Hemen zaude: Hasiera Kolaborazioak Familia elkargunea
Dokumentu Akzioak

Familia elkargunea

Onintze Guridi 2011/10/13

Gurasoen banatzeak suposatzen duen famili dinamikaren berregituratzea ez da erraza, eta ohikoa da zailtasunak agertzea. Bizimodu berrira egokitze horretan, seme-alabak babestu behar dira.

Egoera zailtzen den kasuetan, elkarren presentzia fisikoa ezinezko bihurtzeraino adibidez, haur eta nerabeek biekin erlazionatzeko duten eskubidea bermatzeko sortu ziren familia elkarguneak. 
 
Familia ereduen aniztasuna gero eta nabariagoa da gure gizartean. Eredu ezberdinak ugarituz joan diren heinean, normaltasunez hartzen ditugu. Gaur egun, haurrei ez zaie arraroa egiten beraien zein lagunen gurasoak bananduta egotea edota bikote berriak izatea. Tamalez, gurasoen jarrera izaten da askotan normaltasun hori puskatzen duena. Ondorioz, gurasoek seme-alabekin egoteko duten eskubidea bermatzeaz gain, adin txikiko horiek beraien familia osoarekin harremanak izateko duten eskubideari ere erreparatu behar diogu. 

Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko 1989ko azaroaren 20ko Konbentzioak, beren aita eta/edo amarengandik bereizita bizi diren haurrek eta nerabeek biekin erregularki harreman pertsonalak eta harreman zuzena izateko duten eskubidea aitortzen du, harreman horiek adingabekoaren interes gorenaren aurkakoak ez badira behintzat. Espainiar Kode Zibilak ere eskubide bera aitortzen die.

Banaketa edo dibortzio prozedura bat epaitegietara heltzen denean, bi gurasoek elkar ulertu ezin dutelako izaten da. Kasu askotan egoera gehiegi korapilatzen da, eta nahi gabe (edo ez), seme-alabak kokatzen dira liskarren erdi-erdian. Egunerokotasunean gurasoetako batekin elkar bizitzea egokitzen zaie, eta bestearekin erlazionatzeko bisita erregimen bat ezarri ohi da. Baina ohikoak dira bisita erregimenak ez errespetatzearen ondoriozko prozedura judizialak. Adin txikikoak, gurasoetako batekin normaltasunez egoteko ezintasunean aurkitzen dira, eta egoera hauek nabarmenki kaltetzen dute beraien garapen psikiko, afektibo eta emozionala.

Bisita erregimenak ez errespetatzea, seme-alaben manipulazioa, hauek presio edo xantaia gisa erabiltzea… oso zabalduta dauden errealitateak dira tamalez. 

Gurasoek seme-alabekin egoteko duten eskubidea sarritan jorratzen den gaia da, zaintza partekatuaren aldarrikapena kasu. Baina seme-alabak dira eskubidea dutenak beraien familia osoarekin erlazionatzeko. Bikotearen hausturak ez ditu gurasoak seme-alabekiko erantzukizunetatik salbuesten, eta hauen interesek lehentasuna dute beste interes ezberdin guztien gainetik.  

Gurasoen arteko harremana erabat hondatua dagoenean eta presentzia fisikoa ezinezkoa denean baten zein bien partetik, seme-alabek biekin egoteko duten eskubidea bermatzeko aukera gisa sortu dira familia elkarguneak. 
Adin txikikoen eskubide hori urratua suertatzen deneko kasuistika oso zabala da: 


-         Bisita erregimenekin arazoak.
-         Bi familien arteko ezin-ikusiak.
-         Tratu txarrak direla eta ezarritako urruntze aginduak.
-         Guraso bat kartzelan dagoelarik, honen familiako aitona-amona eta osaba-izebekin egoteko zailtasunak.
-         Zaintza ez duen gurasoak haurrekin elkartzeko gune egokirik ez duenean.
-         …

Egoera desatseginak dira familiako kide guztientzat, baina batez ere haurrentzat, eta laguntza behar izaten da.
Familia elkarguneak toki neutral eta egokiak dira, zeinetan familiako kide ezberdinen bategitea posible egiten den arlo ezberdinetako profesionalen laguntza eta gidaritzapean, familiako arazoen ondoriozko tentsio eta konfrontazio guneetatik at. Alde batetik guraso eta seme-alaben arteko harremana errazten da, eta bestetik adin txikikoen ongizatea eta segurtasuna bermatzen dira. Hau da, nolabaiteko krisi-egoeran dagoen, edo gizarte zein hezkuntza arloko laguntza behar duen familiako kideen topagunea da. Aldi berean, gurasoek elkar topo ez egiteko bermeak ere ezartzen dira behar izanez gero (urruntze aginduak kasu). Zerbitzu hau beraz, kasuistika anitzetarako erabiltzen da: bisita erregimenekin arazoak, zaintza ez duen gurasoak haurrekin elkartzeko gune egokirik ez duenean,  tratu txarren suposatuak, etab…

Momentu honetan elkargune hauek Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen menpe aurkitzen badira ere, 2012. urtetik aurrera Justizia Sailaren esku geldituko dira. Izan ere, prozedura judizialetatik bideratzen dira familiak elkargune hauetara.

Zerbitzu publiko hau EAE-ko 3 hiriburuetan aurkitzen da, eta Bizkaiko kasuan, Bilbokoaz gain Portugaleten ere badago beste bat. Eusko Jaurlaritzako datu ofizialen arabera, 2010. urtean 584 familia ezberdinetako 750 adin txikiko baliatu ziren zerbitzu honetaz beraien familiarekin harremantzeko.  

EAEn, 2008ko dekretu batek arautzen ditu gune hauek:
http://www.euskadi.net/bopv2/datos/2008/08/0804661a.pdf


Nork eskatzen du familia elkarguneen parte hartzea?

Eneko — 2011/10/13 10:48
Aupa Onintze,

beste behin eskerrik asko zure artikuluagatik, ez bainuen zerbitzua ezagutzen.

Zalantza bat geratu zait soilik, nork erabakitzen du bikotea (bikote ohia hobe esanda) familia elkargunera bideratzea? Noren ekimenez hartzen da erabakia eta nork?

Epaileak? Familiako kideren baten abokatuak? Haurrak eska dezake ordezkari legalen baten bidez?

Eskertuko nizuke zalantza hau argituko bazenit, eskerrik asko!


Familiak elkargune hauetara bideratzea

Onintze — 2011/10/13 18:21
Aupa Eneko,

Agian ez dut hori ongi zehaztu, beraz eskertzen dizut zure zalantza plazaratzea. Saiatuko naiz argitzen:

Datorren urtetik aurrera zerbitzu publiko hau Justizia Sailaren menpe gelditzeko Eusko Jaurlaritzak eman duen argudioa, familiak gune hauetara prozedura judizialetatik bideratzen direla izan da hain zuzen.

Hau da, banaketa edo dibortzio prozedura batean bisita erregimen bat ezartzerakoan, epaileak ikusten badu ez dagoela eremu egokirik edo segurtasun nahikorik bisita horiek gauzatzeko, familia elkarguneetan egingo direla erabaki dezake. Kasu horietan, zaintza duen gurasoari eskatzen zaio haurrak ordu konkretu batean gune horretan utzi eta beranduago jasotzea, eta tarte horretan beste gurasoarekin harremantzen dira bertan profesionalen ikuskaritza eta laguntzarekin.

Kontuan izan behar dugu muturreko kasuez ari garela, eta beraz, ohikoena kasu horiek epaitegietan "konpontzea" izaten dela.

Dena den, familiako arazoei irtenbidea bilatzeko bitartekaritza aukeratzen duten familien kasuan ere, profesional ezberdinen aholkuak jarraituz gune hauetara jo dezakete familiek. Izan ere, haurrekin egoteko gune egokiak izateaz gain, psikologo, hezitzaile, etab. daude bertan mota askotako laguntza emateko.

Haurrak berak eskaturiko suposturik ez dut ezagutu, eta ez dut uste ohikoa denik. Baina legez ez dut uste inolako oztoporik egongo litzatekeenik.

Zure zalantza argitu izana espero dut.

Eskerrik asko eta hurrengo arte!

Eskerrik asko!

Eneko — 2011/10/14 13:21
Sobera ase duzu nire jakinmina, eskerrik asko Onintze!

zaintza partekatua

Txema — 2011/11/02 13:42
Eskerrak Onintze:
Poliki poliki gertuago gaude, ikuspuntu guztietatik uler daiteke zaintza partekatuaren hobekuntza umeengan. Psikologikoki hobeagoa da, gurasoen artean harreman ona ez izan arren, bestela SAP ager daiteke, badakizu (Sindrome Alienación Parental delakoa), gizarte mailan ere hobekuntza izango da, emakumeak ez du bakarrik zaintzaile papera beteko eta izango du denbora bere gauzetarako. Hainbat aitite-amonak ez dira izango bigarren mailakoak, hots, ikusiko dute besteek adina aldiz, e.a. Hautezkunde hauetan zaintza partekatua defendatzen duen alderdiei emango dizkiegu gure botuak. Hauetariko bat Amaiur da, eredu bat baino ez da. Bakoitzak jakingo du nori eman.

Zaintza partekatua

Onintze — 2011/11/15 14:12
Kaixo Txema,

Guztiz ados zaintza partekatuaren inguruan egin duzun hausnarketarekin. Familia bakoitzaren errealitatea mundu bat izan arren, saiakera egin beharko litzateke kasu guztietan haurren interesa babestu eta bermatzeko. Interes hori hain zuzen, familia osoarekin harremanak izatea da inolako zalantzarik gabe.
Ongi esan duzun bezala, bide horretatik lortuko dugu hainbat eta hainbat aspektutan gizarte hobeago bat.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.