Hemen zaude: Hasiera Kolaborazioak Koldo Gilsanz/ Psikologia
Dokumentu Akzioak

Koldo Gilsanz/ Psikologia

 

Kaixo!

 

Koldo Gilsanz Bravo nauzue. Amurrion jaio nintzen 1983. urtean, eta bizitzarekiko jakinminak psikologia ikastera eraman ninduen. Zientzia horren ezagutzetan sakontzeak gauza batzuk hobeto ulertzen lagundu bazidan ere, ezagutza hori egunerokotasunean ez zitzaidan oso erabilgarria suertatu. Orduan, Gestalt Terapia ezagutu eta horretan formatu nintzen, ordura arte gorpuztutako ezagutza psikologiko asko neure buruan bizitzen eta ulertzen hasi nintzelarik.

 

    Psikologia amaitzen ari nintzela aukera izan nuen EHU-n kolaborazio beka bat eskuratu eta Haur Hezkuntzan adimen emozionala jolas kooperatiboen bidez lantzeko ikerketa batetan parte hartzeko. Ikerketa lanaren alderdi interesgarriak eta ez hain interesgarriak ezagutu nituen, eta aplikatuagoa zelakoan, hezkuntzan lan egitea pentsatu nuen. Ildo horretatik Gipuzkoako herri bateko institutuko Orientazio Departamentuan egin nituen praktikak, eta hauek amaitu eta gero psikopedagogia ikasten hasi nintzen.

 

    Baina ikasketa hauek ez nituen bukatu, izan ere 2007ko amaieran Sopelako profesional talde bat ezagutu eta haiekin lan egiten hasteko aukera paregabea eskaini zidaten. Sorkari, S.L. da enpresaren izena eta gaur egun profil eta adin ezberdineko bost kide gara. Bertan, alde batetik prestakuntza zerbitzuak eskaintzen ditugu kolektibo ezberdinentzat (irakasleak, gurasoak, osasun zerbitzuetako langileak…) eta bestalde pertsona zein familientzako arreta psikologikoa ere egiten dugu. Lan interesgarri eta kitzikagarri honek bizitzarekiko jakinmina are piztuago mantentzen dit.

 

    Psikologiaz gain, mendiak nahiz naturaz gozatzeko kirolak ditut zaletasun gisa, eta guraso.com web gunean kolaboratzeko abenturak ilusio handia egiten dit. Hausnarketak eta adibideak konpartitzeak gure ongizaterako bidean lagunduko digulakoan agurtzen naiz.

 

Laisterarte,

Koldo.