Ziberbullying-a
Nazio batuek salatu dutenez, “Internetekin eta telefono mugikorrekin batera, ziberlarderiaren kultura sortu da”. (Umeen aurkako Indarkeriari buruzko Munduko Ikerketa, 2005). Parekoen arteko indarkeria kontu larria da, eta, azken urteotan, profil berria hartu du: ziberbullying-a, teknologia berrien bidezko erasoa. Ez da badaezpadako gaia, kontuan hartuta zenbat hedatu den eta zelako ondorioak izan ditzakeen berau pairatzen dutenengan. Batez ere, Internet bitartez garatzen da, baina gero eta ohikoagoa da telefono mugikorraren edo on-line konexiodun bideokontsolen bitartez ere egitea. Heziketa arloko erantzun honek bat egiten du Arartekoaren haurren babesari buruzko beste ekimen batzuekin, eta Parry Aftab doktorearen ekarpenak jasotzen ditu. Izan ere, Parry Aftab aditu estatubatuarra Pantallas Amigas-eko kolaboratzailea eta “Ziberbullyng-a” gidaren egilea da.
PUNTU OROKORRAK
Zer da ziberbullying-a?
Bitarteko telematikoak (Internet, telefonia mugikorra, on-line konektatutako bideojokoak...) erabiltzea da, parekoen arteko jazarpen psikologikoa egiteko. Albo batera geratzen dira eraso edo jazarpen sexualak eta pertsona helduen partaidetza duten kasuak.
Ziberbullying-ak badu zerikusirik bullying edo eskolako jazarpenarekin?
Modalitate bietan, parekoen arteko jazarpena gertatzen da, baina, kasu gehienetan, ez dute askoz antzekotasun gehiagorik izaten. Ziberbullying-ak beste arrazoi batzuk izaten ditu; modu ugaritan agertzen da eta berari aurre egiteko estrategiak eta ondorioak ere desberdinak izaten dira.
Sarritan gertatzen da bullying-aren ostean ziberbullying-a etortzen dela, eta, gutxiagotan bada ere, ziberbullying-ak bullying egoera ekartzen duela.
Zelan agertzen da ziberbullying-a?
Forma ugari hartzen ditu, eta muga bakarrak adin txikiko erasotzaileen gaitasun teknologikoa eta irudimena dira. Ikus ditzagun zenbait adibide zehatz:
- Interneten irudi konprometitu bat (benetakoa edo trukatua) edo datuak jartzea, baldin eta irudi edo datu horiek biktima kaltetu edo lotsarazi baldin badezakete; era berean, material hori biktimaren inguruan ezagutzera ematea.
- Pertsonarik itsusiena, nazkagarriena...aukeratzeko erabiltzen den web gune batean inskribatzea biktima, argazki eta guzti. Ondoren, “boto” piloa ematea, lehenengo postuetan ager dadin.
- Biktimaren izenean, profil edo espazio faltsu bat sortzea, eta han, biktimaren intimitateak konpartitzea, harreman sexualetarako eskaera esplizituak egitea eta abar.
- Foroetan iruzkin edo ohar iraingarriak uztea edo txatetan modu oldarkorrean parte hartzea, biktimaren lekuan jokatuz. Modu horretan, foroan edo txatean jasotako kontrako iritziak biktimaren aurkakoak izango dira.
- Zenbait gunetan, erasotako pertsonaren helbide elektronikoa sartzea, zabor-posta edo mezu baztergarriak jaso ditzan, ezezagunekin harremanetan jar dadin eta abar.
- Posta elektronikoko pasahitza lapurtzea, postontzira heltzen zaizkion mezuak irakurtzeko. Modu horretan, biktimaren intimitatea urratzen da eta helbide elektroniko horren benetako jabeak ezin du bertara sartu.
- Zaindaria edo moderatzailea duten web zerbitzuetan (txatak, on-line jokoak, komunitate birtualak,...), biktima probokatzea, haren erreakzio zakarra lortzeko, eta, behin erreakzio hori salatuta, biktima hutsa den pertsona hori zerbitzutik botatzeko.
- Biktimaren ustezko portaera gaitzesgarri, iraingarri edo desleialari buruzko zurrumurruak sortzea. Modu horretan, beste pertsona batzuek, irakurtzen ari direna zalantzan jarri gabe, errepresalia edo eraso ekintzak egingo dituzte biktimaren aurka.
- Mehatxuzko mezuak bidaltzea posta elektronikoz edo sms bidez
- Bikitimak erabili ohi dituen Interneteko lekuetan, haren aurkako jazarpena eta behaketa egitea, estresa sorraraziz.
ZIBERBULLYING-A: HAZIZ DOAN FENOMENOA
Aukera handia
Gero eta garrantzia handiagoa
Egindako kaltearen pertzepzio txikiagoa
Hautagai kopuru handiagoa
Zigorgabetasun sentsazioa
Rol eta jokaera onartuak hartzea
Interneten ezaugarri aproposak
Erabilerarako baimenak galtzeari beldurra
Adin txikikoendako aholkuak:
- Oso kontuz ibili datu pertsonalekin: izena, telefonoa, helbidea, argazkiak, ikastetxea... Ez itzazu eman. Besteek zuri buruz zenbat eta gutxiago jakin, hobeto. Pentsatu zer idatziko duzun txat edo areto pribatuetan; izan ere, idatzitako hori pistak izan daitezke, eta jendeak zure datuak lor ditzake bertatik. Erabili beti izengoitiak eta izen asmatuak.
- Jarri arreta berezia netiketari (Interneteko jokabide arauak, zelan agurtu, emotikonoak erabiltzea animo-egoerak adierazteko, maiuskulaz ez idaztea...). Gainera, kontuan izan behar da solaskideek beste kultura bat edo beste testuinguru sozial bat izan dezaketela, edo gure hitzak txarto interpreta ditzaketela. Gaizki ulertu bat sortuz gero, saia zaitez adeitasunez argitzen.
- Sekula ez diozu probokazio bati erantzun behar, are gutxiago haserre bizian bazaude. Hobe da lehenago lasaitzea. Hamar arte zenbatzea ez bada nahikoa, egin apur bat entretenituko zaituen zerbait, berriz ere ordenagailuaren aurrean jesarri aurretik. Erantzutea da ziberabusatzaileari eman diezaiokezun pozik handiena, eta arazoa handitu baino ez duzu egingo, modu horretan jokatuta.
- Mehatxuak edo jazarpenak bere horretan jarraitzen badu, gertatutakoaren frogak gordetzea komeni da (legezko baliorik izan ez arren, gorde edo inprimatu mezua edo pantailan agertzen dena); itxi konexioa eta eskatu laguntza pertsona heldu bati.
- Zuri buruzko on-line informazioak argitaratu ote dituzten zalantzan bazaude, Google bilatzailea erabil dezakezu zure datuak bilatzeko (izena, ezizena...), eta Sarean zuri buruzko erreferentziarik ba ote dagoen ikusteko.
Pertsona helduendako aholkuak:
- Adin txikikoei konfidantza nahikoa eman behar zaie, laguntza eska diezazuten.
- Ez jokatu zakar, horrela ez dira-eta gauzak konponduko. Lehenengo, babestu adin txikikoa, haren larritasuna arintzeko. Gero, helduko da ekintzak hasteko unea.
- Egon adi erasoaren larritasunari eta maiztasunari, bere benetako neurria hartzeko. Zuzeneko kalte fisikoko mehatxu larriak egiten direnean, gaia oso serio hartu behar da, batez ere baldin badakigu erasotzaileak adin txikikoari buruzko informazioa zehatza duela (esate baterako, bere etxeko helbidearen edo ikastetxearen berri). Poliziarengana jotzea ere ez dago sobera, honelako kasuetan.