Drogak nerabezaroan
Nerabezaroa ume izatetik heldu izatera bitartean dagoen emozio eta kuriositate berriez beteriko pasabidea da. Garai honetan, nerabeek esperientzia berriak bizi nahi izaten dituzte, eta hor hasten dira drogekiko lehenengo kontaktuak baita zenbait gurasoentzako kezka eta buruhausteak ere.
Nerabezaroan, neska-mutilak norbere identitatea eraikitzen hasten dira gurasoengandik urrunduz. Garai honetan, lagun taldeak garrantzia handia hartzen du, nerabeek helduengandik datorrena zalantzan jartzen dute eta esperientzia berrien bila hasten dira; esperimentazio horren inguruan ulertu behar dira lehenengo droga kontsumoak (tabakoa, alkohola, kannabisa e.a.).
Nerabezaroko aldaketa hauek familian ere aldaketak sortzen dituzte eta zenbaitetan gurasoentzat ere ez da garai erraza izaten, seme-alabek dagoeneko ez dutelako etxean gauza handirik kontatzen, arauak direla eta eztabaidak ugaritzen direlako edota seme edo alabak esandakoaren inguruan zalantzak dituztelako: esandako lekuan ote dago? zertan ibiliko dira? drogaren bat kontsumituko ahal du? Egoera hauek egonezina, haserrea edo beldurra sortzen dute batzuetan eta emozio horietatik abiatzen garenean gerta daiteke seme-alabekin nahi genukeen bezala ez jokatzea.
Horregatik komeni da, seme-alabekin konfiantza giroa eta komunikazio positiboa izatea eta kezkatzen gaituzten gaien inguruan haiekin egoera eman aurretik hitz egitea.
Seme-alabekin drogen inguruan hitz egitea
- Garrantzitsua da beste gaien inguruan ere haiekin komunikazioa izatea, bestela nekez lortuko dugu drogen inguruan hitz egitea.
- Geure jarrera lasaia izan behar da, naturaltasunez hitz egin, gehiegizko alarmismorik gabe.
- Hitz egitea ez da itaunketa bat egitea. Askotan entzunez galdetuz baino informazio gehiago atera dezakegu, drogekiko zer jarrera duen, informazio egokia al duen, sustantziaren bat probatu edo kontsumitzen duen…
- Drogei buruz adinari egokitutako informazio objektiboa ematea komeni da.
- Hitz egiteko momentu egokiak bilatu behar dira; adibidez telebistan drogekin zerikusia duen zerbait agertzean, mahai gainean dugun alkoholdun edariaren harira norbaitek zerbait esan duenean... Ez da komeni drogen inguruan atetik irten behar duenean hitz egiten jartzea.
- Momentu hauek berez sortzen ez badira ahalegindu beharko gara sortzen, aztertu ea egunean zehar baditugun familian elkarrekin egoteko uneak, telebista ikusi, bazkaldu, afaldu elkarrekin egiten dugun.
Bizitzarako gaitasunekin heztea
Seme-alabekin drogen inguruan hitz egitea garrantzitsua bada ere, informazioa ematea ez da nahikoa. Eguneroko bizitzan topo egingo duten zailtasun edo arrisku egoerei aurre egiteko gaitasunak garatzen lagundu behar diegu. Horretarako, balioetan heziz, nortasun autonomoa gara dezaten sustatuz eta erabakiak hartzen eta horien erantzule izaten erakutsiz.
Dagoeneko kontsumoak hasi badira
Ez da komeni larritzea baina bai adi egotea. Droga kontsumo guztiak ez dira zertan arazotsuak izan nahiz eta ezin dugun ukatu arriskuak badituztela.
Garrantzitsua da, geure seme-alaben berri izatea, nondik nora dabilen jakitea, bere lagunak ezagutzea, zer kontsumo mota egin dezakeen jakitea...baina detektibe lanak egiten hasteke, etxera heldu orduko galderak egin eta egin hasten bagara, komunikazioa oztopatu egingo dugu.
Dagoeneko kontsumitzen badu, debekatzearekin agian ez dugu gauza handirik lortuko, akaso ezkutuan kontsumituko du.
Hobe:
- Geure kezkak adierazten badizkiogu
- Egiten duen kontsumoaren inguruan pentsarazten badiogu
- Izan ditzakeen ideia okerrak argitzen saiatzen bagara
- Arriskuen inguruko informazioa ematen badiogu
- Kontsumo arduratsua egiteko gomendioak ematen badizkiogu
- Edozein kezka edota galdera izanez gero geuregana lasai jo dezakeela adierazten badiegu eta edozertarako hor gaudela senti dezan konfiantza giroa sortzen badugu.
Zeure seme edo alabak drogekin arazoak dituela pentsatzen baduzu
Adi egon eta ez arduratu bete-betean drogez bakarrik, hau da, garrantzitsua da aztertzea nolakoa den familia harremana, lagunekiko harremana, bikotea badu haien arteko harremana, ikasketetan nola dabilen… Sarritan droga kontsumoen atzean beste arazo batzuk egoten baitira.
Aditu edo espezialista batengana jo dezakezu orientazio bila: zeure herriko Udaletxeko Prebentzio Zerbitzura edo Gizarte Zerbitzuetara esaterako.
Argazkiaren iturria