Einstein belaunaldia. Argiagoak, azkarragoak eta soziableagoak
Gazteen inguruko ikuspegi berria, baikorra, freskoa aurkezten digu Jeroen Boschmak liburu honetan. Marketing-ari buruzkoa da, baina gazteak ulertzeko eta gazteekin komunikatzeko klabe batzuk ere ematen ditu.
Ohituta gaude ikuspuntu helduzentrikoarekin, gazteei arazo iturri gisa begiratzen diena eta betiko topikoez betetako diskurtsoa erreproduzitzen duena: ez dute ezer errespetatzen, dena berdin die, haiena bakarrik inporta zaie, ulergaitzak dira, …
Ohituta gaude ere soziologoek gazteei buruz egiten dituzten erretratuekin, non-eta gaztea aurkezten duten izaki bitxi, azaleko, hedonista eta pasota tankerako adjektiboekin.
Arte ederretan lizentziaduna, marketing-en eta gazteen munduan aditua, Boschmarena bestelako bertsioa da.
Eisntein belaunaldia izenburuarekin, 1988tik aurrera jaiotako gazteak izendatzen ditu eta azpi-izenburuarekin haien ezaugarri batzuk: argiagoak, azkarragoak, soziableagoak. Norekin konparatuta? Orokorrean, 1988az aurreko gazte guztiekin, baina batez ere aurreko bi belaunaldietakoekin: x belaunaldia (1960-1985) eta baby boom-ekoa (1945-1955).
Uste dut Boschma zuzen dabilela esaten duenean belaunaldi bakoitzak bere balioak idealizatzeko joera duela, bakartzat, unibertsaltzat eta eztabaidaezintzat hartuz, eta horien arabera beste guztia neurtzen, baloratzen eta epaitzen dutela. Gure balioak egokitu zaizkigun garai eta zirkunstantziei lotuta daude, eta hortaz jabetzeak gure jarrera erlatibizatzen lagunduko digu, besteak ulertzeko kapazago egingo gaitu.
Egungo gazteengana errespetuz, jarrera ireki eta baikorraz hurbiltzeko gonbidatzen gaitu liburuak. Mundu berean bizi gara bai, baina gazteen pertzepzioa ezberdina da, gaitasun handiagoa dute mundua interpretatzeko, gai dira nahi dutenekin nahi duten momentuan kontaktuan jartzeko, …
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aldaketa handiak eta azkarrak ekarri ditu eta horietan gazteak murgiltzen dira arraina uretan bezain ondo. Gazteentzat Internet topaleku bat da, ixteko ordutegirik ez duena, lagun eta ezagunekin harremana estutzeko balio diena.
Lagunek garrantzi handia dute gazteentzat, baina baita familiak ere. Familia jada ez da kontrola edo agintea, baizik eta harreman eraikitzaile eta autentikoa, segurtasuna eta afektibitatea, zerikusi handirik ez aurreko belaunaldiekin.
Esan bezala, Einstein belaunaldia marketing-ari buruzko liburu bat da, gazteei begira jarrita. Eta une batzuetan kontrakoa ematen badu ere, Boschmak ez ditu aurkezten gazteak izaki zoragarriak bezala, pertsona normalak gisa baizik, haien arazo eta mugekin, trebetasun eta balio propioekin. Azpimarratzen duena da haiei begiratzeko jarrera aldatu beharra.
Egileari egindako elkarrizketa bat