Hemen zaude: Hasiera Kolaborazioak Sare sozialak: isolamendua edo sozializazioa?
Dokumentu Akzioak

Sare sozialak: isolamendua edo sozializazioa?

Iratxe Esnaola 2010/10/11

Egungo haur eta nerabeen bizitzetan pantailak nonahikoak dira. Ez dago euren elkarrizketetara erreparatu besterik: aurkitu duten webgune bat, DVDan ikusi duten azken pelikula, telebistako saioak, sare sozialean duen lagun bat, sare sozialean bat egin duen azken taldea eta abar luze bat. Hortik abiatuta, beraz, ulertzekoa da haur eta nerabeen bizitza soziala ere pantailen munduan oinarritzea.

 

Gaur egungo borroka nagusia, ordea, ez da egongelan telebistako saio zehatz bat ikusi ahal izatea. Ordenagailuaren pantaila da eskatuena, eta baita berau logelako intimitatean izatea ere. Ordenagailuko pantaila da, hortaz, etxeko pantaila guztietatik gogokoena. Internet, haur eta nerabeentzat, helduentzat telebistaren mandoa bezala da: bere munduaren zati da.

Eta hori guztia, oraindik ere, aztoragarria da zenbaitentzat. Sare sozialak arriskutsuak direla eta denbora galtzen dutela. Eta ez dutela kalitatezko edukirik irakurtzen edota ez dutela hedabide seriorik irakurtzen. Baina zer da behar dutena? Zer da nahi dutena? Zergatik erabiltzen dituzte sare sozialak hedabideen ordez?

Sare sozialetan hain barneratua dagoen belaunaldi berriak euren lagunekin izaten dituzten komunikazio guztiak kontrolatu nahi dituzte, oro har Interneten bitartez, eta partikularki sare sozialetan parte hartuz. Baliagarria zaie komunikaziorako eta, ohartu gabe, baliagarria zaie ere gaitasun sozial eta teknologikoen aldetik. Eta baliagarria zaielako, euren erabilera sustatu behar da. Alegia, egun, kezkagarriagoa da haur eta nerabeek sare sozialak ez erabiltzea, bertan pasa dezaketen denbora kantitatea baino.

Baina zer dira sare sozialak?

Sare sozialak beldurrez eta arriskuez betetako zulo birtualtzat saltzen dizkigute. Hori da hedabideen mezu nagusia. Eta horren tamainakoa da barneratzen diguten izuaren dimentsioa. Baina ez da hala. Sare sozialak haur eta nerabeen bizitzaren zati gisa ulertzea ezinbestekoa da. Pentsa, egin diren azterketen arabera, Espainiar Estatuan haur eta nerabeen %71 sare sozialen erabiltzaile da.

Sareak elkarrekintza sozialerako metodo bat dira, pertsonen, eta taldeen arteko elkartruke dinamikorako tresnak. Sare sozialak sistema irekiak dira, etengabe eraikitzen eta interesen arabera antolatzen direnak. Finean, sare sozialak ezagutza eta komunikazio iturri dira guztiontzat, baita haur eta nerabeentzat ere.

Sare sozial batean izena ematean, erabiltzaileak bere profila sortzen du, bere nortasun birtuala. Izen-abizenak, zenbait datu pertsonal [ gustuko musika, aisialdia... ] eta aurkezpen argazki bat jartzen ditu. Horren lehen helburua, weborri pertsonal bat izatea da, alegia, nortasun birtualaren Interneteko txokoa sortzea. Hortik aurrera, profil hori elikatzen joango dira: argazkiak igo, talde eta ekintza ezberdinekin bat egin eta, noski, sare sozial horretan dituen 'lagunak' bere orria bisitatzera gonbidatuko ditu, modu horretan bere espektro komunikatiboa hedatuz. Hori baita sare sozial bat: profil ezberdinen lotura, egitura sozial bat sortzeraino.

Sare sozialetan erabiltzen den 'lagun' kontzeptuak ez du sare sozialetatik kanpo duen esanahi bera. Sare sozialetako lagun asko, bizitza errealean ezagunak izan daitezke. Baina bada azpimarratzea merezi duen puntu bat: sare sozialak ez dira lagun berriak egiteko erabiltzen, sare sozialetik kanpo dituzten harremanak beste eremu batetik eta beste modu batetara elikatzeko baizik.

Hortaz, sare sozialak pertsonen komunitateak dira, non interesak eta jarduerak partekatzen dituzten eta, beraz, non besteen interesak ere ezagutu ahal ditzaketen. Sare sozialak tresna soilak dira, pertsonen arteko elkarrekintzara bideratuak.

Sare sozial asko eta asko daude. Labur aipatzearren, gure ingurunean erabilienak diren hiru azaltzen dira hurrengo zerrendatxoan:

Myspace: unibertsitate munduko jendea biltzen du eta, batez ere, musikariak. Bertatik egungo izar musikal asko sortu dira. Edukien inguruko klausula zorrotzak ditu.

Facebook: gazteen artean oso zabaldua dagoen sare soziala da, batez ere bertan erabiltzen diren tresnengatik. Bakoitzak bere profila du eta pribatutasuna konfiguratzeko aukera ematen du.

Tuenti: Facebooken oso antzekoa da, gaztelaniaz, eta Espainiar Estatuan arrakasta handia lortu du, batez ere gaztetxoenen artean. Pribatutasunaren kontrol zorrotza egiten du eta harremanak adinaren arabera mugatzen ditu.

Sare sozialen alde positiboak

Orokorrean, sare sozialek haur eta nerabeengan duten eragina positiboa da. Batetik, euren etorkizunean lanerako eta bizitza pertsonalerako tresna arruntak izango direnekin trebatzen ari dira, modu ludiko batean. Bestetik, euren harremanen sarea elikatzen dute eta, hori guztia, sare sozialen izaera kolaboratiboa probestuz. Beraz, sare sozialek, haur eta nerabeak mundu errealetik isolatu baino, sozializatu egiten dituzte.

Horretxegatik ulertu behar da sare sozialetan parte hartzeak ondo sentiaraztea. Afizioa sortzen du, batzuetan adikzioarekin nahasten bada ere. Batzuetan denbora gehiegi eskaintzen diotela esaten da, baina izatekotan ere, beste gauza batzuk egiteko denbora kentzen diete.

Sare sozialek, era berean, norberaren irudia talde baten baitan kokatu eta kudeatzeko beharra sortzen die, lagunen erantzunak jaso eta aztertzekoa, komunikatzeko modua hobetzen saiatzekoa. Eta horiek dira, hain zuzen, lantzen dituzten gaitasun sozial batzuk. Harreman birtual horiek ez baitituzte mundu fisikoko harremanak ordezkatzen, hauekiko bateragarriak dira, harremanak hedatu egiten dira.

Horretaz guztiaz gain, sare sozialek eskolako lagun eta kideekin sinergia berriak sortzeko aukera eskaintzen diete, beraien artean informazioa partekatzea, ekintzen antolakuntza eta, batez ere, pertsonen arteko harremanen proiekzioa eta finkatzea, behin ikasketak bukatu eta gero.

Eta ikuspegi baikorrenetik abiatuta, sare sozialek anonimoa ezagutzera ematen dute, baztertuari integrazioa eta ezberdinari berdintasuna eskaintzen diote. Sare sozialek komunikazioa errazten dute eta komunikazio hori bidirekzionala da: hartu eta eman egiten dute. Hortaz, talde-lana, informazioaren kontrastea, gustu berdinen bilaketa, parte-hartzea eta elkartasuna bultzatzen dituzte, komunitate baten parte sentitzen diren heinean.

Zein dira sare sozialen arriskuak?

Etxe askotan ematen den eztabaida da: ordenagailuaren aurrean eta sare sozialetan parte hartzen hainbeste denbora egotea, zein puntutaraino den isolamendua edo obsesioa edo, kontrara, ondo probestutako denbora den, non beren bizitza sozialaren zati handi bat garatzen duten eta, gainera, non gaitasun batzuk garatzen dituzten, datozen urteetan ezinbestekoak izango dituztenak.

Nahasmen atmosfera horretan, lehen arriskua aurreko belaunaldiek egiten duten konparaketa da. Alegia, duela urte batzuetako haur eta nerabeak ez zirela oraingoen berdinak. Konparaketa hori hutsala bezain nahasia da. Nola izango dira bada berdinak, jendartea bera aldatu egin bada? Eta berdinak izatea positiboa izango al zen? Ezberdinak dira, bai, baina ez horregatik hobeak edo txarragoak. Nahasmen horren atzean, nagusiki, guraso eta hezitzaileen ezjakintasuna dago eta horixe da gainditu behar den lehen arriskua.

Hortaz gain, sare sozialei lotutako arriskurik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, pribatutasunarena da. Alegia, idazten dutena, jartzen dituzten argazkiak, egiten dituzten 'lagunak' noraino iristen diren. Zer informazio eta zenbat zabaltzen duten. Eta horrek zein ondorio izan ditzakeen. Zentzu horretan, pribatutasuna zer den eta nola kontrolatu daitekeen erakutsi behar zaie.

Bada ordea beste arrisku nagusi bat: haur eta nerabeen pertzepzio faltsua. Alegia, sare sozialetan zabaltzen duten informazioa bere lagunek soilik ikusten dutela pentsatzen dute. Ez doala harago. Ez dagoela beste pertsonarik edota erakunderik euren profila bisitatzen duenik. Eta hori horrela ez dela ere erakutsi behar zaie. Hau da, informazioa sarean banatzen duten heinean, sarean dagoen edonork ikus dezakeela, beraiek hala izatea nahi ez badute ere.

Zer egin arrisku horien aurrean?

Arestian aipatu bezala, haur eta nerabeentzat sarea ezinbestekoa da, beren bizitzaren zati garrantzitsu bat, baita beren harreman sozialena ere. Eta hori horrela delako, ezin da debekuaren formulan erori. Ez dira isolatzen ari, ez daude obsesionatuak: bizitza soziala egiten ari dira. Eta bizitza sozial horrek ez du eskolako patioko bizitza soziala ordezkatzen, osatu egiten du.

Hortik abiatuta, sare sozialak ez erabiltzea baino, sare sozialen erabilera arduratsu bat egitea da helburua. Eta horretarako, bi gomendio nagusi:

KONFIANTZAZKO KOMUNIKAZIOA: Haur eta nerabeekin hitz egin behar da, jarrera intrusiborik izan gabe, beren komunikazio pertsonaletan sartzeko asmorik erakutsi gabe. Ez da obsesionatu behar. Kalera irteten direnean ere, izan parkera edo izan parrandan, ezin da zehazki zer egiten duten jakin, baina horregatik ez dira etxean egotera behartzen. Konfiantza ezinbestekoa da. Baina horretarako informatu egin behar dira. Oinarrian beren bizitza bizitzeko askatasun nahia dago eta hortik abiatu behar du elkarrizketak. Nola erabili behar duten azaldu behar zaie. Pribatutasunaren kontzeptua argitu eta hori nola neurtu eta kontrolatu erakutsi. Finean, bizitza errealean ematen dizkiegun gomendioak Internetera eta sare sozialetara estrapolatzea besterik ez da. Jakina da hezkuntza epe luzerako lana dela. Orain erein eta etorkizunean fruituak ematen dituena. Hori barneratu eta pazientzia horrekin funtzionatzea ezinbestekoa da. Horretarako noski, aurrez, sare sozialak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzea halabeharrezkoa da eta, hortaz, heldu eta guraso gisa ere tresna horiekin trebatzea da abiapuntua: sare sozialak erabiliz ikasten baita hauek nola erabili.

ARAUAK: Konfiantzazko komunikazio horrek arau zehatz batzuen adostea ekarri behar du. Arau horien gako nagusia denbora kontrolatzea da. Hau da, aktibitate gisa ulertuta, aktibitate horri denbora muga bat jartzea. Ez baita egin behar duten gauza bakarra, baina bai egin behar duten zerbait. Noiz eta zenbat denbora, beraiekin adostu behar da, hasieratik araurik inposatu gabe.

Ondorio gisa

Sare sozialak tresna oso baliagarriak dira, beti ere ondo erabiltzen eta kudeatzen badira. Tresnak ez baitira, berez, kaltegarriak, baina erabilerak bilaka ditzake kaltegarri edota eraginkor. Eta hori da haur eta nerabeei azaldu behar zaiena. Gidatu egin behar dira, orientatu. Eta horretarako gaia ezagutu egin behar da. Ibili, ikasi eta gero erakutsi. Finean, haur eta nerabeengana gerturatzeko beste modu bat gehiago da: sarean egiten dituzten jarduerak ezagutzeko eta berauekin hitz eginez neurri prebentiboak ezartzeko.

Behin hori ondo eginda, sozializa daitezela. Heda eta elika ditzatela beren harremanak. Besteengandik ikas dezatela. Eta teknologiekin lan eginez, gaitasun sozialak gara ditzatela. Hori da lortu behar dena: sare sozialen potentzialtasuna probestea.

 

 

 

sarea

lander — 2010/10/11 16:56

Gazteekin lan egiten dugunok beti gabiltza beraien nahiak, erabilerak, gustuak... aztertzen, eta poliki-poliki moldatzen gara, ikasten dugu eta epaitzen dugu, ona edo txarra! Honegatik eskertzen dira honelako idatziak.

Gauza bat argi daukat; sare sozial birtualak hor daude, gazteek erabiltzen dituzte eta guk beraiekin komunikatu nahi badugu, ezagutu eta erabili behar ditugu. Eta aditu ere izan behar gara! Gero erabilera egokia sustatzeko, aipatzen dituzun arriskuen inguruan hitz egiteko...

Bultzatu, ez dut uste sare sozialak bultzatu behar ditugunik. Guk euskaraz erabiliko ditugu, modu ahalik eta egokienean, eta eskaintzen dizkiguten aukerak baliatuz, baina aurrez aurreko komunikazioa, ukitu daitekeena da guk nahiko genukeena. Bultzatu nahi duguna.

zalantza bat

Ainhoa — 2010/10/12 12:01
Aupa iratxe!

Asko gustatu zait zure artikulua, baina zalantza bat sortu zait. Nire alabak 13 urte ditu eta tuentin kontua dauka, ordu pila bat igarotzen ditu bertan. Zenbat ordu uste duzu dela aproposa igarotzea ordenagailuaren aurrean eguneko? Eskerrik asko eta segi idaztene mesedez!

artikulua dela eta

Eneko — 2010/10/12 12:04
Aupa iratxe, asko gustatu zait zure artikulua! Uste dut oso aproposa dela gurasoentzako, hezitzailea eta lasaigarria, bizitzan aplikatzeko aholkuak ematen dituena. Bejondeizula!

Dena den, harritu nau Argia aldizkarian "anti-facebook" gisa deklaratu ostean zure jarrera leunduta ikusteak. Galdera pertsonalegia ez bada, zer dela eta aldaketa?

erantzunak

iratxe — 2010/10/12 19:45
Hasteko, mila esker zuei! ;-)

Sare sozialen erabilera bultzatu edo sustatu behar dela esatean, debekuaren formulari buelta eman nahi nion. Alegia, helburua ez da erabiltzea, noski, baina bai erabiltzen badituzte, ongi erabiltzea. Eta gehiengo handi batek erabili egiten dituela dago, hain zuzen, idatzi nuenaren oinarrian.

Zenbat ordu? Bada bakoitzaren aktibitateen arabera. Oso erabaki erlatiboa da, pertsonaren izaeraren eta sare sozialaren erabileraren araberakoa. Egunero erabiltzekotan, ez denbora asko. Egunero ez bada, gehiago. Baina hori kasu bakoitzaren araberakoa dela esango nuke. [ erantzun zehatzagoa espero zenuen? ;-) ]

Eta bukatzeko, nigan ez da aldaketarik egon. Argian 'anti-facebook' gisa deklaratu ninduten, ni hala izan gabe [ titularraren boterea? ;-) ]. Ni ez nago Facebook-en kontra. Ez naiz inoiz kontra egon. Idatzi ditut artikulu gehiago honen harira, eta mezu orokorra berdina da: finean, erabilera egokia egitea eta pribatutasuna mantentzearen garrantzia.

Nik ez dut erabilera pertsonalerako Facebook erabiltzen, baina bai zenbait proiektutarako. Baina nik pertsonalki ez dudalako sare sozialen esparru komunikatiborik behar izan, edo nahiago ditudalako beste komunikazio bide batzuk, oraingoz behintzat.

Bestalde, ni nerabea nintzenean, ez zegoen sare sozialik. Gaur egungo nerabeentzat tresna arrunta da eta azterketa, balorazio eta hartu beharreko neurriek tesi horretatik abiatu behar dutela uste dut. Alegia, tresna hauekin hazi eta hezi dira egun eta ez da hori desagerrarazi behar, bide egokitik eraman baizik.

eta hori, mila esker berriz! ;-)

duda

Mikel — 2010/10/14 13:21
Aupa Iratxe!

asko gustatu jat zeure artikulue eta bat eitten dot esaten dittuzun gauza askokin. Pribatutasune jarten dozu arrisku haundi lez, zela kontzientziauko zeunke neure 12 urteko umie pribatutasunen garrantzixaz?

Eskerrik asko!

mikelentzat

iratxe — 2010/10/20 17:37
aupa Mikel!

mila esker zure hitzengatik. ;-)

Nola kontzientziatu 12 urteko ume bat? Ez da galdera sinplea, ez, eta ez legoke erantzun bakar bat 12 urteko ume guztientzat. Baina...

Nire uste 'Internetetik kanpoko bizitzatik' abiatu behar da. Alegia, Internet beraien bizitzen zati den heinean, beste gai guztiekin egiten den lanketa behar du.

Zentzu horretan, 'Internetetik kanpoko bizitza' horretako pribatutasunaren zentzua izan daiteke abiapuntua. Hau da, eta adibide ezberdinak aipatuz: eskuz idatzi eta postaz bidaltzen ditugun gutunak itxita bidaltzen ditugu; gure postontzietara iristen diren gutunak [ izan fakturak edo dena delakoak ] itxita iristen dira; ez dugu gure izena, helbidea eta gure telefonoa mundu guztiak ikus dezakeen horma batean idazten... Gurea den informazioa da, gureak diren gutunak eta guk eta guk nahi dugunok soilik ezagutuko duten informazioa.

Internet, ordea, mundura begirako leiho bat den heinean, munduak gu ikusteko leihoa ere bada. Alegia, hor idazten duguna, irakurri daiteke. eta ez sare-sozialetako lagunek soilik. Jende gehiagok irakur dezakeela barnerarazi behar zaie. Eta beraz, kaleko horma batean idaztea bezala dela, baina horma hori mundu guztiak ikus dezakeela.

Pribatutasunaren kontuak badu, ordea, etsai handi bat: pribatutasuna bera ez dela garrantzizkotzat jotzen. Alegia, ez zaiela inporta informazio hori irakurria izatea. Zentzu horretan, Interneten idazten duten informazioaren kontrola galdu egiten dutela azpimarratu behar zaie. Eta ez dela komeni informazio andana plazaratzea, zabaltze horrek ez baitu pertsona sozialagoa bilakatzen, agerikoagoa baizik. Soziala izatea ez baita ahalik eta gehien kontatzea, sozializatzeko gaitasuna izatea baizik. Intimitatea garrantzitsua dela, pertsona osatu egiten duela...

ez dakit lagundu dizudan. nik horrelako zerbait azalduko nieke, beti ere konfiantzan.

Eta nolabait, itsasoarekin egiten den ariketa da: helburua ez da beldurra sortzea, errespetua baizik.

esango didazu.
mila esker berriz!

eskerrik asko!

Mikel — 2010/10/21 13:13
Aupa iratxe, eskerrik asko erantzunagaittik!

ahalegindduko non hire aholkuek martxan jarten!


Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.