Nerea Agirre / Pedagogia
Nerea Agirre (Oñati, 1982). Pedagogian Lizentziatua eta Gizarte Hezkuntzan Diplomatua. 2007ko Uztailean Ikerketa Nahikotasuna lortu nuen "Gizarte Hezitzailea Lanbidez: korapiloak askatu nahian" ikerketa lana aurkeztuz. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU-UPV) Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean dihardut irakasle lanetan. Berriki "Babesgabetasun egoeran aurkitzen diren haur eta nerabeen eremuan gizarte hezitzaileen lanbide testuingurua: egungo egoera eta proposamenak" ikerketa proiektuan parte hartu dut, eta "Haurbabesa Lanbide" ikerketa taldeko partaidea naiz. Pertsonalki eta profesionalki beste ardura sozial batzuk izateaz gain, bereziki, bere luze zabalean hartuta, hezkuntza gaiek kezkatzen naute. Hezkuntza gaiek kezkatu, asaldatu eta eragiten naute. Azken urteotako jardunean, prestakuntza nahiz ikerketa alorrean, eta beste zenbait eremutan, hezkuntzaren alderdi soziala arretaz zaintzeko etengabeko saiakeran aritu naiz,. Aurrerantzean ere horrela izatea espero dut; etengabe bila jarraitzea, utopiari so. Esperantza eta ametsik gabe ez baitago ez jendarte eta ezta hezkuntzarik ere.
Pedagogiaz arituko garen txoko honetatik egungo hezkuntza errealitateetara hurbiltzen saiatuko gara. Gure xede nagusia gaur egungo gizartean heziketak jokatzen duen papera ulertzea izango da. Hezkuntza bera egungo errealitate sozialen argitan aztertu eta argitzen saiatuko gara beraz, hori egin ezean ezinezkoa baita gune honek xedetzat duen hezkuntza alternatibak eraikitzea. Hezkuntza fenomenoak konplexuak dira oso; eta honek, sarritan, guraso nahiz profesionaloi amaraunean harrapatuta egotearen sentsazioa sortzen digu. Gure eguneroko horretan zailtasun, ezintasun eta frustrazio anitzekin topo egiten dugu. Horrek ez du esanahi ordea etsi behar dugunik; beti baitago beste bide bat. Eta bidea ikusten ez badugu, asmatu egin beharko dugu. Honetarako, beharrezkoa izango zaigu aurrez aurre aurkitzen ditugun oztopoak, eguneroko hezkuntza ekintzen (eskolaren zeregin ideologikoaren, funtzionamendu, helburu, prozesuen…) inguruko arrazoiak ulertzea eta guraso moduan geure buruak hobeto kokatzea.. Eraikuntza lana izango da gurea. Batetik, zenbait kontzeptu argitu beharko ditugu, zertaz ari garen ulertzeko. Bestalde, zenbait jarrera azaleratu beharko ditugu, planteamendu horiekin noraino identifikatzen garen ikusteko. Eta azkenik gure lana helmuga argitu eta bidea zehaztea izango da: hau da, guraso moduan nola egin dezakegun galderari erantzunak ematea.
Abentura honetan ausardiaz murgildu zaitezten eskatuko nizueke. Txatxilipurdik eraiki berri duen izaera formatibodun egitasmo honetan partaide izatea, konpromiso eta ardurakidetasunez jokatuz. Nik ez dut irakaspenik eman nahi; eraikiuntzari ekarpena egitera nator. Zirikatzaile baina umil, zuen bidelagun.