Hemen zaude: Hasiera Guraso eskola Prebentzio gaiak Teknologia berriak Teknologia berriak
Dokumentu Akzioak

Teknologia berriak

Teknologia berrien helburuak, onurak, arriskuak eta erabiltzeko moduak jasotzen ditu artikulu honek.

Zer onura eta arrisku izan ditzakete teknologia berriek neska-mutikoentzat?

Aspalditik teknologiak ordenagailuekin loturik agertu izan badira ere, gaur egun, telefono mugikorrekin
eta bideo kontsolekin ere lotuta agertzen dira; beraz, informazioarekin eta komunikazioarekin lotutako teknologiak dira.

Onuren artean hauek aipatuko nituzke.

  • Batetik, neska- mutilak gizarte honetako tresnak erabiltzen ohitzen  dira eta problemak ebazteko gaitasunak hobetzen dituzte.
  • Bestetik,teknologia berriek motibazioa piztu, talde lana eta elkarlana bultzatu eta ikaskuntza prozesuan autonomia pizten dute, gainera, sormena eta irudimena  bultzatu eta denbora eta espazioaren mugak gainditzen dituzte. 
Arriskuen artean berriz, hauek:
  • Arreta galtzea ekar dezakete, dispertsioaren eragileak izan daitezke, denbora asko eman beharra dago etekin txikia lortzeko, besteenganako dependentzia sortzen dute talde lana egiterakoan etab.

Zein neurri hartzea gomendatzen diezu gurasoei, seme-alabek teknologia berrien erabilera egokia egin dezaten?

Hona hemen zenbait arau teknologia berrien erabilera “osasuntsurako”:

  • Neurtu zuen seme-alabek teknologia berriekin ematen duten denbora. Kalean ere lagunak dituzte.
  • Ahal izanez gero, ordenagailuak etxeko leku “publiko” batean egon behar luke, eta ez logelan.
  • Ikasi zerbait ordenagailuei eta Interneti buruz, ez izan beldurrik zuen seme-alabei galdetzeko.
  • Ez utzi seme-alabak bakarrik nabigatzen duten bitartean, gela berean egon, eta, bestela, agertu zaitezte noizean behin zer egiten ari diren jakiteko.
  • Hitz egin eurekin teknologia berri horien inguruan gustuko dituzten gaietaz.
  • Adostu zuen artean zein jarrera izan behar duten Interneten aritzen direnean hainbat gauzekin: fitxategien deskargak, datu pertsonalak etab.

Bideo joko egokia aukeratzeko, gurasoei gomendatzen zaie bideo jokoak sailkatzeko PEGI kodea ezagutzea; zer informazio ematen digu kodifikazio horrek?

PEGI, Pan European Game Informationen (Jokuei buruzko Pan Europar Informazioa) laburdura da. Europan
lehen sistema da eskaintzen duena ordenagailu jokoentzat eta bideo jokoentzat adinaren araberako sailkapena. Gurasoei eta kontsumitzaileei azalduko die erosten duten bideo jokoa zein adinerako den egokia. Sistema honetara batu dira bideo joko eta bideo kontsola fabrikatzaile garrantzitsuenak.

PEGI sistemak adinaren araberako bost maila ditu; 3,7,12,16 eta 18 urtetik gorakoentzako taldetan antolaturik. Adierazle horiek osatzeko bideo jokoen edukien deskripzioa islatzen duten sei ikono grafiko ere erabiltzen dituzte, ondoko gaiak errepresentatuz.

Informazioaren gizartean bizi gara, eta ezberdintasunak areagotu ez daitezen internetera  sarbidea guztiok izan beharko  genukeela esaten dute behin eta berriz,

Interneterako sarbidea ukatzeak, semealabak  babestea baino, ez al dakar orduan aurkakoa?

Bai, noski. Interneten munduko informazio bildumarik  handiena dago. Gainera, edozein momentutan  eta edonondik kontsulta daiteke. Zuen seme-alabek izan  dezaketen edozein zalantzaren aurrean, interneten kontsulta bat egin eta kezka horiek argitzeko behar dituzten  baliabideak aurkituko dituzte.

Horrez gain, komunikazio  tresna paregabea ere bada. Munduko edozein tokitan dagoen jendearekin
harremanetan jartzeko aukera paregabea dugu, Interneten  dauden tresna ezberdinak erabiliz  (e-posta, foroak, internet bidezko  telefonia…).

Interneteko arriskuei aurre  egiteko modua ezin da, inolaz ere, debekua izan. Gure seme-alabak  hezi egin behar ditugu tresna honen  erabileran, ikastetxeetan ere  helburu bera dute, eta gero eta irakasle gehiagok erabiltzen dute  Internet klaseak antolatzeko eta  ikasleek egin behar dituzten lanak  osatzeko.

Interneten kasuan, nola saihestu seme-alabak  zenbait orritara sartzea,  edota zenbait eduki ikustea?

Hiru baliabide mota daude bereziki:

  • Web orrien blokeoa: Nabigatzaile  gehienek onartzen dute web  orri “gaiztoen” zerrenda bat osatzea,  eta, horrela, ezin izango ditugu web gune horiek bisitatu. Zerrenda  hori guk egiten dugu, beste  aukera bat izan daiteke enpresaren  batek egindako programa  instalatzea horretaz arduratzeko. 
  • Edukien iragazpena: Kasu honetan  ez da web gune bat baztertzen,  baizik eta horretan agertzen  diren edukiak. Hau da, web orri batean agertuz gero, sexuarekin,  indarkeriarekin, etab.ekin erlazionatutako  edukirik, ezin izango  dugu ikusi. Nabigatzaile batzuek  eskaintzen duten tresna da, eta,  era berean, zenbait enpresek eginiko  softwarea ere eros daiteke  lan hori egiteko.
  • Nabigazio saioaren behaketa: Programa berezi bat instalatuz,  gure seme-alabak interneten ibili  direnean zer ikusi duten, zer bidali  duten edota zer jaso duten kudeatzeko  aukera izango genuke.



Informazio-iturria:Gertutik aldizkaria
Egilea: Koldo Etxebarria Arabaolatza