Hemen zaude: Hasiera Kolaborazioak Taldean eta bakarka
Dokumentu Akzioak

Taldean eta bakarka

Borja Moiua // Josu Murgoitio 2010/05/17

Lerro hauetatik gogoeta xume bat egitea baino ez da gure asmoa , inondik inora ez dugu nahi,ez genuke nahi alegia, guk idatzitakoa axiomatzat hartzea, alde batetik horiek berba potoloak direlako eta guk experientziatik egiten ditugulako gure ekarpenak eta ez horrenbeste ikerkuntzatik, nahiz eta egon badagoen bien arteko loturarik.

Hori esan eta gero gatozen bada harira, gure umeak , kirol munduan dibertsifikazio edo multikirol fase bat bukatu eta gero jarduera konkretu bat aukeratu beharra dute. Urteak eta urteak eman dituzte taldeko zein bakarkako lanetan ,eskubaloian edo eskupilotan, saskibaloian edo atletismon, futbolean edo Herri kiroletan (gehienak bakarkakoak) denetarik ikusi dute eta bapatean aukeratu beharra dute, bizitzako beste arlo batzuetan gertatuko zaien bezala. Kontua da, batzuetan joera naturalagatik gauzak oso argi daudela, izan daiteke bat izugarri trebea dela arlo batean, delako (eta hau ere gertatzen da) familiako eraginagatik, komunikabideen eraginagatik...arrazoi ugariengatik. Haurrak argi dauka nondik nora ekin bideari.

Bestetan ordea ez dute batere argi, eta lehenengo planteatzen den galdera hau da: bakarkako edo taldeko kirola aukeratu? eta ondoren dator ... eta zein jarduerara jo?

Bigarren galdera horri erantzutea norbanakoaren esku utzi beharko genukela uste dugu protagonistak berak, aholkurik eskatzen ez digun bitartean. Lehenengo galderari ordea akaso ekarpenen bat egin diezaiokegu.

Talde kirolak zein bakarkakoak bakoitzak bere berezitasunak ditu, gehiago finduz gero, esan daiteke bai batzuen eta bai besteen artean ere desberdintasunak eduki ditzakegula. Esaterako, ez da gauza bera Gimnasia Ritmikaren aukera hartzea, zeinetan ariketa asko bakarka egiten diren arren aldi berean taldeko dinamikaren menpean funtzionatu behar den koreografietan eta abar, edo arku jaurtiketa aukeratzea nahiz eta biak “bakarkakoen” artean kontsideratuak egon. Antzeko zerbait gertatu ahal da Errugbia eta Txirrindularitzaren artean, taldearekiko inplikazio mailak zeharo desberdinak dira.

Halabaina bakoitzaren onuren azterketa txiki bat egin asmoz distantzia hartuko dugu eta salbuespenak salbuespen, azter ditzagun orokortasun batetik.

Bakarkako jardueratan gizakia bakarrik dago. Jasan beharreko presioarekin  aurez aurre, Kary Grant bezalaxe, izan dezake begirale, entrenatzaile, publiko, guraso eta enparauen laguntza moralik baina horra arte. Ahalegina bere eskuetan dago, estrategia momentuaren arabera bere buruan beharko du izan, zerbait gaizki ateratzen bazaio bere buruarekin haserratzea baino ez zaio geratzen. Entrenamenduak gogorrak dira, ariketa asko errepikakorrak ez baitago talde estrategiarik. Kiderik ez izateran ludomotrizitateak- jolasak garrantzia galtzen du, kideak-lagunak ez dira hain beharrezkoak...

Alde positibo moduan aipa daiteke pertsona helduak eta zailduak hezteko onak direla, etorkizuneko erronkei aurre egingo dietenak “beldurrik pe”. Planifikazio, aurre lan garrantzitsu bat eskatzen duten ekintzetarako prestatuagoak egon daitezke, autonomoagoak zereginetan, konpetitiboak,...
 
Talde kirolak beste kontu bat dira, Suediako esaera zahar batek dioenez, elkarrekin bizitako garaipen bateko poza, bikoiztu egiten da, aldiz, konpartitutako porrot bat, porrot erdian geratzen da. Bai porrotak zein garaipenak partekatzeak asko betetzen gaitu, agian ez da zure errua izan, zuk duzun dena eman duzu, baina zure aldamenekoak akats bat egin eta taldeak galtzen du, horrek zera ekartzen du, norbanakoa taldearen dinamikan sartzea eta gehiago inplikatzea lanean, agian zure lanaz gain bestearen ere egin beharko duzu momenturen baten, eta noski alderantziz ere gertatzen da hau. Bizitza errealean zenbat aldiz egin behar izan dugu beste norbaiten lana? Hori ere trebatu egin behar da, ikasi egin behar dugu horrekin bizitzen.
 
Taldean parte hartzen dugunean, interes amankomunak ditugu eta norberak jakitea taldeko beste batzuk zure helburu berdinarekin ahalegintzen ari direla motibazio extra bat da. Taldean aritzen garenean, niregatik eta besteengatik egiten ditugu gauzak, azkenean guztion lanak elkartuz lortzen ditugu onurak eta. Taldekoek jakinda taldearen ahuleziak, hauek estaltzen saiatuko dira. Balore guzti hauek oso positiboak direla iruditzen zaigu.
 
Hala ere gauza bat aipatzea ere nahiko genuke talde lanaren inguruan. Betidanik kazetariak edo komunikabideak, taldearen gainetik bakarkako kirolariak goraipatzen dituzte, adibide asko daude, Messi, Zamora, ... eta jendartean honek bere oihartzuna du, hala nola, gure seme/alabaren taldean galtzen denean, askotan entzuten da, “ noski, Manuelek eta Pepitok jolastu dute eta oso txarrak dira, horiekin ezin da irabazi!!!”
 
Aurretik aipatu onura horiek bertan bera geratzen dira kasu hauetan, eta horren abila ez den horrek galtzearen zama guztia bere gain hartu beharko du, eta ez da batere erraza guzti hori norberaren bizkar gainean eramatea. Esan daiteke ia-ia bakarkako kirolean bihurtzen dela. Oso modan daude orain COACHING ikastaroak, ea ba honelako egoera baten aurrean entrenatzaileak edo gurasoak nola jokatzen duten erakusteko balio izaten duten!!!

Kontua da gaur eguneko bizikerari erreparatzen diogula, zeinetan autosufizientzia eta indibidualismoa gandorraren gailurrean dauden baloreak diren... gurasoek edo haurrek hobeto egingo luketela taldeko jardueren aldeko hautua egingo balute. Proposatzen duguna ez da bata edo bestea.

Etorkizunera begira ez dute talde kiroletan aritzeko aukerarik ere izango , gizarte eredu honek koadrilatik eta lagunengatik denboraren joanarekin batera urruntzera joko duelako. Ezbairik gabe diogu adin txikietan taldean burutzen ez diren ekintzak, kirolak... adinean aurrera joan ahala nekez burutuko dituela. Lehenengo oztopoa ikasketak, gehiago ikasi beharra, azterketen ugaritze etengabea, kasurik txarrenean kanpora ikastera joan beharra eta honek herritik edo taldetik urrunduko gaitu. Geroago etorriko da bizitza laborala, akaso ez laborala larriagoa dena... hori izango da taldearentzako beste estokada bat eta erremate moduan familia tradizional bat osatzen badu akabo. Hau bai dakigula esperientziagatik, lau lagun biltzea pala partidu bat jokatzeko ia-ia ezinezkoa suerta dakizuela eta 10/12 lagun futbito partidu bat jokatzeko batzea miraria litzake (beti daude salbuespenak). Umeak ez badira, lana da eta bestela ezkontza bat edo familia bazkari bat edo bigarren lehengusu baten jaioberriaren bataioa.... talde kirola praktikatzeko oztopoen zerrenda amaigabea da edo horrela egiten dugu. Ez dago modurik 30 urtetik gorako dozena erdi lagun biltzeko, insersoko bidaietara arte ez gara berriro elkartuko!!!

Egoera honen aurrean, gerribueltan kiloak pilatzen hasten direnean bakarko jarduera da irtenbidea. Kasurik onenean Behobia prestatuko dugu eta egoerarik negargarrienean garajean rodiloa egin dezakegu , kaskoak jarriz eta soilik musika estimulo bakar bezala ”Gizona-Emakumea bere bakardadean”.

Hortaz gazteok orain aprobetxatu talde kirolaren onura ugariez gozatzeko, etorkizuna indibiduala delako, sistemak munduarekin konektaturiko izaki bakarzaleak sortzen dituelako, orain ez bada ez delako inoiz izango , oroitzapen, sentipen, argazki horiek denboraren iragana ere garaitzen dutelako, heldu taldeari.

 

Argazkiaren iturria.
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Taldean eta bakarka

Umearekin kirola egiten.