Gurasoak eskola kirolean
Gurasoek lan handia egiten dute eskola kirolean, baina batzuetan gogorregi hartzen dituzte umeak, eta zenbaitetan euren jarrera ere ez da eredugarri umeendako. Lan zail hori hobetzen lagunduko duen dekalogoa ekarri dugu gogora.
Laster batean emango zaio hasiera eskola kiroleko plangintzari:
- Plangintza honen baitan, larunbatetan, partidak izaten dituzte, hala nola, futbola, saskibaloia, eskubaloia, pilota,...
- Herri bakoitzak bere joko sistema du, batzuk urte guztia kirol berdina lantzen pasatzen dute, beste batzuk “multikiroleruntz” jotzen dute, ausarten batzuk jolas kooperatibotan barneratzen dira konpetibitatea alderatu nahian,...
- Antolaketan ere nabarmenak dira aldeak; herri batzuetan ikastetxeka hartzen dute parte, bakoitzak bere ikastetxeko kamiseta txukun eta guzti, beste batzuk ikastexeak nahastuz osatzen dituzte taldeak eta beraien artean lehiatzen dira, zein eskolatakoak diren kontutan izan gabe.
- Badaude eredu batzuk sexuka parte hartzen dutenak eta noski, eredu mixtoak ere bai, mutil zein neska nahasturik jokatzen dutenekoak.
Guzti hauetatik zein eredu egokitu zaizu zuri edo hobeto esanda, zure seme-alabei? Dagokizuna dagokizula, oso zaila da eredu hauek aldatzea, urteak daramatzate era batera funtzionatzen eta oso lan astuna da guzti horri “buelta” ematea.
Gurasoak vs entrenatzaileak
Eredu hauek baina, badituzte amankomunak diren faktore batzuk; haurrak eta GURASOAK, azken horiek aipatu nahi genituzke gaur. Gurasoak edo beraiek errepresentatzen duten “entea”: ENTRENATZAILEAK.
Badakigu orokortzeak akatsera garamatzala, baina argi dagoena da guraso-entrenatzaile hauek orokorrean antzerako jarrera izaten dutela, Lanestosan hasi eta Baionaraino. Askotan garrasika ikusten ditugu, haurrei jokaldiak “telebisatzen”, zerbait gaizki egiten dutenean; animatu beharrean, errieta eginez, alboko marran alde batera eta bestera joan etorri azkarrak egiten, jasotako gol guztietan zerura begiratzen eskuak zabalik, sartutako gol bakoitza poz handiz ospatzen eta okerrena, epaileak hartzen dituen erabaki “okerrrak” zuzentzen une oro!!!
Ez gara konturatzen, eskola kirola, haurrak gozatzeko sortua dagoela eta ez begira ari diren gurasoak asetzeko. Eskolako kirolariek ez dute jokatzen ikusleak entretenitzeko, ez eta irabazle geratzeko. Jokatu baino, jolastu egiten dira: dibertitzeko eta kirolaren bidez ere PERTSONA GISA hezten jarraitzeko.
Guzti honen laburpen gisa, nolabaiteko dekalogo bat eskaini nahi dizuegu, aurretik ere publikatuta dagoena eta agian askok dagoeneko ikusi duzuen baera. Lan zail honetan hobetu ahal izateko gogorarazi gura ditugu hamar puntu hauek:
- EZ EGIN ERRIETAN HUTS EGIN DUELAKO. Ikasten ari dira! Izatekotan,gauza positiboak esan, animatu. Horrela bai motibatuko direla!
- EZ SAIATU “ TELEGIDATZEN”.Utzi erabakiak hartzen. Kirolaz (teknikaz,taktikaz,..) asko badakizu ere, ez ibili denbora guztian zer egin behar duten esaten.
- ARAUAK BETEZ jolastera bultzatu beti.
- EPAILEAREN LANARI GARRANTZIA EMAN. Eta ez jendeaurrean jardun haien kontra. Kontuan izan gehienak beren ahalegin zintzoena egiten ari diren arren beti ezingo dutela asmatu.
- ALDAKETAK GUZTIOK PAREKATSU SAMAR JOLAS DEZATEN ERABILI. Eta ez begiratu bakarrik azken emaitzari eta trebeenak denbora gehiago jolasten jarri beti. Denek dute disfrutatzeko eskubidea.
- TXALOTU JOKALDI ON GUZTIAK. Guztiak, egilea zure ekipokoa edo kontrakoa den erreparatu gabe. Eredugarria da haurrentzat.
- ERAKUTSI ESFORTZU ZINTZOA GARAIPENA BEZAIN GARRANTZITSUA DELA. Horrela, jokoaren emaitza errezago onartuko du.
- BALORATU SAIAKERA ETA AHALEGINA AZKEN EMAITZA BAINO GEHIAGO. Partida amaitu denean, baloratu benetan garrantzitsua dena: hobekuntza pertsonala eta kolektiboa. Honek lagunduko dio haurrari bere trebetasunean helburu errealistak finkatzen, eta garaipena lortze soila erlatibizatzen
- KRITIKA ONGI BIDERATU. Jokabide okerrak kritikatu egin behar dira zuzendu ahal izateko, baina behar den lekuetan planteatu behar dira ( aktaren oharren atala bete, ikastetxeko kirol koordinatzaileari aipatu, batzordean,…).
- HAURRAK DIRA PROTAGONISTA. Estimatu egiten duten lana. Ez zaitez euren gainetik nabarmendu, ez dominarik jarri zure lanagatik,...
Baloreak lantzen dituen kirol eredu bat nahi dugu,
kirolak ere hezi egiten duela uste dugulako
Asko gustatu zait
MwXSPLFiqtGARPl
tDbTtomAZaWf
buoaJhspHXxdWn