Iritsi da udara. Berarekin batera beroak, eta beroekin egarria gure ahotara. Zer edan genezake hidratatzeko? Erantzuna, erraza eta garbia: URA.

 Tamalez, gomendio hau ez dugu praktikara horren erraz eramaten. Egarria izan edo ez, egungo haurrengan freskagarri tankerako edarien kontsumoa izugarri altua da.

EnKid inkestako datuen arabera, Espainia mailan, haurren eta gaztetxoen %92,6ak azukredun edariak (zukua natural/komertzialak, gasdun edo gasik gabekoak, batidoak, …) kontsumitzen ditu era ohiko batean. Are gehiago, populazio talde hau freskagarri zein zukuen kontsumitzaile talde nagusia bezala onartzen da. Espainian, haurren %70ak zuku komertziala meriendatzen duenaren datuak argi uzten digu egungo egoera (Espainiako pediatria elkartearen  datuak AEP).

Ikerketek lotura zuzena azaldu digute edari hauen kontsumoaren eta obesitateren artean. Baina, azukredun edarien kontsumo deskontrolatu honek gorputz masaren handipenean eragiteaz gain, arazo kardiobaskularrak, sindrome metabolikoa, diabetes 2a, txantxarra zein minbizi konkretu batzuk pairatzera ere bidera gaitzake. Beraz, edari hauen kontsumoa jaitsi heinean aipatutako gaixotasunak izateko arriskua nabarmen gutxitzen dela digute adituek.

Zer dela eta kalte horiek? Sustantzia batzuen presentzia eta nutriente onuragarrien faltari dagokio. Azukre ekarpen altuegia nagusi den arren, edulkoratzaileek, gehigarriek (koloratzaileak, zapore potentziadoreak…), kafeinak edota gasak ere badute zer esana sortutako kalteetan.

Produktu hauen eskaintzan, abaniko zabal bat aurki dezakegu. Gainera, badute gaur egun daramagun bizi estiloarekin primeran uztartzen  den ezaugarri bat: erosotasuna. Erraz garraia daitezke, iraupen luzekoak dira, kontsumo errazioka banatuak daude, … Ondorioz, elikagai solidoekin gertatu ohi zaigun bezala, edarietan ere aukeraketa ez osasuntsuak hartzera bideratuak gaude.

Begi bistakoa da iragarkiek  beraien lana ongi bete dutela. Edari hauek ontzietan kolore eta marrazki klabeak daramatzate. Haurrak erakarri eta gurasoak lasaitzen dituztenak hain zuzen ere.

Ikusgarria da haurraren hazkuntza bermatuko duten nutrienteen ekarpena azpimarratzeak hainbat gurasori produktuan konfiatzera bideratzen dietela. Nahiz eta alegazio hauek faltsuak direla erakutsi den hainbatetan. Hala ere, legearen barruan egoteko trikimailuak ongi menperatzen ditu elikagaien industriak.

Produktu hauek helburu finko batekin sortuak direla dio Munduko Osasun Erakundeko zuzendariak (Chan andereinoa); eutsi ezinekoak izatea eta behar baino kontsumo altuagora bultzatzea.

Baina zer gertatzen da edaria etxean eginikoa bada? Adibidez, fruta freskoarekin batido edo zuku bat egiten badugu. Osasun arloko erakundeak gomendioak ezartzerakoan kontsumo maximoan zentratu dira. Ez dute minimorik ezarri. Egunean errazio bat (basokada bat) ez gainditzea azpimarratu dute, alegia. Argi geratu dadin:   zukuak (etxekoak edo ez) ez dira fruta jatearen baliokide.

Zukua naturala bada, zergatik ez? Zukua egiterakoan horren interesgarria den zuntza ezabatzen da bide batez, frutaren osagarri den azukrearen odoleranzko pasoa erraztuz (maila gluzemiakoan igoera nabarmen bat eraginez).

Gainera, ikerketek erakutsi dute asegarritasunean ere baduela eragina: ez omen gara berdin asetzen ekarpen energetiko (Kilo kaloria) berdineko jakia era solidoan edo likidoan irensten badugu. Likido gehiago hartzeko gaitasuna daukagu. Azken honek asetzeko gaitasun gutxiago du eta. Hala ere, etxean eginiko edariak beti komertzialak baino aukera interesgarriagoak izango dira ikuspuntu nutrizional batetik.

Gomendio egokiena fruta hortzekin murtxikatzea eta zukuen kontsumoa noizbehinkakorako uztea litzateke. Hots, edalontziak urez betetzea.