Sabeletik Munduran eta eguneroko lanean bizitzarekin, haurdunaldiarekin, jaio berriekin… lan egiten dut normalean. Baina bizitza eta heriotza ere elkarri lotuta egoten dira maiz.

Testua: Nahia Alkorta

Haurdunaldiko eta erditzeko galeretan urtebetez formatu nintzen Mónica Álvarezen eskutik – La cuna vacía, el doloroso proceso de perder un embarazo”(La esfera de los libros 2009), “Las voces olvidadas. Las pérdidas gestacionales tempranas” (Ob Stare 2012) y “El ombligo de Atenea. Arquetipos, roles sexuales y mujeres del siglo XXI” (Amazon 2012) y “¿A dónde van nuestros hijos cuando se nos van tan pronto?” (Amazon 2013) -ren idazle den psikologoa.- . Argi nuen, gurasotasun prozesua landu behar banuen, gai honek ere oinarri izan beharko zuela, eta formazioa behar nuela.

Haurdunaldi guztiak ez dira haurra besoetan, zoriontsu dugularik amaitzen, eta prozesu hori, ongi etorria eman eta aldi berean agurtzea gogorra izaten da. Norberaren prozesua desberdina izaten da, ematen den era eta unearen araberakoa, haur horrengan genituen espektatiba eta ametsen araberakoa, unean nola gauden, heriotzaren inguruan zein bizipen ditugun… norberaren prozesua desberdina. Familia bakoitzaren desberdina. Ez dugu ahaztu behar, haurra ez duela soilik haurdun zegoen amak galdu, bikotekideak ere bai, baita anai-arrebek ere haurdunaldiaren berri bazuten, edo aiton-amonek, izeba-osabek, lagunek… Bakoitzaren prozesua desberdina izango da. Eta guztiak, balekoak, minari, tristurari, heriotzari… era desberdinean egingo baitiogu aurre.

Sarri sortzen den egoera izaten da, gure inguruko norbaitek haurra galdu eta nola lagundu ez jakitea, hemen oinarrizko gomendio batzuk:

– Haurra galdu duenak badaki galera oso handia izan duela, ez egin ezer gertatu ez denaren itxurarik, ez esan “beste bat izango duzu” edo halako esaldirik. Haur hori galdu du eta ez du beste batek bere tokia inoiz beteko eta.
– Ez espero haurra galdu duenak normal jarraitzerik. Galera handia jasan du, eta ziurrenik, ez da berdina inoiz izango, bizitzako esperientzia gogor guztien ondoren gertatzen den bezala.

– Ez sartu presarik. Bakoitzak bere denbora behar du egoera bakoitza onartu eta aurrera egiteko, alboan egon baina bere espazioa eman haurra galdu duenari.
Haurra galdu duenari, behar duen denbora eta laguntza ematen saiatu, berak behar duen eran. Ezin dugu besteen bizipena epaitu eta neurtu. Ezin dugu epaitu, 4 asteko haurdunaldian haurra galdu duenaren mina, 42.astean galdu duenarekin. Bakoitzak, bizipen desberdina du, eta biek haurra galdu dute eta. Ezin dugu epaitu, galera bat izan eta min hori azaleratzen ez duena, akaso, berarentzat prozesu naturalagoa izan da, ez traumatikoa, lasaia.

Azken aldian, prozesu honetan dauden familia batzuen alboan egoteko ohorea izan dut. Haurdunaldi aurretik ikastaro eta tailerretan parte hartu duten bikoteak, zoriontsu haurdunaldiaren berri eman zidatenak -batzuek bikotekideari baina lehen- eta tamalez, haurdunaldia goizegi amaitu denak.

Gertatutakoa ulertu, barneratu eta horrekin bizitzen ikastea da gakoa. Oso lagungarri izaten dira agurtze erritualak eta batez ere, komunikazioa. Sentitzen dugunari hitzak jarri eta partekatzea.

Bikote direnen kasuetan, bikote bezala indar berri bat, zoragarria sortzen da. Eta guri ere egokitu zaigu, indar hori ateratzen ari gara. Urte amaiera eta hasiera ez da batere erraza izan. Hilabete eman dut katarroa ezin gainetik kendu eta lan eskerga handiarekin, tartean, haurdun geratu nintzen eta orain egun batzuk utzi gintuen. Zortea dut, gorputza oso erreaktiboa baitut eta lehen egunetik jakin nuen gau hartako abentura ez zela gauean soilik geratuko. Berdin bizi izan nuen aurreko haurdunaldia ere, lehen unetik somatu nuen zerbait bazela nire barruan lanean, gorputzean aldaketak, goragalea, lo egin beharra, umorearen dantza… Lehen egunetik ia. Eta estresa eta katarroak, eta kontzienteki bilatu gabeko haurdunaldia ez izateak, ezin izan zuten sabela ia uneoro ikutzea ekidin, semearen pisua sabel gainean ez jartzea kontuan hartzea, elikaduran aldaketak… hau da, haur hori bizitzaren parte bizitzea. Oso gutxi iraun du, baina nire parte izan da, etxekoa, eta semeari ere esan genion.

Bikotekideak ere ikusi zuen nire gorputza aldatzen, sintomak… berriro ilusio berri bat. Etxean egingo ditugun aldaketak, noiz jaio ziteken eta amatasun/aitatasun baimenak nola antolatu… egun gutxi bazituen ere, gure parte zen ordurako.

Eta joaten ikusi nuen ongi etorria ematen ari ginen egun beretan. Zerbait gaizki zijoala somatu, uzkurdurak sentitu eta emozionalki zetorkidana asimilatzen joan nintzen. Eta urtarrilaren 14an joan zen. Semearekin bakarrik nengoen une hartan eta lehen orduak nahiko errazak izan ziren, aurrez bazetorrela nekien, eta prest nengoen. Hurrengo egunak gogorragoak izan ziren, odol galerak, min fisikoa eta bihotzekoa… Orain poliki-poliki, bere tokia bihotzean utzi eta katarroa eta estresa joaten hasi dira.

Batzuetan gogorra egiten da bizitza, haurdunaldia, haurtxo txikiak eta euren egunerokoko arazoetan alboan izatea eskatzen dizutenean eta zure gorputzak, prozesuak ohea eskatzen duenean. Baina bizitzaz hitz egitea, heriotzaz ere hitz egitea da.

Prozesua, bakoitzaren arabera desberdina izango bada ere, behar duzun hori, zerbait, norbait behar baduzu, bilatzera gonbidatu nahi zaitut. Gai honetan formazioa duen norbait, lagun on bat, bikotekidea, psikologo bat, talde bat, liburuak (gorago erreferentzia batzuk)… Elkarte bat badago bide honetan lanean: Gure Txikixak

Bide horretan bazaude, utzi sentimenduei ateratzen, denak dira zilegi eta.
Argazkiaren iturria