Loturaren izaera eta geroko izaera
Arizmendi ikastolako guraso mintegiko zuzendari Rafael Cristobalek lehenengo hilabeteetan umearen eta gurasoen artean eraikitzen diren loturen garrantziaz jardun du. Irailean abiaraziko dute bigarren mintegian antzerako gaiak jorratuko dituzte.
Aurreko artikuluan, Loturaren izaera eta horren arrazoiak, nioen haurraren gaineko gaur eguneko ikerketek lau lotura edo atxikimendu mota bereizten dituztela. Lotura mota horiek lerro jarraituaren muturrak adierazten dute. Sailkapen hori AEBetako unibertsitateetan egin diren ikerketei zor diegu, eta bereziki, Mary Ainsworth eta Mary Main-i.
Lotura mota horiek bizitzaren lehenengo hamabi hilabeteetan erabaki daitezke. Egoera arrotzaren testa deitutakoak ahalbideratzen du seme-alaba eta gurasoen arteko lotura enpirikoki aztertzea. Proba horretan esploratzen da zein den haurraren erreakzioa haren zaintzaile nagusiak testuinguru ezezagun batean uzten duenean, bera handik joanda, eta itzultzen denean.
Haurraren erantzun arrunta izan ohi da gogor egitea lotuta dagoen izaki horren abiatzearen kontra. Zientifikoek erreakzio horri “Protesta fasea” deitu diote. Haurrak lehenengo hilabete horietan gurasoenganako garatu duen konfiantzaren arabera, erantzuna bata ala bestea izango da. Konfiantza horri Bowlby-k “Oinarrizko konfiantza” deitu dio. Bestearenganako konfiantza da eta bestearentzako norbera zein inportantea den erakusten duen konfiantza.
Lau lotura mota
1. Lotura seguruko haurrarengan erantzuna oso bizia da, baina proba pasatu eta bi minututara ama itzultzen denean, umea lasaitu egiten da eta aldez aurretik zebilen jolasean murgiltzen da berriro. Banaketak mina eragin dio, hala ere ziur zegoen ama itzuliko zela.
2. Lotura ez segurua eta saihestekoa duen haurrarengan -hots, aldez aurreko hilabeteetan deitu zuenean, erantzunik jaso ez zuen haurrarengan- ez da protesta erantzunik ikusten. Badirudi ez diola axola amaren abiatzeak. Lehenago hainbestetan deitu zuen eta ez zuen erantzunik izan, non haurrak baliabide propioekin moldatzen ikasi duen. Amak haurra bertan uztean, hark jolasean jarraitzen du. Itzultzen denean, ez dio jaramonik egiten edo are gehiago, berarengandik ihes egiten du. Hasieran pentsatu zen haurrik helduenak zirela haiek. Segituan ikusi zen, baina, axolagabetasuna itxurazkoa baino ez zela. Horrelako haurren bihotz taupadak oso azkar ohi dabiltza eta estresaren seinale neurofisiologikoak oso altu egon ohi dira, tarteka jolasean kolpe zakarrak ematen dituztelarik. Banaketagatik sufritzen dute, baina ez dira gai sufrimendu hori azaleratzeko.
3. Lotura ez segurua eta anbibalentea eratu duen haurrarentzat banaketa drama bat da. Hain drama handia, non banaketa-denbora laburtu egin behar izaten den. Atxikimendu loturako laguna iristen denean, eten ezineko negarraz jarraitzen du, etorri berria kolpatzen duen bitartean. Horregatik deitu zaio anbibalentea: maitasuna adierazten du, baina aldi berean, amorrua. Gurasoak ez ziren konstanteak izan erantzunean eta haurrak ez daki seguru ama itzuliko den.
Esploratzeko sena
Hilabete batzuk geroago, esploratzeko sena eta beste umeekin harremanak izateko garaia heltzen denean, lotura segurua duen haurra esploratzaile ausarta izango da eta jolas-lagun baketsua eta soziala. Izan ere, seguru egongo da, jolasetan zerbait gertatuz gero, portu segurua izango duela bertara jotzeko. Haur segurua da. Gerora, lankidetzarako eta parte hartzeko prest dagoen norbanakoa izango da. Lotura segurua duten umeak guraso sentikorrak dituzte eta erantzunetan egoki asmatzen dutenak.
Lotura ez segurua eta saihestekoa duen haurra -esperimentazio gelara sartzean amarekin ahaztuta arin-arin jostailuetara joan zen hura, eta amak gela uztean itxuraz axolarik agertu ez zuena- esploratzaile bizia izango da, baina zailtasuna sortzerakoan, ez du izango fidatzen den norengana jo. Lehenago edo beranduago porrot erreakzioak izango ditu, inpotentzian eta depresioan hondoratuz. Adiskide gisa zapaltzailea izango da, edo bestela zapaldu erasotzailea, eta ez ditu izango kontuan bestearen sentimenduak. Hotza izango da maitasun harremanean zein sozialetan. Saihestera jotzen duten haur horien gurasoak pertsona hotzak dira, haurrarekiko gutxiesteren bat sentitzen dutenak edo bestela seme-alabarekin haren jarraibideei erreparatu barik, gidaliburuaren jarraibideak zehatz-mehatz jarraitzen dutenak.
Anbibalenteak lagunekin jolasten hasteko baino gehiago begira daude ea gurasoek eurak zaintzen dituzten. Esploratzaile txarrak dira, eta horregatik, besteak baino garapen intelektual baxuagokoak. Bestearen oldarkortasunaren aurrean zaintzailearen gonapean gehien babesten direnak dira. Maitasun harremanetan eta sozialetan posesiboak eta jeloskorrak izan ohi dira. Anbibalenteen familiak egonkortasun handi bakoak dira, umoreari eta arretari dagokionez aldakorrak: egun batzuetan maitasunean urtzen dira eta hurrengoetan ez diete jaramonik egiten haurraren eskaerei.
Kasu larriagoak
Ordena bakoei buruz ez dugu hitz egin. Egoera arrotzaren testean, batez ere, ama edo aitarekin berriz elkartzeko momentuan, portaera bitxiak azaltzen dituzte. Etorkizunean gaixotasun psikiatrikoren bat pairatzeko arriskutan dauden pertsonak dira. Lotura mota honen jatorrian anomalia neurobiologikoren bat dago, edo bestela, tratu txarrak. Desegituratutako ingurune edo familiatan hazitakoak dira eta bertan indarkeria nagusitzen da.
lotura eta izaera
oso interesgarria iruditu zait artikulua, baina bi zalantza sortu zaizkit.
1. Enpirikoki demostratuta dago lotura moten eta artikuluan horietako bakoitzari atxikitzen zaion izaera ezaugarrien arteko lotura? Esaterako, lotura ez seguruko umeak zapaltzaileak eta erasotzaileak izango direla?
2. Urtebeteko umeak dut. Haurreskolan uzten dudanean pozik uzten dudala iruditzen zait; ez du ni agurtzeko denborarik ere hartzen. Eta itzultzen naizenean ikaragarrizko ongi-etorri festa egiten dit. Loturen klasifikazio horretan, gu non gaude?
Zalantzak argituz, Larraitz
Bigarren zalantzaren inguruan, deskribatzen dituzun bi egoera horiek, biak batera hartuta, erakusten dute zuen haurrak zuekin zein Haur Eskolako zaintzaileekin konfiantzazko lotura lortu duela.
LOTURA MOTA
Mila esker aldez aurretik
Zalantza argituz, Oihana
Merezi du horrek azalpena. Sei urteko zure semeak adin horri ez dagokion beldur bat dauka. Baina eduki dauka beldur hori. Eta hori da inportanteena, horretatik abiatu behar dugu. Zu desagertuko zaren beldur da begien bistatik galtzen bazaitu. Orain, gainera, arazoa handitu egin daiteke, ikastolara joateko garaia helduta, zugandik apartatu beharko du eta. Arazoak, bada, premiazko irtenbidea eskatzen du.
Beldurrak seguritatea ematen dion pertsonari lotzea eragiten du, eta hori zeu zara. Eskakizun horri ez erantzutea beldurra handitu baino ez du egiten. Horra iritsita, eta beharbada ez dago urrin, kalteren bat sor daiteke, garrantzitsua izan daitekeen kaltea.
Sei urterekin fenomeno hori sortu izana zerbaiten sintoma da. Arazoari irtenbidea jartzeko, aztertu egin behar da zein mailatara iristen den beldur hori eta zeintzuk izan daitezkeen hori sorrarazi duten arrazoiak.
Merezi du berriro esatea: ez da tontakeria bat eta oso ondo egin duzu kontsultatzen. Garai baten garrantzirik ematen ez bazitzaion ere, ez hori bakarrik gaitzetsi edo barregarritzat jotzen bazen ere, horrelako arazoek ondorioak eragin dituzte epe motzera zein luzera. Arazo horren azterketak laguntza profesionala behar du. Denbora aurreztuko duzue haurren gaietan aditua den norbaitekin kontsultatuz gero, eta era horretan irtenbide errazak saihestuko dituzue, esaterako, botikaren bat. Seinale bat da eta bakarrik profesional on batek neur dezake noraino iristen den, zuek beldurtu barik baina baita dagokion garrantzia emanda.
LOTURA MOTA
Laguntza aurkitze horretan, nora jo? duela gutxi entzun det Durango aldean badagoela Psicomotrizitatearekin terapia egiten duen zentru bat. Ezagutzen al dezu? Nik psikomotrizidadeari buruz ezer gutxi badakit, eta baita zentru batzutan ze erabilera egiten duten (terapia antzera, beldurrak ateratzeko adibidez), Antzuola Herri Eskolan esaterako. Eskertuko nizuke horri buruz ezer jakingo bazenu informatuko bazenit edo eta beste nolako gomendioren bat.
Mila-mila esker.