Bideojokoekin zer?
Gaztetxoen erdiak baino gehiagok baietz erantzuten du bideojokoak erabiltzen dituzten edo ez galdetzen zaienean. Mugikorrak, ordenagailuak, Internet eta sare sozialekin batera, leku garrantzitsua betetzen dute bideojokoek gaztetxoen bizitzetan.
Fenomeno sozial ikaragarria da eta izango da etorkizunean ere [diru asko mugitzen duen industria da, bere sorkuntzatik].
Baina egia da hezkuntza sistemak [ bere elementu guztiekin: sistema bera, eskolak, irakasleak, familia, aisialdi taldeak, eta abar ] ez duela, orain arte, bideojokoen garapen-irizpideetan eskurik sartu, hori izango baitzen, nolabait, bideojokoen onura eta kalteak ondoen kontrolatzeko modua. Eta, hortaz, garapenean, oro har, faktore pedagogikorik kontutan hartzen ez denez, erabilera zaintzea beharrezkoa da. Bideojokoak ere, telebista edota beste edozein teknologia bezalaxe, erabileraren arabera bilakatuko baititugu onuragarri edo kaltegarri.
Bideojokoaren deskribapena irakurtzearekin bakarrik, jakin daiteke zein adinetarako den egokia eta zein adinetarako ez. Kasualitatea edo kausalitatea, akziozko bideojokoak dira, normalean, gaztetxoen artean arrakasta gehien lortzen dutenak. Baina akziozkoak dira, hain zuzen, adin txikikoentzat egokiak ez direnak eta, hortaz, gehien zaindu behar direnak.
Era berean, ordea, sarearen bitartez jolasten direnean, ondoko bizilagunarekin edo beste herrialde bateko pertsona batekin jolas dezakete. Hortaz, jendearekin hartu-emana izatea eta atzerriko hizkuntzak praktikatzea ere ahalbidetzen dute. Baina, une berean, alemaniarra, finlandiarra, euskalduna edo dena delakoa izanda ere, joko berdinetara jolasten dira. Horrek kulturen homogenizazioa indartu lezake, nortasunaren kaltetan.
Badira halere, pentsamendu kritikoa lantzeko bideojokoak ere. Adibide bat, McDonals da [www.mcvideogame.com]. Joko horretan, lur batzuk lortu behar dira, jabea desjabetuz eta instituzioak 'erosiz'; behiak azkar hazi behar dira, mota guztietako tratamenduekin eta gero ahalik eta lehiakorrena izan behar duzu beste dendarien aurrean. Joko horrek, adibidez, multinazionalen afera eta janari transgenikoen auzia lantzeko bidea irekitzen du [adin egokietan, noski].
Beste adibide bat 'Agains all odds' da [www.playagainstallodds.com]. Joko honetan, jokalariak errefuxiatu baten paperean sartu behar du. 12 etapa ditu guztira eta bere jaioterritik atzerriko herrialde batean integratzeraino egin behar duen bidea biltzen dute. 45 minutu inguru irauten duen jokoa da eta, horregatik, eskolako ikasgai baten baitan kokatzeko modukotzat jotzen da nazioarte mailan.
Badira adibide ez oso ohikoak, beraz, baina horiek ez dira, printzipioz, gure gaztetxoek etxean eta kalean erabiliko dituztenak. Hortaz, hona gomendio batzuk bideojokoen erabilera egoki batetara gerturatzeko asmoarekin:
• Bideojokoen mundura gerturatu. Zer gomendatu eta zer ez jakiteko, bideojokoen mundua minimoki ulertu egin behar da.
• Bideojokoak aztertu. Erosi edo jolasteko baimena eman baino lehen. Zein balio transmititzen dituen, zein eduki lantzen diren eta zein adinetarako den, horiek gutxienez. Jokoak guraso edo hezitzaileak erosi eta instalatu behar ditu, ez gaztetxoak.
• Denbora kontrolatu. Zenbat denbora eta noiz erabiltzen dituen kontrolatu. Adikzioa sor dezakete, menpekotasuna ere bai. Ordubete baino gehiago jarraian jolastea nahikoa da. Orduko 10 edo 15 minutuko atsedenaldiak egitea gomendatzen da.
• Egokitzapen fisikoa. Pantaila ahalik eta urrunen jarri, gorputzaren postura zaindu. Beharrezkoa bada, begiei eta gorputzari deskantsua eman behar zaiela komentatu.
• Hitz egin, konfiantzan. Bideojokoen inguruan hitz egin, adingabekoekin batez ere.
• Jolasten daudenean beraiekin egon. Adingabekoekin batez ere.
Zentzu horretan, interesgarria da PEGI katalogazio sistema europarraren berri izatea [www.pegi.info]. Batetik, adinaren araberako sailkapen bat egiten du eta, bestetik, edukien gaineko katalogazioa: bortizkeria, erabiltzen den hizkuntza, beldurra, sexua, drogak, bazterketa, eta abar. Katalogazio hau [ edo beste herrialde batekoa ] erabiltzea ez da derrigorrezkoa eta, hortaz, azalpen estandar horiek gabeko jokoak ere aurkituko ditugu merkatuan. Baina katalogazio sistema horietako bat erabiltze hutsa izan daiteke, zergatik ez, bideojokoak aukeratzerakoan aplika daitekeen irizpide bat.
Beraz, eta ondorio gisa: bideojokoak, izenak dioen moduan, finean, jokoak dira, eta jolastea ez da debekatu behar. Era berean, jokoak direlako, errealitatea eta fikzioaren arteko distantzia mantentzea lehen urratsa da. Baina jolasten, ondo pasatzeaz gain, ikasi ere egiten da. Gainera, pantailekin egiten ditugun beste aktibitate batzuek baino elkarrekintza edo interakzio gehiago ahalbidetzen dute bideojokoek. Horregatik dira jostagarriak, eta horregatik dituzte gustuko. Baina horregatik, hain zuzen, erakutsi behar zaie bideojokoak ondo erabiltzen.
Argazkiaren Iturria
Eskerrik asko Iratxe!
Hasteko eskerrik asko zure artikuluagatik, beste behin oso lan polita.
Galdera bat egin nahi nizuke,zer egin beharko litzateke zure ustez EHan bideojokoen esparrua gehiago garatzeko? Sorkuntzari, hedapenari... dagokionean, ez ote gabiltza euskaldunok pittin bat berandu? Errezelo gehigi dugu?
Eskerrik asko eta ondo izan!
eneko-rentzat
Hasteko, eskerrik asko zure erantzunagatik! ;-)
Galderen harira... hasteko, uste dut, garrantzitsua dela euskaldunok berandu edo garaiz ibiltzearena argitzea. Euskaldunok garena gara, nortasunez eta tamainoz, eta hortaz, gure erritmora ere bagoaz, ezta? ;-) Teknologien munduan puntako herria izatea baino, mundu hori gure behar eta helburuetara egokitzean dago, nire ustez, gakoa ;-)
Zer gertatzen da bideojokoen kasuan? Egia da Euskal Herrian badirela bideojokoak garatzen dituzten enpresak, eta baita bideojokoen fenomenoaren inguruko ikerketak ere. Baina nire ustez, beste hainbat kasutan gertatzen den moduan, bideojokoen eremuan ere, egiten diren ahalegin guztiak modu atomizatuan egin dira.
Horregatik, nire ustetan, sektore hori koordinatzea da lehen urratsa, garatzaileak, ikertzaileak, hezkuntza saila, guraso elkarteak, aisialdi elkarteak eta gisakoak mahai berdinaren inguruan bilduz. Hor zehaztu beharko lirateke lehentasunak, beharbada ez baitugu garapenean indar egin behar, jada garatuta dauden jokoen arlo pedagogikoan baizik. Hor identifikatu behar dira hezkuntzaren hutsuneak, gurasoen eta aisialdiko elkarteen beharrak. Eta noski, zein den eragile bakoitzaren rola.
Beraz, nire ustez ez goaz berandu, baina lehenbailehen bideojokoen eremua koordinatzea beharrezkoa da, helburuak zehaztu eta horiei modu kolektiboan bide emanez.
Espero zure galderei erantzun izana ;-)
esan bestela.
Mila esker berriz,
eta muxuk!
Erantzunaren erantzuna
Gustatu zaizkit aipatu dituzun puntuak, bereziki berandutza-azkartasun kontzeptuak erlatibizatzeagatik. Gu prest bideojokoen alorrean lan egin eta dagoena koordinatzeko (arrasaten badira hainbat zaletu eta programatzaile informatiko, ahaleginduko gara beraiek animatzen).
Milesker lezio eta argitasunagatik, bejondeizula!
Eneko
OzHlIlETAmIdZkdr
qOIQhnqSJHDcAr
GwqKNcpJqNSYLu
FgFTdrLrkwXI