Beldurretatik plazerretara
Urte dezente pasa dira sexu hezkuntzari garrantzia ematen hasi ginetik. Halere orain arteko gehienek komunean gauza bat dute: Abiapuntua. Beldurretik eta arriskutik abiatutako sexu hezkuntza egiten ohitu baikara. Baina osasuntsua al da honela heztea?
Urte dezente pasa dira sexu hezkuntzari garrantzia ematen hasi ginetik. Ikastetxeetan, etxeetan, gazte txokoetan, kalean, … Leku eta momentu ezberdinetan, bakoitzak ahal duen modura egin izan du sexu hezkuntza. Halere orain arteko gehienek komunean gauza bat dute: Abiapuntua. Beldurretik eta arriskutik abiatutako sexu hezkuntza egiten ohitu baikara.
Ondorioz, sexu hezkuntzarena soilik tarteko arriskuren bat (gaixotasunak, bortxaketak, haurdunaldiak,…) ikusten dugunean oroitu izan gara eta hauek ekiditea izan da sexu hezkuntzaren helburua.
Baina osasuntsua al da honela heztea?
BELDURRETATIK ABIATUTA
Seme-alabak eta batez ere alabak nerabezaro ingurura heltzen direnean guraso askorengan hainbat beldur pizten dira; harremanak zeinekin, noraino, … eta batez ere, haurdun gelditzearen beldurra. Kuriosoa da baina gure inguruan gaixotasunek baino ezin egon handiagoak sortzen ditu maiz. Beldur hau orokorra izan arren, gutxi hitz egiten da honen inguruan.
ZER EGIN DEZAKEGU BELDUR HAUEK PIZTEN ZAIZKIGUNEAN?
Gehienok susmatzen dugu honi aurre egiteko gakoa sexu hezkuntzan egon daitekeela baina sexu hezkuntza hain da zabala… zer da guretzat sexu hezkuntza?
Ez da kasualitatea nerabezarora gerturatzean soilik gogoratzea sexu hezkuntzaz. Oso adierazgarria da. Hau sexu hezkuntza arriskuekin lotzen dugunaren adierazgarri da.
Logika honi jarraiki, preserbatiboa ematea izaten da gurasoarentzat autodefentsarik onena. Arriskuari aurre egiteko tresna bat ematen dugunaren ustea izaten dugu. Gure alaba eta semeen sexu osasunaren alde zerbait egin dugula sinetsi ohi izan dugu. Baina honek sexualitate osasuntsuak izaten lagunduko al dio gazteari? Preserbatiboa emateak mezu kontrajarri asko izan ditzake.
PRESERBATIBOA EMATEA?
Beraz, lehen aipaturiko beldur horiek sortu ondoren gure erreakzioa preserbatiboa ematea izan daiteke. Halere, ekintza sinple honen atzean mezu asko mugitzen dira eta agian nahi ez dugun hori transmititzen ari gara: “Sexualitatea arriskutsua da, egin koitoa.”
Ezin dugu ahaztu, preserbatiboak berak bakarrik ez duela sexu heziketa egiten. Preserbatiboa isolaturik emateak gaztetxoa praktika bakarrera bideratzea izan daiteke: Koitora. Justu, arriskuak dituen bakarrenetariko horretara.
Hau al da guk nahi duguna?
Sexualitatea ARRISKUAK baino askoz zabalagoa da. Bizitza osoko prozesu bat da. Ederra ere bada, baita mingarria, emozionantea, jolasgarria, … Pertsonon arteko harremanak. Jolasak. Barriketak. Gorputzen arteko tira-birak. Hauetariko praktika gutxi batzuk arrisku batzuk dituztela eta horiek ekiditeko baliabideak ere eskainiko dizkiegu.
Baina aurreko guzti gabe, azkenera salto egiten dugunean (kondoia ematera hain zuzen), ohartu gabe mezu kontrajarriak ematen ibili gaitezke.
PLAZERRETIK PREBENTZIOA LANTZEN
Zer gertatuko litzateke bizipen positiboetan oinarritutako sexu hezkuntza egiten badugu?
Horrela egiteak gure alaba eta semeen bizipen erotikoak osasuntsuago, gustagarriago, indartsuago, kontzienteago, … bizitzea erraztuko dute.
Horretarako bakoitzak bere modua izango du baina inurriaren lana izango da. Egunero-egunerokoa alegia. Egunerokotasunean sexualitatearen alde guztiak onartzen, gure bizipenak elkar banatzen. gure beldurrak onartzen, hartu emanenetako gora-beherak ikus arazten, intimitatea errespetatzen, gorputzaren plazerrak deskubritzen, ukimena lantzen, negar egiten, irriak gozatzen …
Sexu hezkuntzarako abiapuntuak sexualitatearen oinarria izango da beraz. Hau jakinda, guraso bakoitzari dagokigu gure seme-alabentzat nolako oinarria nahi dugun erabakitzea eta horretan abenturatzea. Zorte on denoi!