Hemen zaude: Hasiera Kolaborazioak Nola jokatu hiperaktibitatea eta arreta-falta duten umeekin
Dokumentu Akzioak

Nola jokatu hiperaktibitatea eta arreta-falta duten umeekin

Jabier Agirre 2009/09/21

Eskola-adinean dauden umeen % 3-7 bitartean dira 'Hiperaktibitatea' izen orokorrarekin ezagutzen den trastornoa jasaten dutenak. Arazo psikologiko horrek eragin negatiboa dauka, noski, umearen eskolako errendimenduan, eta baita bere familiako nahiz gizarte-mailako harremanetan ere. Horregatik, arazoa garaiz detektatzeak eta tratamendu egokia ezartzeak nabarmen hobe ditzake sintomak.

Denok ezagutzen ditugu horrelakoak: neska-mutiko alaiak, azkarrak eta adeitsuak, baina baita obeditzen ez dutenak, despistatuak eta oso-oso mugituak ere direnak aldi berean. Eskolan, kexak besterik ez: ez ditu etxeko lanak amaitzen, ez die irakasleen azalpenei arretarik jartzen, bere lagunekin borrokan ari da etengabe… Etxean ere antzeko parezido: ez da geldi egoten, dena ukitu nahi du, etengabe hizketan eta arau bakarra ere bete ezinik. Duela urte batzuk, horrelako umeak “problematikotzat” edo ume zailtzat joko ziren. Gaur egun, ordea, diagnostikoa oso bestelakoa da: ume horrek AFTH izeneko gaitza dauka, alegia Arreta Faltagatiko Trastornoa Hiperaktibitatearekin, baina jendeak orokorrean hiperaktibitatea esaten dio egoera horri, eta lan honetan ere horrelaxe erabiliko dut gehienbat guztiok errazago ulertzeko.

Nola detektatu AFTH delakoa?

Haurtzaroan agertzen diren asaldu psikologiko gehienak bezalatsu, Hiperaktibitatea ez da erraz antzematen. Beharrezkoa da gurasoen, irakasle eta psikiatren elkarlana, diagnostiko egokia egin eta tratamendua ezartzeko.

Zertan datza?

Arreta Faltaren eta Hiperaktibitatearen sindromea duten umeek arazo handiak dituzte arretari eusteko. Gainera, ume horietako asko, ez denak ordea, hiperaktiboak izango dira (gehiegizko mugimenduak) eta zailtasunak izango dituzte euren bulkadak kontrolatzeko (ikus sintomen koadroa).

Zenbat mota daude?

Nagusiki hiru mota bereizten dira:

  • Arreta-falta gailentzen den sindromea
  • Hiperaktibitatea eta inpultsibitatea gailentzen diren sindromea
  • Sindrome konbinatua, hau da aurreko bien sintomak dituena (eta hau da denetan arruntena eta usuena)

Arreta falta du nire umeak?

Hiperaktibitatearen sintomak dituzten ume guztiek ez dute egiazki sindromea jasaten. Benetan trastornoa dela egiaztatu eta ziurtatzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

  • Sintomak bi girotan (edo gehiagotan) agertu behar dira.Etxean bakarrik azaltzen badira, baina eskolan ez, edo baita alderantziz ere, umeak duena ez dela hiperaktibitatea izango pentsatu behar dugu.
  • Sindromearen sintoma batzuk umeak sei-zazpi urte bete aurretik azaldu behar dira ezinbestean. Bestela, agian beste diagnostiko batzuetan pentsatu beharko da.
  • Umeak kasu bakoitzean dituen sintomek eragin nabarmena izan behar dute bere eguneroko bizimoduan, bai eskolan, baita etxean edo bere harreman sozialetan ere (lagunartean batez ere)

Dena den, arazo akademiko finak alde batera utzi eta alderdi askoz ere praktikoagoetara etorriz, kontuan hartu behar da hiperaktibitatearen sintomak eduki arren trastornoa jasaten ez duten umeentzat ere tratamendua mesedegarria izan daitekeela.

Sintomak

ARRETA FALTA
HIPERAKTIBITATEA INPULTSIBITATEA
Eguneroko bizimodurako behar-beharrezkoak diren gauzak ahaztu egiten zaizkio (berokia, edo eskolako agenda, batzuk aipatzearren). Etengabeko mugimendua: oinak mugitzen ditu, gauza txikiekin jolasean ari da, hatz-muturrekin kolpetxoak ematen ditu behin et aberriz mahai gainean. Pentsatu aurretik egin du, edo esan du.
“Arrankatzea” kosta egiten zaio. Erraz distraitzen denez, eguneroko lanak egiten hastea kostatzen zaio: janztea, hortz-haginak garbitzea, etxeko lanak egitea. Eserita mantentzeko zailtasunak dauzka. Gaizki esertzen da, postura sarri aldatzen du, eserita egon behar lukeenean jaiki egiten da. Ez dauka batere pazientziarik. Ez daki itxoiten, lasai egoten.
Bere lanetan ordena pixka bat jartzeko zailtasun handiak ditu. Jolasen artean, nahiago ditu jarduera mugituak lasaiak baino. Besteen solasaldiak eten egiten ditu, ezer gutxi esateko.
Kosta egitez zaio lan batzuk amaitzea, aspergarri edo errepikakorrak iruditzen zaizkionak batez ere. Egun osoa hizketan edo kantuan ari da, etengabeko kalakan.  
Hitz egiten zaionean, ez du entzuten. Aginduak obeditzea edo azalpenei kasu egitea asko kostatzen zaio. Leku batetik bestera dabilk, korrika edo saltoka, inolako beharrik gabe.  
Akats asko despiste hutsagatik izaten dira. Eskolako hanka-sartzeak, sarritan, xehetasunei edo azalpenei arreta ez jartzeagatik gertatzen dira, ez lana egiten ez dakielako.    
Zaila, ia ezinezkoa, gertatzen zaio bi gauza aldi berean egitea (esaterako idatzi eta irakaslearen azalpena entzun).    
Albo batera uzten ditu ataza edo lan zailak, esfortzua eta kontzentrazioa eskatzen dutenak.    

Nola antzeman eta tratatu behar da trastorno hori?

Diagnostiko egokia egin eta tratamendua jartzea prozesu bat izaten da, denbora luze samarra eta zenbait profesionalen elkarlana eskatzen duena.

Era horretako trastorno bat duten umeen arazoak gurasoek nahiz irakasleek detektatzen dituzte beste inork baino lehenago. Garrantzi handikoa da, beraz, horien artean komunikazio egokia egotea. Eta behin umeak horrelako trastorno bat izan dezakeela susmatuz gero, hurrengo pausoa aditu baten laguntza eskatzea izango da (pediatra, psikologoa, edo baita psikiatra ere).

Tratamendurako, hainbat lerro jorra daitezke nagusiki: terapia psikologikoa, gurasoen heziketa, estrategia egokia eskolan eta, azken bide gisa, botika edo farmakoak. Ikus ditzagun bide horiek, labur-labur:

  • Gurasoen aholkularitza. Tratamendua eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da gurasoei beren seme-alabak tratatzen laguntzea, eta horiek hezteko estrategia egokiak diseinatzea. Horregatik, hiperaktibitatea duten umeen guraso-elkarteak oso baliagarriak gerta daitezke lan horretan.
  • Eskolan. Trastorno hori duten umeek gainbegirada eta zaintza berezia behar dute irakasleen aldetik. Ikasgaiak beste era batera antolatu behar litzaizkieke (ahal den neurrian), eta motibazio berezia eskaini.
  • Tratamendu psikologikoa. Psikologo edo psikiatra baten eskutik, terapiak umearen pentsamendua antolatu eta bere portaera eta eskolako errendimendua hobetzen lagunduko du.
  • Botikak. Betiere pediatraren aginduei jarraituz, normalean psikoestimulatzaileak edo depresioaren kontrakoak erabili ohi dira, kasu bakoitzaren ezaugarriak baloratu ondoren.

Zer egin dezakete gurasoek?

  • Ez saiatu bi gauza (edo gehiago) batera lortzen. Hobe da banan-banan joatea.
  • Ume bakoitzaren ahalmenak kontuan izan, noraino irits daitekeen oso argi edukiz.
  • Ez utzi tratamendua bertan behera, umea sasoi txarra pasatzen ari den arren.
  • Umeari hitz egiterakoan, begietara begiratuz eta hurbiletik egin beharko genuke. Eta ondo entzun eta hobeto ulertu digula ziurtatuz betiere.
  • Hobe sarietara jotzea, zigorrak erabiltzea baino. Zerbait ondo egin duenean hori onartu eta “saritzea” baino gauza hoberik ez dago.
  • Saiatu umea giro antolatu batean bizi dadin: ordena, ordutegiari jarraituz, errutina batzuei eutsiz, etab.
  • Erakutsi umeari bere sentimenduak eta jarduerak interesatzen zaizkigula. Guri horrela iruditu ez arren, gure onarpena eta laguntza behar-beharrezkoak baititu.
Argazkiaren iturria

 

 

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Nola jokatu hiperaktibitatea eta arreta-falta duten umeekin

Hiperaktibitatea duten umeak