Abortuaren lege berria
1973. urteaz geroztik, lehenengoz berrituko da aurten abortuaren inguruko legedia. Orain arte, abortatzeak delitu izaera zuen. Hamaika eztabaida eta gero, azkenik pasa den abenduan onartu zen Espainiako Parlamentuan abortuaren inguruko erreforma ekarriko duen legea.
Espainiar Zigor Kodearen arabera, abortatzea delitua da, eta delitu horren egile izan daiteke bai emakumea eta baita abortua eragiten duen beste edonor ere, profesionala izan edo ez.
3 salbuespen ezartzen dira, zeinetan abortatzea ez den delitu:
-
Abortua beharrezkoa bada emakumearen bizitza salbatzeko edo arazo fisiko edo psikiko larriak ekiditeko.
-
Haurdunaldia bortxaketa baten ondorio baldin daba.
-
Haurra gaixotasun fisiko edo psikiko larriekin jaioko dela aurrikusi bada, betiere abortoa lehenengo 22 asteetan burutzen bada.
Aipatu araudia, 1973ko Zigor Kodea onartu zenetik dago indarrean. 1995. urtean Zigor Kode berria onartu zenean (gaur egun aplikagarri dena), aurrekoa indarrik gabe gelditu zen, baina abortuaren inguruko artikuluei dagokienez mantendu egin zen artikulu hori. Orain arte ez da inolako aldaketarik egon arlo horretan.
Agurtu berri dugun urtean, hika-mika ugari piztu du abortuaren inguruko araudiaren erreformak. Azkenik, pasa den abenduan onartu zen Espainiako Parlamentuan abortua despenalizatuko duen legea: “Ley Orgánica de Salud Sexual y Reproductiva y de la Interrupción Voluntaria del Embarazo”. Ondorioz, legea indarrean sartzen denean abortatzeak delitu izateari utziko dio, eta nolabait askea izango da abortatzeko erabakia hartzea.
Halere, legearen alde bozkatu duten alderdi politikoen artean ere eztabaida piztu du erreformak. Beste batzuen artean, adin txikiko emakumeen abortua izan dute eztabaidagai, eta konkretuki neskaren gurasoak jakinaren gainean jartzeko beharrezkotasuna. Azkenean, salbuespen nahiko anbiguo edo zalantzagarria gehituz lortu dute legea aurrera ateratzea. Hau da, 16 eta 17 urteko emakume gazteen kasuan, beraiek hartu ahal izango dute abortatzeko erabakia, betiere gutxienez guraso edo tutoreetako bat jakinaren gainean jarriz. Baina informatze hori ez da beharrezkoa izango “betiere, neskak argudiatzen badu adierazpen horrek familia esparruan gatazka larria sortuko duela edo biolentzia, mehatxu edo tratu txar egoerak sortarazteko arrisku larria dagoela”.
Ikusi beharko da nola jartzen den praktikan, baina momentuz legearen tramitazioak aurrera darrai eta beraz, laster izango da indarrean.
Argazkiaren iturria