bat eratzen dute eta honen arabera jakingo dugu gure portaera saritua edo zigortua izango den.

Nerabezarora heltzean gurasoen eragina gure nortasunean jadanik oso eratua dago eta barneratua daukagu. Paradoxa gisa gurasoengandik aldentzera joten dugun eta beraien esanen aurrean matxinatzen gara, baina nahi baino gehiagotan inkontzienteki beraien jarrera eta portaerak agertzen ditugu.


Arauak eta mugak

Nerabeak “arauak” eta mugak behar ditu. Bizitzan, lehenengoz, beraien kabuz norabaitera hel daitezela eskatzen zaie: heldutasunera hain zuzen. Baina orain arte guztiz babestuak egon dira eta orain laguntzarik ez izateak mindu egiten ditu. Askatasuna aldarrikatzen dute, baina... askatasun osoa ez dute nahi. Kontrolik ezean, nerabea galduta agertzen da “abandonatua”, eta oraindik, bere gurasoentzako garrantzitsua dela sentitu behar du.

Arauak jartzerako orduan, neurria da gakoa. Nerabeari araua  bera baino, -sarri ulergarria egingo baitzaio-, inposatzeko modua egiten zaio desatsegina. Naturaltasuna erabili daiteke tresna gisa. Gurasoak sarri, arauak jarri beharko ditu, nerabeak behar dituenak, baina neurria, eta jartzeko modua kontuan izan beharko ditu, bere aurka altxa ez daitezen...

Nerabearekin hitz egiten

Nerabearekin komunikatzea, zaila egiten da sarritan. Gazteak, nerabezaroan, bere independentzia bilatzen du, bere irizpide propioak izateagatik borrokatzen du, eta inoren aginduak jasateak gatazka egoerara bultzatzen du. Hortaz, gaztearekin hitz egin behar da, eta ez etengabe, gaztearen kontra.Gazteak hitz egin diezaioten baino, eta gomendio eta aholkuz beteriko diskurtsoak baino, entzuna izatea da bilatzen duena.

Bizimodu berriarekin esperimentatzean, nerabeak akatsak egiten ditu. Akats hauek zuzentzeko asmoarekin, eta gazteak bilakaera negatiboa izan ez dezan, helduak, gomendioak, aholkuak, debekuak...ematen ditu eta sarri entzuteko pazientziarik ez du izaten. Gazteak bere iritzia kontuan hartzea eskatzen du. Iritzia ematea eta hau kontuan hartua izateak, heldua eta baliotsua sentiaraziko dio.

Fashion!!

Gazteak nerabezaroan identitate krisia jasaten du, honek bi arlotan eragingo dio:

  • Berarekiko : bere burua aurkitu behar du, independentzia, gaitasun potentzialak, bere funtzio eta eginbeharrak gizartean...
  • Inguruarekiko : kanpo mundua arakatzen du eta ordura arte baliagarria izan zaion balore sistemarekin apurtzen du, sentitzeko eta pentsatzeko modu  berrien truke.


Ondorioz :

  • Bere lagunentzat eredu izatea atsegin du.
  • Estrabagantziak atsegin ditu: janzkeran, orrazkeran..
  • Lehengo espresio kulturalak bilatuko ditu, identifikazio gisa: musika, zinema...
  • Sexualitatearenganako jakinmin izugarria agertuko du.


Bukatzeko, aipatu, gaztea bere garapenean eragin izugarria izango duen oztopo batekin aurkituko dela : komunikabideek, suspertzen duten gorputz estereotipoa hain zuzen. Finean, industri-kontsumoa baino interes onuragarriagorik izango ez duena. Dena den, orokorrean, gazteari, ez zaio bere burua gustatzen. Dena, “-egia” ikusten baitu bere pertsonarengan: handiegia, baxuegia, potoloegia..