Aitok eta zaintza kontzientea
Aita gehienok dugun erronkarik nagusienetakoa hurkoak zaintzen ikastea dela uste osoa dut. Ez dugu dema bakarra noski (hau pentsatu eta etxeko lanen banaketa desorekatua etortzen zait gogora, aurpegia piska bat gorritzearekin batera), baina bai garrantzitsuenetakoa.
Eta, azken urteotan honetan ere aurrera egin dugula ezin ukatuzkoa bada ere, oraindik nahikoa baztertuta
dugula uste dut.
Behin baino gehiagotan aipatu dudanez, gizonezkook, gizarte honetan eta aspaldi luzean,
hornitzaile eta basbesle izateko hezi eta prestatu gaituzte. Badakigunez, lan banaketa
sexistaren arabera, zaintzaren lan gehiena emakumezkoei egokitu zitzaien nonbait eta gizonezkooi
hornikuntza eta babes lanak. Ez dakit zehazki noiz ezta zelan jaso zen, teoria askotxo dago
honetaz azalpenak ematen saiatu direnak, eta sarritan kontrajarriak gainera. Nola edo
hala, beharbada, noizbait zentzuzkoa izan bide zen halako hornitu/zaindu lan-banaketa gure
arbasoentzat, auskalo, edo agian ez zuten irtenbide hoberik aurkitu orduko euren erronkei
aurre egiterakoan. Baina argi dago genitalen araberako lan banaketa honek egun ez duela ez
buru ez buztanik; areago, ez die ekartzen ezelako onurarik, ez emakumezkoei, ez gizonezkoei,
ez haurrei, ez eta jendarteari oro har.
Hornikuntza maila egokia beharrezkoa da, jakina. Jendeak, orokorrean, eta gure seme alabek
ere noski, gutxieneko gai materialak behar ditugu bizimodu ona izateko: arropa egokia
behar dugu, etxe egokia behar dugu, elikagai egokiak behar ditugu,... ezin uka. Baina, geure
barne barnean, badakigu soilik ondasun materialek ez dutela ekarriko geure haurren behar
bezalako garapena, soilik oparotasun materialak ez diela ekarriko gizatasun egokia. Barru barruan,
badakigu egun geure seme-alabek jagotze eskasia handiagoa nozitzen dutela ondasun
materialik falta baino. Jakin badakigu geure umeentzat hobea dela gurasoongandik denbora,
arreta garbia, hurbiltasuna, inplikazioa eurekiko, babesa, errespetua, oniritzia,
maitasun adierazpenak, orientabideak, diziplina,... zaintza kontzientea, alegia, oporretan ez
dakit nora joatea bainoago, ez dakit zelako etxe ponposoaren jabe izate bainoago, ez dakit
zenbat jostailu edo bideojoko edukitzea bainoago, ez dakit zein eskolaz kanpoko kirol-jarduera
exklusibo bainoago, unibertsitateko karrera, masterra eta hamaika ikastaro bainoago.
Nire ustez, hurkoak zaintzea baino eginkizun garrantzitsuagorik nekez izango dugu bizitzan, eta
onura garbiak ekartzen dizkigu, gainera. Izan ere, jagotzeak, era kontzientean egiten badugu,
bide ederra eskaintzen digu gizakioi geure bizitzak zipriztintzeko benetako hartu-eman sakonez,
giza konexioaz eta loturaz, elkartasunaz, erantzunkizunaz, enpatiaz, eskuzabaltasunaz,...
maitasun garbiaz. Hain zuzen, helduok geure ohiko bizimoduetan izaten ditugun hutsunetako
batzuk, gizatasunari bete-betean dagozkionak ere, asetzeko parada ematen digu gure hurkoak
ondo jagotzeko erabaki irmoa hartzeak. Egun, heldu askok geure bizitzaren zentzuan zein
den zalantza egiten dugularik, izaten dugun bizimodu materialista-kontsumistak betetzen
ez gaituela sentitzen dugularik, haurrak zaintzeko delibero kontzienteak “espiritualki”, geure
sen gizatiarrarekin, gure izaera humanoarekin bat egiteko bidea ematen digu; baita ere
umeekiko maitasun-harreman sakona izateko, umeen osotasunaz, garbitasunaz, argitasunaz,
gardentasunaz, bizipozaz, kemenaz, handinahiaz, gozotasunaz... zipriztintzeko. Alegia,
gurasoaren bizitza hobetu egiten du jagokuntzak, aberastu egiten du, alaitu egiten du, osoago
bilakatzen gaitu. Gizaki hobeak egiten gaitu, finean.
Gainera, era kontzientean zaindua den umeak bizimodu hobea izango du segurki, orekatuago
hazi eta bizitzeko aukera gehiago izango ditu. Segurtasun handia izango du bai bere buruaz, baita
munduan duen lekuaz ere, eta segurtasun honek lagundu egingo dio bere garapenean. Autonomia,
lehen, eta independentzia, gero, eskuragarria izango du. Harreman onak, osoak, sanoak
egiteko baliabide handiak izango ditu. Laburki, ondo zaindua den umeak autoestimu aski izango
du eta honek erraztuko dio osasuntsu bizitzea, hala emozionalki nola fisikoki ere.
Nahiz haurrei zein helduei zainketak ekartzen dizkigun onurak kontuan izanik, garbi dirudi
jagotze-lanak hobari handiak ekartzen dizkiola gizarte osoari. Izan ere, jendartearen gizatasun
maila emendatzen laguntzen du zainketa konzienteak norbanakooi, haurra izan ala heldu
izan, gizatiarrago izaten laguntzen digun heinean. Areago, jagotzea oinarritzen den gizabalioak(
elkartasuna, maitasuna, elkarrekiko axola, taldekoitasuna, lagunkoitasuna,...) buru
egiten dio bete-betean oraingo gizarte eredu insolidario, norberekoi, inmediatista, axolagabe
eta indibidualistari, eta jendarte gizakoiago baterako oinarriak sendotzen ditu. Aspektu hau,
beharbada norbaitentzat pitokeria izan daitekeena, berebiziko garrantzitsutzat jotzen dut giza
talde guztientzat oro har, are gehiago, geure bezalako gizarte batentzat, non deshumanizazioa
maila kezkagarria den arlo askotan eta denon kalterako.
Beste alde batetik, jagotze-lanak errentagarritasun ekonomiko handia du jendartearentzat,
nolabait osasun integralaren arloko prebentzioari laguntzen bait dio. Alegia, jakina da hutsune
edo eskasia afektiboek eragin kaltegarria izaten dutela osasun emozional nahiz fisikoan.
Esaterako, Boris Cyrulnik neurologo frantsesak ondotxo dioenez, afektibitate eskasia da
gizakion arazo funtzional ugariren iturburu nagusia. Hots, geroan gizarteak baliabide anitz
gastatuz -beste arlo batzuetan inbertitu litzakeenak- konpondu beharko dituen problema
asko egoera emozional orekatuaz ekidin edo/eta arindu litezke zainketa konziente eta egokia
posiblea balitz.
Zeharo ulergaitza egiten zait geure jendarte antolakuntzak zainketa-lanak babestea eta
laguntzea ez, baizik eta oztopatu ere egitea. Zelan liteke?
Patriarkatuarekin zer ikusi handia du. Patriarkatuaren balore misoginoak nagusitzearen
ondorioz emakumezkoei esleituriko jarduerak, rolak, ezaugarriak eta abarrekoak sozialki
gutxietsi zirenez, zaintza-lana bera ere gutxietsi dugu gure jendartean. Eta horretantxe dirau
egun ere. Jendarteak ez du jagokuntza balioesten, ez du prestigiatzen, ez du ordaintzen, ez
du lantzat hartzen! eta soldapeko langintza bihurtzen den kasuetan ere ordainsari txiki eta
kategoria eskasekotzat hartu ohi dugu. Alderantziz, hornikuntza eta produktibitateari loturiko
jarduerak sona handiagoa izaten dute gizartean eta hobeto ordainduak izaten dira.
Eta gu aiton kasuan, zer? Zaintzeari bere onena eskaintzen dion aitarentzat, gurasoarentzat
finean, aitatasunari zinez lotu nahi dugun gizonok geure seme alabak zaindu nahi ditugu;
haiekin jolastu eta gozatu nahi dugu; haiekin denbora eman; euren nahigabe eta poz aldietan
ondo-ondoan egon eta babesa, maitasuna, eman;... Ziur nago aita guztiok, geure onean,
honelakoxea gura dugula indar guztiaz. Hala eta guztiz ere, egia ere bada, zailtasunak izaten
ditugula gizonok, orokorrean, maite ditugun horiek zaintzeko. Nire inguruko aita askorengan,
eta neuregan ere egunero egunero, sumatzen dut zaila egiten zaigula geure arreta zaintze une
horretan eustea eta desbideratzen ez uztea: "asperra", egoneza, "oraintxe bertan egin
beharreko batez" gogoratzea une horretan edo "lanpetuegi" egotea,... aitzakia ugari etortzen
zaizkigu burura, “egia biribilez” ondo mozorroturik. Beste batzuek eutsi egiten diote eta irmo
eutsi ere, arreta debideratze horiei muzin egin barik, baina gozatu ezinean, beharrean, egin
behar delako, sakrifizioan.
Bai, gizonok, oro har, zailtasunak ditugu zaintzeko. Egia da, eta ez dugu zertan ezkutatu. Ez da
lotsagarria, ez da akatsa eta ez da gure errua. Gizonoi zail egiten zaigu zaintzea; alde batetik,
entrenatuta ez gaudelako, alegia, beste zerbaitetan -hornitzen- ibili ohi garelako bete betean
(eta, gainera, guztiz sinetsita gaude gehienok horixe izan behar dela geure jarduera nagusia),
eta; bestetik, eta oso garrantzitsua, geure jendarteratzean, izan dugun heziera matxistak
zaintzearen aurkako mezuak etengabe bidali dizkigulako: aurrekoan azaldu nuenez, gizonok ez
dugula balio jagotzeko, ez behintzat emakumezkoek beste; eta zaintza emakumezkoentzako
(alegia, “subordinatuentzako”, "azpi-gizakientzako") jarduna dela, gizonezko batentzako
lotsagarria eta bere ospea galtzeko bidea ere, azken batean, oraindik nagusi den -eta gizon
gehienok barnean erroturik daramagun- gizontasun matxistaren aurkakoa. Aldez edo moldez,
gizon gehienok irentsi ditugu halako mezuak, zaintzaren ospegabetzea eta gutxiestea,
bizitzaren zatirik handienean eta ahalegin beharko dugu gure burutik garbitzen.
Horixe da geure ardura eta eginkizuna: ikasitako desikasten saiatzea norbere indar guztiaz,
erruduntasunik gabe; eta zentzuzko gauzak ikasten, noski.
Jagotze kontzienteari lotzea zailtzen digun faktoreetako bat gizonezkoon “zikiratze” emozionala
dugu eta, honen barnean, isolamendua. Gizonezkook txikitatik urrundu gaituzte emozioen
mundutik eta “ez sentitzera” (edo sentituko ez bagenu jokatzera) bultzatu gaituzte irakaspenen
bitartez, eraso zuzenen edo/eta mehatxuen bitartez, umilazioen bitartez, gaitzespenen
bitartez,... tratu txarren bitartez, finean. Honen ondorioz, gizonezko gehienoi gaitza egiten
zaigu emozioekin, sentimenduekin, zer ikusia duten arloetan ibiltzea. Eta zainketa kontzienteak
zerekin du zer lotura handiagorik emozioekin baino? Hortaz, jagotzeak ataka larrian jartzen
gaitu, menperatzen ez dugun, deseroso egoten garen eta, areago, beldurtzen gaituen arloan.
Hortaz, alfabetizatze emozionala funtsezkoa da zainketa konzientea aritu nahi dugunontzat.
Amaitzeko, baliteke aurrekoa irakurrita gero norbaitek pentsatzea kontakizun idealista egin
dudala zainketari buruz, eta hala izan liteke, nonbait. Garbi dut, ordea, jagotzea ez dela
aldaparik gabeko jarduera, eta latza ere bada hainbatetan. Latza eta nekeza, estresantea,
zapuzgarria, tristagarria, sumingarria, etsigarria... izan daiteke. Ez, sarritan ez da gozamen
huts. Baina baliabide nahikoa eskuratuz gero zailtasunok gainditzeko bideak aurki ditzakegu
gurasook. Hurrengo batean arituko gara honetaz.
Bitartean, besarkada handia eta eutsi goiari!