Irene Txurruka/ Amatasuna
Irene Txurruka Urkidi nauzue (Ermua 1966), Aramaion bizi naiz 8 urteko semearekin batera eta une honetan, haur-hezkuntzako ikasketak bukatu berri ditudalarik, haurrekin lan egiteko aukeraren baten bila nabil.
Garai batean euskararen irakaskuntzari eta itzulpengitzari lotuta egon nintzen, baina semeak haurren mundura eraman ninduen. Bera jaio aurretik, hamaika lan egin behar izan nituen nire buruarekin, nire haurtzaroko minak sendatu eta harremanak hobetze aldera, eta horregatik, berez etorri zen Aiur jaio zenean Bilboko “Haurdun” taldekoekin harremanetan jartzea eta, gerora, hura Aramaioko waldorf eskolara eramatea. Azkenean, ni neu aritu nintzen eskola horretako irakasle, beharrezkoa zen formazioa jasotzearekin batera, eta orain haurrentzat antolatutako ekintzetan hartzen dut parte aldika: eskulanak, ipuin kontaketak, jaialdi bereziak... Horrekin batera, haurrentzako panpinak egiten dituen ama talde batean ari naiz, haurrei bestelako jostailuak eskaintzeko asmoarekin.
Azken urteetan emakumeok beste eredu batzuen bila ibili gara, duintasuna eta berdintasuna irabazi nahian, eta nire ustez, emakume eta ama izateari loturiko hainbat balore galdu eta desprestigiatu ditugu bidean. Horiexek berreskuratzeko premiak animatu nau atal honetan parte hartzera.