Hemen zaude: Hasiera Kolaborazioak Gure haurrei helarazten dizkiegun ahozko mezuak esanahiz janzten
Dokumentu Akzioak

Gure haurrei helarazten dizkiegun ahozko mezuak esanahiz janzten

Nerea Agirre 2012/01/23

Zenbatetan hutsik daude gure hitzak. Haurrei, jostailu berriei eta batez ere gurasoei begira aritu naiz, aurreko artikuluetan zuei eta nire buruari oparitutako betaurreko more eta belarri berdeak jantzirik. Oraingo honetan ordea, begi eta belarriak nahikoa ez, eta nire arreta gurasoen ahoetara eta bertatik ateratzen ziren mezuetara (des)bideratu dut.

Zenbatetan hutsik daude gure hitzak.

Urtarrileko malda luzea eta gogorra egiten ari zait, ez dakit zuei… Oraindik Gabon eta oporraldiek sortzen duten mozkorraldiaren ajeaz nago ni.

Gabonak aipatu ditudala… egun horietan etxeko txikienak ere, helduok bezala, mozkorturik ikusi eta sumatu nituen, opariak handik eta opariak hemendik. Mozkorraldi eta mozkorraldi.
Bazkari oparoen ostean mahai-inguru amaigabeak, eta gure etxeko txikienak alfonbra gainean, lurrean jostailu berriekin jolasean. Postal edo irudi hau ezaguna egingo zaizue askori.

Aurtengoan horrelako “esezena” batzuen aurrean, haurrei, jostailu berriei eta batez ere gurasoei begira aritu naiz, aurreko artikuluetan zuei eta nire buruari oparitutako betaurreko more eta belarri berdeak jantzirik. Oraingo honetan ordea, begi eta belarriak nahikoa ez, eta nire arreta gurasoen ahoetara eta bertatik ateratzen ziren mezuetara (des)bideratu  dut.


-    Aittatxo, aittatxo, beittu zelako marrazki politta inddoten!
-    A baiii, oso polittaaa!!!
-    Ala, jarraittu marrazkixak itten…

-    Amatxo, amatxo, beittu patinete berrixakin zer itten doten!
-    A baiii, oso ondo ume, oso ondo!


Hasiera batean, nire belarriak horrelako laudorio eta goraipamenak entzunda pozez saltoka irudikatu nituen, margo berriekin aritu edo patinetean jira eta buelta aritzeko gogoz hauek ere. Baina hausnarketarako tartetxo bat hartu ostean, saltoak amaitu eta zera pentsatzen hasi nintzen: haurrek gurasoen onarpen eta errekonozimenduaren beharra izaten dute; baina aurrerapen, urrats eta lorpen hauek modu kontzientean goraipatzen al ditugu? “Oso polita!” eta “Oso ondo!” ez al ditugu gehiegitxo erabiltzen?

Eta honatx gaur zuekin konpartitu nahi dudan kezka: Zenbatetan gure hitzak ez al dira hutsik gelditzen?
Egin dutena egitea edo lortzea haurrarentzat zein zaila izan den ia baloratu gabe, nahiko modu inkontzientean ateratzen zaizkigun ohiko esamolde horiek erabiltzeak epe motzera funtziona dezakeen arren,  guk beste erantzukizun bat dugula uste dut. Izan ere, kontu guzti hauek haurren dependentzia emozionalaz, autonomiaz, auto-kontzeptuaz eta beraien buruekiko segurtasun eta konfiantzaz lotuta dago.
Nahiko ohikoa izaten da haurrei galdera bat luzatu eta erantzuna zalantzati ematea, gure aurpegiei so, gure onarpenaren zain.  “Ama,  ondo egin dut???” baino, “ama, lortu dut!!! Egin dut!!!” entzutea nahiago izan beharko genuke. Lortzeak ematen duen plazera gurekin konpartitzea, haurra gure balorazio edo epaiaren zain gelditzea baino nahiago izan beharko genuke.

Horrelako egoerak normaltasunaren parametroetatik irakurri eta ulertu behar ditugun arren, beraien auto-kontzeptu positiboa, konfiantza edo irizpide propioak lantzeko egoerak aprobetxatu behar ditugula uste dut. Badaude zenbat egoera hau lantzen hasteko primerakoak direnak:  jostailu berriekin aritzen direnean, talde jolasean dabiltzanean, marrazkiak edo bestelako eskulanak egiten dituztenean eta jarduera fisiko bat burutzen dutenean esaterako.

Gure interesa eta errekonozimendua agertzeaz gain, haurrak konfiantzaz aritzera (gaizki egin arren berriro errepikatzera, aurretik egindakoa hobetzera..), eta beraien jakin mina piztera (gauza berriak probatzera..) animatu behar ditugu. Nola, baina?


-    Kasu guztietan ez dago zertan ahozko mezua helarazi beharrik, gogoratu ahozkoa ez den hizkuntzaren garrantzia (keinuak, begiradak…).
-    Ahozko mezuak oso zehatzak izan behar dira, beraiek ulertzeko modukoak.
-    Adibidez, ikusitakoa deskriba dezakegu: “Zuk bakarrik jantzi dituzu zapatak” edo “Egin duzu!”. Honekin ere,  haurrari egindako lorpentxoaz konturatu zarela adierazten diozu eta honek, haurrari berari ere egin duenaz harro sentitzea ahalbideratzen dio.
-    Marrazki baten aurrean esaterako,  deskribapen landuagoa egiteak merezi du. Zuk behatu duzun horren gaineko apunte batzuk egin diezaiokezu, eta ez balorazio edo epai bat eman. Adibidez: “Mendia erraldoia da!”, “Gaur kolore morea asko erabili duzu ezta? Etxearen teilatua margotzeko, mutilaren frakak eta lorea”.
-    Goxokiro, edo modu eskuzabalean jokatu badu haurrak egin badu, honek beste pertsonarengan izan duen eragina azpimarra diezaiokegu:  “Begiratu Mirenen aurpegia. Zuk ogitartekoa berarekin banatu duzulako poz-pozik dagoela dirudi” (Askotan, goraipatzean, gu gurasook, haurrak egin duen zerbaitengatik nola sentitzen garen azpimarratzen dugu. Eta hau ezberdina da).
-    Deskribapenez gain, galderak formulatzea ere oso interesgarria da (Sokrates-etik hasi eta Freire-tik pasata, ni neu ere galderen pedagogiak eskaintzen dituen aukeren zale naiz). Zergatik azpimarratu hainbeste guri marrazkiaren zein zati gustatu zaigun haurrari berari egin duen horretatik zer gustatu zaion galdetu badiezaiokegu?. Adibidez: “Nola egin duzu marra hau hain zuzena eta perfektua izateko? Zuhaitzaren zein atal izan da zailena marrazten?”. Ziurrenik galdera hauek lagungarriagoak zaizkigu eta zaizkio haurrari marraztearekiko interesa izan edo mantendu dezan.  Horrelako egoera batean, “Oso ondo!-k” batzuetan kontrako efektua sor dezake: hau da, haurra beste ekintza batera pasatzea, beste horrekin ere “sari” berdina lortzeko.

Amaitzeko, zera azpimarratu gurako nuke: haurrek beraien lorpenez disfrutatzea merezi dutela!! Eta gurasook ere harro egotea eta honekin disfrutatzea edo plazera sentitzea merezi dugula!!


Gaurkoan, bide berri bati ekiteko pista txikiak besterik ez dizkizuet eskaini, gure hitzak hutsik geldi ez daitezen. Nire ahalegina hauxe izan da. Orain zuei dagokizue! Bidea egitea da zailena, baina esaerak dioen bezala ...
Egiten ez dakiguna egitea,
posible da,
ekinez,
ibilian
...


Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.