Mugikorrak: kontrola ala askatasuna?
Espainiar Estatuan pertsonak baino mugikor linea gehiago daude: 47 milioi biztanle eta 56 milioi mugikor linea. Zenbat ote mugikorrak aparatu gisa, berria eskuratu eta zaharrak jaso egiten badira.
Camilo José Cela Unibertsitatean eginiko ikerketa baten arabera, Espainiar Estatuan lautik batek bi mugikor edo gehiago ditu eta egiten diren hamar deietatik zortzi hiru minutu baino gutxiagokoak dira.
Datu horiek, noski, gaztetxo eta nerabeak ere barnebiltzen dituzte. Hauetatik %98 mugikor baten jabe da. Mugikorra eskuratzeko adin-tarte ohikoena 8-12 urte bitartekoa da. Soilik %1-k eskuratzen du behin 14 urteak beteta. %80-k opari gisa jaso dute. %70 pozik ageri da, edozein une eta lekutan egonagatik, lokalizatua izan daitekeelako. Eta %88 seguruago sentitzen da mugikorra poltsikoan badu.
Mugikorrak, hortaz, gaztetxo eta nerabeen bizitzetan oso txertatuak dauden gailu elektronikoak dira, noiz eta euren sare soziala eraikitzeko bizitza-faserik garrantzitsuenean daudenean. Baina funtsean komunikatzeko tresna gisa uler daitekeen arren, gaur egun, gaztetxoentzat, mugikorra komunikazio kanal bat baino askoz gehiago da. Eta horregatik, hain zuzen, arrisku-faktoreak ere areagotu egiten dira: osasun arazoez harago, erabilera desegoki bat edo maila etikoan onartezina litzatekeen ekintzaren bat egitea oso erraza baita.
Mugikorra baino gehiago
Gaztetxo eta nerabeek mugikorra, batez ere, lagunekin gelditzeko erabiltzen badute ere, arestian aipatu bezala, eurentzat komunikazio kanal bat baino gehiago da. Aipatu ikerketaren arabera: %56,5-k musika trukatzeko erabiltzen du; % 54,2-k argazkiak ateratzeko; %47,3-k argazkiak partekatzeko; %31-k bideoak grabatzeko eta %6,5-k Internetera konektatzeko.
Esan gabe doa, tresna teknologiko honek bere jabearen gaineko informazioa ematen du eta, hortaz, berdinen taldean prestigioa eta aitortza eskaintzen die. %45 gustura dago ingurukoak bere mugikorra nolakoa den begiratzen jartzen badira. %36 mugikor berrienaren atzetik ibiltzen da, operadoreen 'zaharkitze kalkulatuan' etengabe eroriz. Erabiltzen den modeloak, dituen prestazioek eta ematen dituen aukerek, mugikorraren jabeak berdinen taldean duen lidergo egoeran eragiten du.
Zentzu horretan, beraz, mugikorra, teknikoki, komunikazio kanal bat baino askoz gehiago da, hitz egiteko eta beste gauza askotarako erabiltzen baitute. Baina baita maila sozialean ere, gailu elektroniko hauek gaztetxo eta nerabeen nortasunaren garapenean duten eragina areagotzen ari baita.
Segurtasuna edo askatasuna?
Ikerketan parte hartu duten gaztetxoen %42-k mugikorra gurasoek emana dela baieztatzen du. Gurasoek, gehienetan, seme-alaben presioaren ondorioz eman dietela diote. Baina egia da kontrol gehiago izateko bidetzat ulertzen dela mugikorra. Eta mugikorra denez, kontrol hori ez da eremu fisiko berean ematen, mugikorraren estalduraren eta seme-alabaren saldoaren arabera baizik.
Mugikorrekin, ordea, gaztetxo edo nerabea ez da aurrez baino kontrolatuago sentitzen. Alderantziz. Gaztetxoa erakartzen duena, hain zuzen, kontrol horretatik ihes egiteko aukera da. Euren sare sozialak eraiki eta erreferentziazko taldeak berritzeko etapa erabakigarrian daudenez, mugikorrak, berdinen taldearekin komunikatzeko beharrak asetzen ditu, komunikazio hori, gainera, edozein unetan eta edozein lekutatik eman daitekeelarik. Deiak egiteak baino, deiak jasotzeak 'norbait' direla adierazten die, 'talde bateko kide' direla. Hori da gaztetxoa erakartzen eta asebetetzen duena: bere sozializazioa garatzeko mugikorrak eskaintzen dion askatasuna.
Hori horrela, mugikorra eskuratzeko hasierako arrazoiak indargabetu egiten dira, gaztetxoen arteko komunikazioa baita areagotzen dena, ez gurasoekin dutena. Alegia, gurasoek kontrolerako ulertzen duten gailua, gaztetxoek independentziarekin eta autonomiarekin lotzen dute, euren 'ni'-aren isla bat gehiago baita, komunikatzeko kanal bat izatetik harago.
Erabilera soziala, 'antisoziala' eta arrisku-faktoreak
Komunikatzeko kanal soil gisa ulertzen badugu, kasu gehienetan, gurasoak dira mugikorra eman eta gastua ordaintzen dutenak, seme-alabak lokalizatuak egotearen truk. Gastua kontrolatzen da, bai, gastuak konpartituz edo aurrez ordaintzen diren txartelak erabiliz, esaterako. Baina mugikorraren erabilera egokia ez da eurotan soilik neurtzen. Horregatik, hain zuzen, gaztetxoentzat askatasuna sinbolizatzen du, kontrolatzen zaiena, kontrolatzekotan, kontsumoa delako, ez erabilera, bere esanahirik zabalenean.
Euren adinerako desegokiak diren SMSak jaso ditzakete, bortizkeria maila altua edota pornografia erakusten dutenak. Publizitatearekin bonbardatzen dituzte. Telebistako programetara SMSak bidaltzen dituzte, telebistatik ikus-entzule guztien parte-hartze aktiboa sustatu nahi dela esaten den arren, gaztetxoak direlako horrelakoetan gehien aktibatzen direnak.
Era berean, mugikorrek argazki eta bideo kamerak dituzten neurrian, gaztetxo eta nerabeak grabatuak izan daitezke [ %47 kezkatua agertzen da horrekin; zerbaitengatik izango da ]. Lagunei txantxak egin edo lagunak iraintzeko erabiltzen dituzte, batez ere, grabatzen dutena Internetera igotzeko asmoarekin grabatzen dutelako. Eta mugikorra eskolara eramaten dute, nahiz eta debekatua egon [ %60 debekuaren aurka dago ]. Eta askotan entzun edo irakurri ahal izan denez, irakaslea iraintzeko ere erabiltzen da mugikorra, argazkiak edo bideoak jasoz eta Internetera igoz.
Erabilera desegoki horren guztiaren gainetik ordea, benetan kezkagarria den elementua gaztetxo eta nerabeen sentsibilitate falta da. Hau da, maila etikoan onartezinak liratekeen ekintzak toleratu eta goraipatu egiten dituzte. Eta, horregatik, beharrezkoa da gurasoek mugikorren abantailen, arriskuen, erabilera sozial eta 'antisozialen' inguruko azalpenak ematea.
Mugikorrak eta osasuna
Mugikorrek uhin elektromagnetikoak igortzen dituzte eta eremu elektromagnetiko horrek, eremu elektrikoarekin batera, elektro-kutsadura sortzen du. Erradiazio horiek pertsonen ikusmenerako ikusezinak dira, baina neurgailu bereziekin zehatz-mehatz neur daitezke. Bi erradiazio mota daude: ionizatzailea eta ez-ionizatzailea. Ionizatzaileek berehalako kaltea eragiten dute osasunean, hala nola, erradiazio nuklearrak, X izpiak, eta abar. Ez-ionizatzaileen osasun-kaltea epe luzeragokoa izateaz gain, oraindik ez dago hain ikertua, nahiz eta berauen erabilera are hedatuagoa egon eta, hortaz, pertsona gehiagori eragin. Irrati bidezko transmisioak, telebista eta, besteak beste, mugikorrek sortzen dituzte erradiazio ez-ionizatzaileak. Beraz, mugikorrek, erradiazio ez-ionizatzailea sortzen dute eta, linea elektrikoarekin batera, erradiaziorik arriskutsuenak direla onartu da zenbait ikerketatan. Mugikorrek igortzen dutena eta, noski, antenetatik datorrena.
Europan egin den lehen ikerketa gobernu britainiarrak eskatu zuen 2000. urtean eta Stewart Txostena du izena. Ikerketa horretan ateratako ondorioak oinarri hartuta, Hezkuntza Ministerioak 16 urtetik beherakoei mugikorren erabilpena debekatu zien, ikasle askok, mugikorraren gehiegizko erabileraren ondotik, estres, insomnio, antsietate eta hiperaktibitate igoera bat erakutsi baitzuten, emaitza akademikoetan eragin zuzena izan zuelarik, besteak beste, memoria, arreta eta kontzentratzeko gaitasuna aztoratzen baititu. Are gehiago, zenbait ikerketetan ondorioztatu denez, 15 minutuko dei batek burmuineko uhinen 24 orduko aztoratzea eragin dezake.
Mugikorrak, berez, ez dira osasungarriak, hori ziur, baina erabileraren arabera, bere kaltea mugatu daiteke.
Honakoak izan daitezke modu errazean aplikatzeko moduko gomendio batzuk:
Mugikorrarekiko distantzia handitu. Entzungailuak erabiltzea mugikorra belarrian jartzea baino egokiagoa da. Mugikorra belarrian jartzen dugunean, mugikorrak duen antena belarrian jartzen dugu, burmuinari itsatsita.
Mugikorra burutik gero eta urrunago hobe. Erabili entzungailuak eta, bestela, deia finkatu arte ez hurbildu mugikorra belarrira, konektatzen ari denean igortzen baitu erradiazio gehien.
Mugikorra poltsikoan ez gorde. Mugikorra erabiltzen ari ez bagara ere, bere antenak igortzen eta jasotzen jarraitzen du. Ez da komeni gorputzari itsatsita eramatea. Ahal bada, poltsan edo motxilan gorde.
Mugikorraren eta antenaren arteko oztopoak saihestu. Deitzen dugun bakoitzean, mugikorra gertuen duen antenara konektatzen saiatzen da. Konektatzeko momentuan igortzen du erradiazio gehien eta gero eta oztopo gehiago bidean, gero eta potentzia gehiagorekin igorriko du. Alegia, eraikin baten barruan bagaude, mugikorrak hormak gainditu beharko ditu eta horretarako potentzia gehiagorekin igorriko du. Hurbildu leihora. Hitz egin leku irekietan eta, noski, estaldura nahikoa dagoen lekuetan. Estaldura gutxi duenean, mugikorrak potentzia gehiagorekin emititzen du.
Autoan ez hitz egin. Debekatua egoteaz gain, autoaren metalak erradiazioaren errebotea eragiten du eta horrek potentzia handitzen du.
Erabilera kontrolatu. Haur txikientzat are kaltegarriagoa da eta, beraz, erabiltzen ez badute, hobe. Dei motzak egin. Ahal denean, SMS edo mezu bidezko sistema erabili, erradiazioa minimoa baita.
Mugikor egokiak aukeratu. Mugikorrak erosterakoan erradiazioa begiratu. Gero eta mugikor potenteagoa, gero eta igorpen handiagoa. Ez erosi behar ez duen mugikorrik, deitzeko balio duena baina erradiazio gutxien igortzen duena baizik.
Labur bilduz
Ziur aski, osasun terminoetan, oraindik ez ditugu mugikorren benetako ondorioak errealitatean ezagutu. Hori urteen poderioz ikusi eta erakutsi ahal izango da. Baina emandako gomendioak ahal den neurrian betetzea hobe, badaezpada.
Termino ekonomikoetan, gastuaren kontrola egitea ezinbestekoa da, aurrez ordaintzen diren txartelak erabiliz edo gastuak eurekin konpartituz. Mugikorra eskuratzen duten unetik bertatik kontsumoa kontrolatzen irakastea oso garrantzitsua da. Mugikorra itzaltzen ere irakatsi behar zaie, ia denek, ez baitute inoiz itzaltzen, ezta lotarako ere. Are, ikerketen arabera, 14 urte betetzen dituztenean kontsumoa modu drastikoan igotzen omen da. Hortaz, ordurako erabilera eta kontsumo-ohiturak kontrolatuak izatea litzateke egokiena.
Termino soziologikoetan, mugikorrek gaztetxo eta nerabeen nortasunaren garapenean duten eragina neurtezina bezain larria bilakatzen ari da. Euren 'ni'-a berdinen taldean agertzeko elementu bat gehiago da mugikorra bera, bere kolorea eta modeloa, dituen prestazioak eta bertan instala daitekeen aplikazio kopurua. Mugikorrak sinbolo bilakatu dira eta eurekin identifikatuak sentitzea ezinbestekoa zaie. Eta erabilerari dagokionean, onartezina behar lukeena, onargarri zaie eta Internetera grabatutako bideoak igotzea, erakargarri. 'Ni han nengoen', lekuko bilakatzen dira. Eta horrekin nahikoa zaie, edota batzuetan hori bilatzen dute. Nire ustez, zalantzarik gabe, eremu honetan dagoen kontrol falta oso kezkagarria da. Kontsumoa neurtzean baino, erabilera egoki eta desegokien arteko muga non dagoen ondo argitu eta ulertarazten jarri beharko genituzke gure indarrak. Egon ziur, erabilera desegokia egiten duenak, printzipioz, kontsumo altuagoa izango duela beti.
Argazkiaren iturria
Eskerrik asko Iratxe!