Hemen zaude: Hasiera Kolaborazioak Wikipediaren izaera hezitzailea
Dokumentu Akzioak

Wikipediaren izaera hezitzailea

Iratxe Esnaola 2010/12/27

Euskarazko Wikipedia beraren arabera, “Wikipedia wiki teknologian oinarritutako entziklopedia librea da, hau da, web nabigatzaile batetik edozein erabiltzailek sor zein alda dezake artikuluen edukia”.

 

Wikipediak gutxienez hiru kontzeptu lotzen ditu: batetik, Internet, wiki teknologia eta entziklopedia [ librea ]. Bestetik, Internet mundu mailako informazio iturri gisa ulertuta, alegia, web nabigatzaile bat izatea nahikoa da Wikipediara sartzeko; eta hirugarrenik, wiki teknologiak lankidetza eredu bat biltzen du bere baitan, modu erraz eta azkarrean eta edozein erabiltzailek elikatu ditzakeen weborriek osatzen baitute wiki bat. Baina Wikipedia ez da edozein wiki: bere helburua eskuragarria den entziklopedia libre bat sortzea da, nahi adina hizkuntzatan eta nahi adina sarrerekin. Beraz, sarean libreki kontsulta dezakegun entziklopedia bat da, garai batean etxe guztietan izaten zen Larousse edo gisako baten papera bete dezakeena, baina euskararentzat ere bere txokoa gordetzen duelarik.

Baina Wikipedia ez du enpresa, erakunde edo instituzio batek sortzen. Internet erabiltzaileak dira Wikipedia elikatzen dutenak. Erabiltzaileen gogo eta iniziatibaren araberakoa da, hortaz, bere dimentsioa. Eta ez da makala. 2001eko urtarrilaren 15ean sortu zen eta hiru urte eta erdi beranduago, 2004ko irailean, 10.000 argitarazle baino gehiago ari ziren Wikipedia proiektuan lanean, orduan 50 hizkuntza baino gehiagotan eskuragarri zegoelarik. 2010eko abenduan, ingelesezko bertsioa da sarrera gehien dituena, 3.500.000 baino gehiagorekin. Euskarazko Wikipediak ia 62.000 sarrera ditu eta osasuntsu dago, euskal hiztunen erabiltzaileen aktibotasun eta konpromisoari esker [http://eu.wikipedia.org ].

Beraz, Wikipedia entziklopedia eleanitza da, web-oinarriduna eta eduki askekoa. Baina hortik harago, Wikipediak badu ukatu ezin zaion izaera hezitzaile bat, baloreak transmititu eta konpetentziak garatzeko ezaugarriak dituen tresna baita.

Izaera hezitzailea

Teknologiak ez dira, berez, tresna hezitzaileak. Hau da, teknologiak, teknologia izate hutsagatik, ez dira tresna hezitzaileak bilakatzen. Baina badira izaera hezitzailea dutenak, noski. Bi multzo nagusitan bana daitezke: batetik, heziketarako sortzen diren tresnak, neurrira egindakoak, eduki bat edo bestea lantzeko [ matematika, gorputzeko atalak, Euskal Herriko mapa fisikoa eta abar ]; bestetik, ordea, heziketarako espresuki sortu ez diren baina beren ezaugarriengatik izaera hezitzailea duten tresnak aurki ditzakegu [ Wikipedia edota blogak, adibidez, bakoitza bere neurrian eta bere erara ].

Tresna mota horietatik guztietatik, nire ustez, Wikipedia da egungo hezkuntza sistemaren oinarri diren balore eta konpetentzietan indar gehien egiten duena. Alegia, eduki konkretu baten lanketara bideratutako tresnak baino izaera hezitzaile transbertsal edo zeharkakoagoa du. Edukietatik harago doa: lankidetza eredu bat proposatzen du eta pertsonaren aktibotasuna bultzatzen du, indarra ezagutzaren sorkuntzan eta elkarlanean aritzearen garrantzian jarriz.

Balore eta konpetentziak

Balore eta konpetentziak dira egungo hezkuntza proiektuetan etengabe aipatzen diren bi elementuak. Ikasleak ez ditu soilik edukiak ikasi behar: ikasten ikasi behar du; jakin-mina eta pentsamendu kritikoa garatu behar ditu; analisirako eta sintesirako gai izan behar du; eta abar luze bat. Gaitasun horien guztien atzean, ordea, balore eta konpetentziak daude. Zerrenda oso luzea izan daiteke baina Wikipediaren gaiari lotuta, horietako batzuk nabarmentzea ezinbestekoa da:

Elkarlana eta elkartasuna: Wikipediaren arrakastaren oinarria bere lankidetza eredua da. Wikipediak komunitatearen kontzeptu teorikoa praktikara eramaten du. Komunitate baten parte izan, komunitate horren parte sentitu, komunitate horren helburuekin bat egin eta helburu hori lortzeko elkarlanean aritzea da Wikipediak proposatzen duena. Denon artean eta denontzat sortutako zerbait da, elkarlanetik elkartasuna elikatzen duena. Gaztetxoak Wikipediaren komunitatearen parte izan eta komunitateari ekarpenak egitea, elkarlanerako gaitasuna garatu eta elkartasunaren balorea transmititzeko modu eraginkorra da.

Jakin-mina eta ezagutzaren sorkuntza: ikasleek ez dute ezagutza jaso bakarrik egin behar. Ikasleek ezagutza sortzeko gogoa izan eta ezagutza hori Interneten zabaltzeko prestutasuna bultzatzen du Wikipediak. Finean, ikasleen jakin-mina elikatzen du eta jakin-min horrek ezagutza sortzaile bilaka ditzake [ izan herriko monumentuen inguruan edota ikasgelan ikasitako zerbaiten gainean ]. Wikipediak beraz, ezagutzaren sorkuntzara bideratzen ditu, nolabaiteko ikerketara, informazioa metatzera eta, ondoren, informazio hori ordenatu, egituratu eta modu argian idaztera. Ikerketarako, analisirako eta idazketarako gaitasunak lantzeko tresna ere bada, hortaz, Wikipedia.

Konpromisoa eta iniziatiba: Wikipedia elikatzeak iniziatiba eta aktibotasuna eskatzen ditu erabiltzailearen aldetik. Hori baita Wikipediaren oinarria: erabiltzaileen eskuetan dagoela bere informazio zakuaren dimentsioa. Baina Wikipedia orokorretik euskarazko Wikipediara jauzi egiten badugu, iniziatibaz gain konpromisoa ere sartzen da. Alegia, euskarazko Wikipedia ez da inoiz ingelesezkoaren parera iritsiko eta, gainera, ezin dugu hori helburutzat hartu. Euskarak bere hiztun komunitatea du eta horren araberakoa izango da Wikipediako bere sarrera kopurua. Baina hiztun komunitate horrek bere hizkuntzaren garapenarekin eta eskuragarritasunarekin konprometitua badago soilik elikatuko du euskarazko Wikipedia. Hau da, euskal hiztun erabiltzaileen esku dagoela euskarazko Wikipediaren eboluzioa. Hortaz, Wikipedia gure hizkuntzarekiko konpromisoa maila praktikora eramateko modu erraz eta azkarra da, era berean, gaztetxoen aktibotasuna sustatzen duelarik.

Eskolan zein etxean

Wikipedia jada erabiltzen da zenbait eskolatan trena gisa. Baina irakaslearen planteamenduaren esku geratzen da edota bere erabakitzat ulertu behar da soilik. Badira, beraz, Wikipediaren izaera hezitzaileaz jabetu diren irakasleak.

Izaera hezitzaile hori, ordea, eskolatik etxera ere estrapolatu daiteke. Alegia, Wikipediaren elikatzea joko gisa planteatuz, era berean, teknologien erabileran trebatuko direlarik. Adibide sinple bat jartze aldera, bakoitzaren abizenaren historia aztertzeko, Interneten informazioa bilatu eta gero hori euskarazko Wikipedian idatz dezakete. Noski, adinaren eta gaitasunen arabera, gure laguntza beharko dute eta hor egon beharko dugu. Baina joko gisa gustuko izatea lortzen badugu, ez zalantzarik izan, aktibotasuna, konpromisoa, elkarlana eta elkartasuna balore gisa barneratuko dituzte. Eta, modu berean, taldean lan egin, ezagutza sortzeko eta testuak modu egituratuan idazteko gaitasunak landuko dituzte.

Hortaz, euskarazko Wikipedia eskuragarri dago eta hezkuntzaren ikuspuntutik oso tresna eraginkorra da, adin guztietara egokitzen delarik.

 

 

zalantzak

Iban — 2010/12/30 11:37
Aupa Iratxe, galdera bat dauket wikipedian inguruen:
bertako edukixek benetan rigorez idazten die? Entziklopedixa baten suposaten da bertako edukixak irizpide zientifikoz jarten diela (nahiz ta gehixenetan ideologixak aginddu), baina wikipedian eztauko edonork edozer jartzeko aukerie?

Usteot gure seme-alabei sarie tentuz ibiltzen erakutsi biher jakiela, informaziñuen jatorrixak eta egiliek kontuen hartuz informaziñue bera baino.

Zela ikusten dozu gaixe?


erantzuna

iratxe — 2011/01/11 17:17
aupa aupa!

Wikipedian artikulu motz eta luzeak daude. Batzuk, Britannica Entziklopediako sarrerak baino kalitate handiagokoak.

Wikipediaren lana, ordea, ez da kalitate zientifikoko entziklopedia bat egitea. Denon eskura dagoen, denok editatu dezakegun eta gure hizkuntzan guk nahi dugun dimentsioa izan dezakeen entziklopedia bat sortze da, Wikipediaren egitekoa.

Hori horrela izanik ere, noski, bada kontrol minimo bat eta horretarako daude Wikipedia proiektu bakoitzeko administratzaileak. Hauen lana artikuluak ahalik eta objektiboenak izatea da.

Hortaz, Wikipedia, nire ustez, jatorri fidagarria da, zalantzarik gabe. Baina ez da entziklpedia zientifiko bat eta, beraz, erabileraren arabera, baliagarria izango da edo ez.

Halere, izaera hezitzailea duela azpimarratzen banuen, ez da informazio iturri gisa ulertzen dudalako. Wikipediak ekarpenak egiteko eta, modu kolektiboan, euskarazko Wikipedia elikatzeko aukera ematen du, horren bere baitan biltzen dituen elementu pedagogiko guztiekin.

espero erantzun izana! ;-)

erantzuna

Iban — 2011/01/12 13:49
Aupa Iratxe, egun on!

Gustau jat zure erantzune, oin hobetuau ulertzen dot esatie gure zinune. Eskerrik asko eta segi horrela!!!

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.