Kontsumitzaileek produktuak itzuli edo aldatzeko duten eskubidea
Askotan, zer oparitu ez dakigunean edo zalantzan gaudenean, produktu konkretu baten aldeko apustua egin ohi dugu, ondoren aldatzeko aukera egongo denaren ziurtasunarekin.
Egun seinalatuak izan ohi dira gabonak, kontsumoaren ikuspuntutik besteak beste. Askotan, zer oparitu ez dakigunean edo zalantzan gaudenean, produktu konkretu baten aldeko apustua egin ohi dugu, ondoren aldatzeko aukera egongo denaren ziurtasunarekin. Legeak baina, gehiengoak uste duenaren kontrara, bestelakoa dio. Ondorioz, komertzio bakoitzak arlo honetan duen politikaren inguruan informatzea komeni da ondoren arazorik izan ez dezagun.
Printzipioz, produktu orok bi urtetako garantia dauka, nahiz eta kasu batzutan urtebetekoa ere izan daitekeen. Halere, kontuan izan behar da eroslearen aldeko presuntzioa 6 hilabetetakoa dela. Hau da, produktu bat erosi eta aurreneko 6 hilabeteetan akatsen bat ageri bada, akats hori produktua erosi zen unean jada bazegoela ulertuko da, eta beraz saltzaileak erantzukizuna izango du berau konpontzeko, eta konponketa ezinezkoa gertatzen den kasuetan, berri bategatik aldatzeko. Arau horrek baina, badu salbuespen bat: presuntzio hori produktuaren izaerarekin bat ez datorrenean, ezingo da saltzailearen erantzukizunik eskatu (adibidez, arropari buruz ari garenean, berau erosi eta 5 hilabete beranguago zaila izango da akats bat erreklamatzea, erabileraren ondoriozkoa izan dela ulertuko baita kasurik gehienetan).
Beraz, erositako produktuan akatsen bat ageri bada, garantiak dirauen bitartean saltzailearen erantzukizuna eskatu ahal izango dugu, eta honek produktua jaso eta konpontzeko obligazioa izango du. Konponketa ezinezkoa bada, orduan exijitu ahal izango dugu berri baten entrega.
Bestelakoa gertatzen da aldiz akatsik ez duten produktuekin. Printzipioz, erosketa egiten den momentuan perfekzionatzen da salerosketa kontratua, eta beraz saltzaileak ez du zertan itzulketarik onartu. Legez ez dago behartuta. Komertzio batzutan, itzulitako produktuen ordez “bale” bat emateko politika dute, itzulitako produktuaren balioarekin. Legez itzulketa onartzeko obligaziorik ez dagoenez, balea onartu beste aukerarik ez dugu, ez baitaukagu legez diruaren itzulketa eskatzeko eskubiderik. Kontuz ibili beharko dugu beraz neurria, kolorea edo bestelako gusto kontuak direla eta aldatu nahi ditugun produktuekin. Komertzio askok itzulketak onartzen dituzte, baina argi izan behar dugu legeak derrigortu gabe ematen diguten aukera bat dela.
Atzera egite edo uko egite eskubide bat ere erregulatzen da Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak babesteko legean, baina espreski zehaztutako kasuetan besterik ez dugu izango eskubide hori. Kasu horietan, gutxienez astebeteko epea egongo da atzera egiteko nahi hori saltzaileari jakinarazteko. Espreski eskubide hori aitortzen zaien salerosketa motak dira, distantziara burututakoak (telefonoz, internetez, etab.) eta merkataritza establezimendutik kanpora burututakoak (etxez-etxekoak, etab.). Kasu horietan, ulertzen da kontsumitzaileak ez duela bere esku izan informazio osoa edota burututako salerosketan alderdi ahula izan dela, beraz atzera egiteko eskubidea aitortzen zaio.
Gaur egun, gero eta erosketa gehiago burutzen dira internet bitartez. Argi izan behar dugu, kasu horietan erosketan atzera egiteko eskubidea daukagula, baina badaezpada ere komeni da jakitea norekin ari garen hartu-emanetan. Hau da, saltzailea ongi identifikatua izatea komeni da, eta beraz, edozein ordainketa egin aurretik (eta batez ere bankuko datuak eman aurretik), baldintza orokorrak eta saltzailearen datuak ongi irakurtzea komeni da.
Dendetan egiten ditugun erosketei dagokienez berriz, ondoren aldatzeko aukera aurrikusten badugu, aldez aurretik itzulketen inguruan zein politika jarraitzen duten galdetzea komeni da (batzutan dendan bertan kartelen bitartez adierazten dute, baina ez beti). Hau da, ia itzulketarik onartzen duten eta zein epe aitortzen duten horretarako.
Eskerrik asko!