Seme-alabak haien garapen prozesuan gidatzea
Seme-alaben heziketak, nolabait seme-alabei haien garapen prozesuan gidatzea dakar. Haurrei txikitatik komeni zaie nondik nora jo dezaketen eta zein pausu eman ditzaketen jakitea, baita pausu horiek ematerakoan gurasoengandik babestuta daudela sentitzea ere.
Garrantzitsua da beraz, seme-alaben heziketa prozesuan haurrari norabide egokia hartzen laguntzea, betiere haurrari huts egiteko eta probatzeko aukera emanez. Eta kontuan izanik, badirela zenbait gauza seme-alabek ikasi beharko dituztenak, norbere burua ez kaltetzeko, pertsona autonomoa izatera heltzeko, edota familian, eskolan eta gizartean ongi moldatu ahal izateko.
Horretarako, seme-alabei zenbait arau eta muga jartzea ezinbestekoa da, eta arauak eta mugak jartzea ez dugu lotu behar guraso autoritario izatearekin, baizik eta seme-alabei haien garapen prozesuan babestu eta gidatzearekin.
Arauak jartzea. Zer da mugatu behar dena? Zer helbururekin?
Arauak jartzerakoan komeni da pentsatzea zer kontsideratzen dugun garrantzitsua geure seme-alabentzat, eta hortik abiatuta, aztertu zer arau eta zer muga jarriko ditugun. Arauak beti ere helburu batekin jarriko dira, esaterako:
- Norbere bizitza arriskuan ez jartzeko: Adib. txikitan ezingo du bidea bakarrik gurutzatu.
- Osasuntsu egoteko: Adib. Jatorduetan dagoena jan beharko du, ezingo ditu egunero litxarkeriak jan...
- Autonomia eta erantzukizuna gara ditzan: jostailuak jaso beharko ditu, norbere gela txukundu, esandako orduan etxera etorri...
- Familian, eskolan edota gizartean ondo molda dadin: gainontzekoak errespetatu...
Hauek zenbait adibide dira, kontuan izan behar dugu adinaren arabera arauak egokitu egin beharko ditugula.
Ezin da dena mugatu
- Zenbait gauza haiek probatu beharko dituzte, norberak izandako esperientziatik ere ikasten delako.
- Ezin ditugu seme-alaben gustuak edo zaletasunak arautu.
- Zailtasun ugarirekin aurkitzen garenean, lehentasunak zehaztu behar dira, ez da berdina eskolara ez joatea edo gela txukundu gabe edukitzea.
Arauak adostea
Seme-alabek arauak jartzen parte hartzen dutenean errazagoa izaten da ondoren arauak betetzea, horregatik komeni da zenbait gauza ( etxeko lanen banaketa…) guztion artean adostea. Baina beti ez da erraza adostasunera iristea, kasu hauetan, gurasoei dagokie arauak zehaztea haiei baitagokie seme-alabak hezteko erantzukizuna. Araua jartzerakoan komenigarria izaten da seme-alabei arauaren zergatia azaltzea.
Arauak betearaztea
Garrantzitsua da arauez gain mugak non dauden zehaztea, noraino heldu naiteke? zer da onartzen ez dena? Seme-alabek galdera horien erantzuna jakin behar dute. Eta horretarako komeni da gure aldetik ere konstantzia mantentzea. Izan ere, eguneroko bizitzako erritmoak edota momentuko aldarteak batzuetan aurrez ezarritako arauei jaramonik ez egitera garamatza. Hau sarritan egiten badugu, seme-alabek ez dute jakingo zer espero dugun haietaz, eta batzuetan ezezkoa baiezkoa izan daitekeela ikusten badute, ez gara ari mugak argi zehazten.
Horrelako egoeren aurrean gaudenean saiatu behar gara pentsatzen ea aurrez guk jarritako araua ez betearazteak, seme-alabei on egiten dien edo ez.
Gehienetan konstanteak izanez gero, seme-alabek jakingo dute benetan zer espero dugun haiengandik. Eta zentzu pixka batekin jokatuz, jakingo dugu noiz erlaxatu gaitezkeen eta noiz komeni den gu tinko mantentzea.
zOCveuHhFjJEHt
SIseDOIXymiucwo
rTroWSNqoJzjoshzvKf