Etxean zerbait behatuta, edo beharbada irakasleren batek iradokituta, guraso asko gerturatzen dira psikologoen kontsultetara diagnostiko bila. Zer dauka nire seme-alabak? Ulergarria da jakinmina; maitasun handia da gehienen motibazioa. Gainera, ezer egin baino lehen beharrezkoa da non gauden jakitea. Hala ere, nahaste psikologikoen diagnostikoari dagokionez, hainbat gauza hartu behar ditugu kontutan, bestela lagundu baino, oztopo bihurtu daiteke eta.

Testua: Koldo Gilsanz

Captura de pantalla 2014-12-11 a las 12.33.34

Zorionez gero eta estigma gutxiago dago psikologo bati kontsulta egiterako orduan. Lehen baino ohikoagoa da psikologoarengana joatea; ez da ezkutatu beharreko edo lotsarazten gaituen zerbait. Aldaketa honi esker nahaste edo disfuntzio askoren identifikazio goiztiarra egiten da, eta arazoa larriegia izan aurretik konstruktiboki bideratua izan daiteke.

Gainera, psikologiak azken urteetan garapen handia bizi izan du eta diagnostiko tresnak zein tratamenduak zorrotzagoak eta eraginkorragoak dira. Dena den, aurrerapen hauek guztiek oztopo ere izan daitezke ez baditugu bere neurrian eta bere testuinguruan modu zuzenean erabiltzen.

Diagnostikoaren bila, ikuspegi inklusiboa

Ulergarria da oso gure seme edo alabarengan zerbait ez ohikoa edo arraroa sumatzen dugunean horren zergatia jakin nahi izatea. Adibidez, nire semeak erreakzio alergiko bat badu eta zerk eragiten dion ez badakit, oso aztoratuta egongo naiz, noiz bueltan agertuko ote edo zerk sortuko dion berriz jakin nahian. Kasu horietan diagnostikoak (zeliakoa da, esnearekiko intolerantzia dauka…) lasaitu ederra emango digu. “Ah, orain badakigu zer eman eta zer ez eman…”

Kontua da psikologiak, diziplina klinikoa bihurtze aldera aurrerapauso handiak eman baditu ere (garunaren ezagutza sakonagoa, diagnostiko tresna fidagarriagoak, hainbat tratamendu psikologikoren eraginkortasun frogatua…), oraindik bide luzea duela eredu kliniko klasikoaren barruan funtzionatzeko.

Alergiaren kasuan, alderdi organikoak bilatzen ditugu: zein da txarto funtzionatzen duen organoa? testuinguruko zein elementuk eragiten du? Psikologian, aldiz, faktore biologiko-organikoetaz gain badauzkagu faktore kognitiboak (pentsamenduak), afektiboak, emozionalak, jokaera aldagaiak eta testuinguru sozialak (ilargi betea eta hego haizea kontutan hartu gabe).

Konplexutasun honek kasu bakoitzaren paregabekotasuna azpimarratzen du. Adibidez, haur batek haserrerako aurretiko joera izatea  arazo bezala agertu daiteke familia isil batetan. Baina joera bera kirol asko eta oihukatzeko ohitura duen inguru batetan agian ez da arazo bezala agertuko.

Horregatik nahaste psikologikoei buruz hitz egiterakoan kontuz ibili behar dugu, ezin baita beste gaixotasun organikoekin konparatu. Thomas Szasz-ek esaten zuen bezala, kontutan izanda geure psikea (gogoa, mente) organo bat ez dela, ezin dugu gaixotasun mentalez hitz egin, zentzu literalean behintzat.

Normala eta anormala

Normaltasunaz eta ez-normaltasunaz hitz egiten dugu psikologook askotan. Baina berori ulertzerako orduan irizpide ezberdinak daude (eta “ez-normala”k ez du beti gaixoa esan nahi). Alde batetik, normala da gehiengoak egiten duena, norma edo araua dena. Adibidez, gure gizartean nahiko arrunta da 6-7 bat ordu lo egitea egunero. Beraz, egunero 9-10 ordu lo egiten duena normaltasunetik kanpo egon daiteke. Horrek nahaste baten aurrean gaudela esan nahi du? Agian bai, agian ez.

Beste alde batetik, irizpide estatistikoetan oinarrituta definitu dezakegu normaltasuna: Normaltasunaz banatzen da aldagai bat Gaus-en kanpaiari jarraitzen dionean. Esate baterako, 100 pertsona heldu ausaz aukeratzen baditugu, espero dezakegu gehiengoak 165 eta 185 zentimetroen artean egotea. Halaber, ziurrenik ere mutur horietatik haratago dauden pertsona batzuk ere egongo dira. Estatistikak esaten du muturreko kasuak bataz bestekotik desbideratuta daudela. Baina ez al da normala 100 pertsonetatik batzuk 190 zentimetro baino garaiagoak izatea?

Laburbilduz, kontuz ibili behar gara normala zer den esatean, eta ez errazegi ondorioztatu normala ez dena anormala dela.

Diagnostikoaren helburua eta arriskuak

Diagnostikoaren jatorrizko helburua profesionalen arteko komunikazioa da. Paziente bati buruz hitz egiterakoan, bere sintoma guztien deskripzio zehatza egin beharrean, aldez aurretik adostutako kategoriaren batetan sailkatu egiten dugu eta horrela bakarrik kategoria horren izena aipatu behar dugu.

Gaur egun, aldiz, informazioaren gizartean gaude eta diagnostiko mediko eta psikologikoaren hitz tekniko asko egunerokotasunean erabiliak suertatu dira, hala nola, hipertentsioa, bronkitis kronikoa edo depresio bipolarra. Gainera, tamalez, termino kliniko asko gaizki erabiliak dira, edozein jokaera patologizatzeko joera dagoelarik (“Horrenbeste gauza ditut egiteko… estresatuta nago”, “Asteburua pixkat txotxoloa izan da eta pixkat depre nago”…)

Bestalde, ezin dugu analisi honetatik kanpo utzi multinazional farmazeutikoek duten papera. Nahiz eta nahaste psikologiko gehienek korrelato biologiko/organiko zuzen zehatzik ez izan, horietariko askorentzako farmako espezifikoak garatzen eta banatzen dira. Batzuetan beharrezkoa eta oso lagungarria izan daiteke, baina kontutan izanda gure gizartea gain medikatuta dagoela, zorrotzagoak beharko ginateke kategoria klinikoak erabiltzean.

Beraz, diagnostikoaren lehen arriskua berarekin batera datorren tratamendu farmakologikoa izango da. Arazo hau bereziki larria da haurrei buruz hitz egiten dugunean: oraindik ez dakigu psikofarmako batzuen epe luzerako eragina zein izango den. Hau kontutan izanda, medikazioak azken aukera behar luke. Osatzea ez dator kanpoko pilula bat hartzetik; hori lagungarria izan daiteke hasieran, orkatila apurtu duenarentzat makulua den bezala, baina osatzea barrutik dator, gure egitekoa berori errazteko baldintzak zaintzea baino ez delarik.

Beste arrisku bat estigmatizazioa da. Pertsona bati etiketa bat jartzen diogu eta horrek pisu bat du hala bere nortasunean nola bere ingurunean. “Ni hiperaktiboa naiz, horregatik asko mugitzen naiz”, edo “Josuneri gertatzen zaiona da garapen nahaste bat duela”… eta noiz arte izango du? Kontutan izanda diagnostiko batek sor ditzakeen ondorio negatiboen eragina asko luzatu daitekeela, tentuz ibili beharko ginateke psikologo, irakasle eta gurasook horrelako etiketak erabiltzen ditugunean.

Norbaitek psikopatologia bat garatzen duenean, ez du nahita egiten. Are gehiago, norbanakoak bere ingurunera moldatzeko duen modurik onena izaten da, hots, bere intentzioa positiboa da. Nik momentu batetan nahaste obsesibo konpultsibo baten sintomak azaltzen baditut izango da hori delako nire organismoak momentuko egoerari aurre egiteko duen modurik onena, gertatzen zaidanarekin beste ezer egiten ez dakidalako.

Baina egiteko modu hori, bizirik dagoen beste edozer gauza bezala, iragankorra da. Denbora eta arreta behar dira forma horien eraginkortasuna ontzat hartu eta helduago eta adaptatiboagoak diren beste formetara pasatzeko.
Gainera psikopatologia familiaren testuinguruan ulertu behar dugu. Familiaren norbanako batek sintoma batzuk agertzeak funtzio bat du eta ezin dugu osatzea bakarrik sintoma horiek desagertaraztean oinarritu. Puzzlearen pieza batek forma bat hartzen badu, forma hori zerbaitetarako behar duelako izango da. Horregatik, pieza hori isolatu eta berarekin lanean bere forma aldatzen badugu, puzlera bueltatzean moldatze arazo bat izango dugu oraindik.

Beraz, diagnostiko psikologikoak barne hartzen duen konplexutasuna eta izan ditzakeen ondorio kaltegarriak kontutan hartuta, hobe dugu tentuz erabiltzea. Psikologian diagnostikoak garrantzitsuak dira zientzia bezala aurrera egiteko, baina batzuetan pertsonak aurrera egiteko oztopo izan daitezke. Diagnostikoa ez da bilaketa baten helburua, bide baten hasiera definitzen duen egoera baizik; ez da txarto dagoena zehazten duena, baizik eta garatzeke duguna nabarmentzen duena. Bide hori ez dago inon idatzita eta testuingurua osatzen dugun guztiok ibili beharko dugu, denok baikara fenomenoaren parte.