Hemen zaude: Hasiera Kolaborazioak Lehen hilabeteetan egiten diren loturen izaera eta horren arrazoiak
Dokumentu Akzioak

Lehen hilabeteetan egiten diren loturen izaera eta horren arrazoiak

Rafael Cristobal 2010/05/31

Rafael Cristobal doktoreak gaia jorratu du Arizmendi ikastolaren azken guraso mintegian. Defendatzen du lotura seguruan hazi den haurrak, esploratzeko garaia heltzen zaionean eta beldur-senak azaleratzen zaizkionean, maite dituen horiengana joko duela eta han aurkituko duela portu segurua.

Hebreeraz izan aditzak  “norekin izan” esan nahi du. Antropologia jakintsua hebrearra. Gaur eguneko zientziek esaten digute gizakiak gizaki direla besteekin harremanetan egonda ekologia-sistema batean. Gizakia, enbrioi denetik, sortua da beste gizakiekin hartu-emanean egoteko. Lehenengo ekologia-sistema gizakiarentzat haurra-ama-aita osatzen duen multzoa da. Zientifikoek diada deitu diote horri. Diadaren biltze-sistema hori eraikitzen da bi arrazoi nagusigatik: haurrak besteari lotzeko duen joeragatik -atxikitze jokaeragatik-, eta ama eta aitak haurra gorputzez zein sentimenduz besarkatzeko bultzadagatik. Atxikitzeko lotura da, ingelesez attachment.

Lokarri edo lotura hori bizitzaren lehenengo urtean eraikitzen da. Denbora horretan, umearen denboran eternitatea, diadaren baitan gertaera ugari jazotzen dira. Gorputz eta gogo bidezko elkarrizketak harmonikoak baldin badira, dena da edertasuna, argia eta kolorea. Elkarrizketa horiek desegokiak badira, dena da nahigabea, mina, mesfidantza eta iluntasuna. Hartu-emana harmonikoa denean, lokarri segurua sortzen da, elkarrenganako konfiantzazkoa. Aldiz, hartu-emana desegokia bada -zaintzaileek ez dietelako erantzun haurraren deiei-, lotura ez da segurua izango, mesfidantzazkoa izango da. 

Lotura seguruak ahalbideratuko du haurrak bere buruarengan konfiantza izatea eta bestearengan ere bai. Lotura ez denean segurua, ostera, bere buruarenganako mesfidantza nagusituko da eta besteenganakoa ere bai.  Harreman eredu horien eraginez haurrak beraren eta besteen gaineko irudipenak edo itxaropenak egingo ditu, eta bitartekotzarik ez badago behinik behin,  eredu horiek izango dira haurraren izaera eratuko dutenak bizitza osorako.  Pertsona mesfidatiak bere buruarengan ere ez du konfiantzarik izango.

Zientifikoek lotura ez seguruen artean hiru mota bereizi dituzte: saiheste-lotura, anbibalentea eta nahasia. Lotura ez seguruen sailkapen hori froga baten bidez egin daiteke haurraren lehenengo hamabi hilabeteetan. Bowlby-en dizipulu Mary Ainsworth-ek sortu zuen eta ezinbesteko tresna da loturaren ikerketa zientifikorako. 

Saiheste-loturarekin lotzen den pertsona, deika aritu zitzaienean erantzun ez zuten gurasoen seme-alaba da; edo erantzun bazuten ere, oso eredu zorrotzei jarraituz jokatuta egin zuten eta ez haurraren eskaera eta seinaleei jarraituz. Pertsona horrek ikasi du bere buruaz baino ezin dela fidatu, eta beharrizana duenean, ez du ezer eskatuko. Hamabi hilabete dituenerako haur hori desitsatsita egongo da, bereizia. Haur hezkuntzan ez du lotura afektiborik izango, lehentasuna emango dio oldarkortasunari adiskidetasunaren aurretik, baina era berean, aukera handiak izango ditu ona izateko eskolako lanetan.

Anbibalentea erantzunetan aldakor jokatzen duten gurasoen seme-alaba da. Umorearen arabera modu batean edo bestean erantzungo dute. Eginahalak eginez aldarte onean daudenean eta bertan ez baleude bezala lur jota daudenean.  Haurrak ezingo du inoiz aurreikusi gurasoen erantzuna, izan ere, oraindik ez da gai izango antzemateko aita-amen umore egoera. Erantzunaren ziurtasun ezak negarra areagotuko du, eta gainera, amorrua sentituko du erantzunda ez izateak eraginda. Haur Hezkuntzara iristen denean, gehiago egongo da zaintzailearen arreta erakartzeari begira, gainerako haurrekin libreki jolastera hurbiltzeari baino.

Nahasia sortzen da edo arazo neurobiologikoren bat izan duen haurrari horrek lotura segurua galarazi diolako edo bestela, senitartean kontrolaezineko eztanden ondoren, tratu txarrak jasan dituzten haurrak dira. Oro har, marjinazio munduari lotuta daude eta joeraz gaixo psikologiak dira haurtzaroan zein helduak direnean.

Lotura seguruan hazi den haurrak, esploratzeko garaia heltzen zaionean eta beldur-senak azaleratzen zaizkionean, maite dituen horiengana joko du eta han aurkituko du portu segurua, bata bestearenganako konfiantzazko lokarria lotuta baitute. Eta portu horretarako joko du esplorazio horretan oztopoak aurkitzen dituen guztietan edo pertsonen arteko harremanetan min hartzen duenetan. 

Loturaren izaerak erabat eragingo du garapen kognitiboan eta etorkizuneko harremanetan, maitasunezkoak, senitartekoak zein lagunartekoak izan.

Eskolak paper garrantzitsua joka dezake lotura seguruak indartzeko orduan: gurasoak prestatuz aita-ama izateko, arrisku aukeran egon daitezkeen familiak antzemanez eta sistema familiarrak seme-alaben arretan utzitako gabeziak betez.

 

Argazkiaren iturria.

interesgarria

Itsaso — 2010/06/01 21:04
Oso interesgarria iruditu zait artikulua. Batez ere atxikimendu moten inguruko azalpena.

zalantza bat

Eneko — 2010/06/03 16:53
Neuri zalantza bat sortzen zait artikuluaren inguruan. Batetik oso interesgarria iruditu zait loturen kontua, baina askotxo esatea ez al da lotura harmoniko eta konfidantzazkorik izan ez duen haurra mesfidatia izango dela bizi guztirako? Ezin du hau landu eta aldatu? ez al da toalla botatzea goizegi?

Eneko, zuri erantzunez

Rafael Cristobal — 2010/06/15 12:47
Eskerrik asko zure ekarpenagatik.

Zure zalantzari erantzunez, lehenengo eta behin, esan behar da baieztapen bat gogorra izan arren, benetakoa ere izan daitekeela. Mundua mesfidatiz beteta dago, bere buruarekiko eta besteekiko mesfidatiz; gizakiaren jokaera sarri askotan mesfidantzak baldintzatuta dago: bestearen erantzun positiboarekiko mesfidantzaz. Azken finean, gure gizartea, askotan, beldurrak eraginda bizi da. Hori esanda, zure galderei zehatzago erantzuteko hona hemen bi puntu:

- Bizitzako lehenengo hilabete eta urteetan garatzen den konfiantzak edo mesfidantzak joeraz bizitza osoan zehar iraun ohi du., eta ez bakarrik bizitza osoan, belaunaldiz belaunaldi ere transmititu ohi da. Zergatik? Ume batek besteekiko duen konfiantzak horiengan erantzun positiboa sortzen duelako. Haur ireki eta seguruak aldeko erantzunak esnarazten ditu bere hezitzaileengan eta inguruan. Erantzun hori da, hain zuzen ere, haurrak bazekarren jokabide-eredua indartzen duena. Aitzitik, haur mesfidatiak aldentzeko joera erakusten du eta argi ikusten ez dituen egoeren aurrean txarrena pentsatu ohi du eta oldarkor erantzun; eta horrek gaitzespena eragiten du.

- Baina beste gauza inportante bat ere esan behar da: jokaera-eredu mesfidati horiek alda daitezke hezitzaileak mesfidantza eta gaitzespenetik erantzun beharrean, ulertzetik eta haurrarenganako konfiantzatik egiten badu. Konfiantza eta mesfidantza eredu horiek oraindik aldakorrak dira bizitzaren laugarren edo bosgarren urtera arte. Porlana oraindik lehortu barik dago. Honetan eskolaren eta hezitzaileen papera oso garrantzitsua da: umearekiko gurasoen begirada oldarkor eta mesfidatia alda dezake, eta baita euren begirada ere, eta horrela haurrari lagundu konfiantzaren esperientziarantz. Horri pedagogia terapeutikoa deritzo. Heltzen garenean, zailagoa da aldatzea, baina oraindik ere posible da. Horretan laguntzen du psikoterapiak. Gizakia da izaki bakarra aldatzeko gai dena. Baina horretarako beharrezko izan ohi du, askotan, laguntza profesionala.

Eskerrik asko

Zilar — 2010/06/18 11:10
Asko gustatu zait artikulua, atxikipen-moten kontuak zer pentsatu handie eman dit. Eta erabat ados nago Enekoren erantzuneko azken paragrafoan diozunarekin, askotan beharrezkoa izaten da psikoterapeuta on baten laguntza txikitan gaizki ezarri ziren porlanezko oinarri sendo eta astun horiek apurtzeko eta birmoldatzeko.

eskerrik asko erantzuteagatik!

Eneko — 2010/07/07 17:52
aupa Rafael,

gustatu zait zure erantzuna eta bat egiten dut esaten dituzun gauza askorekin.

Eskerrik asko erantzuteagatik!


Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.