Kannabisa: informazioa eta arriskuak
Kannabisari buruzko informazio apur bat.
Kalamuaren inguruan hitz egiten ibili zara Arrasateko ikastetxeetan? Zer landu duzu ikasleekin? Esperientzia honen helburua, nerabeek hausnarketa sakon bat egin ahal izateko zenbait tresna eskaintzea da. Beraien esku dago kontsumitzea edo ez, eta nola egitearen erabakia eta horregatik lantzen dugu norberak bere erabakien eta ongizatearen gain duen erantzukizuna.
Erantzukizunez jokatzen duen pertsona, bere jokaeraren ondorioak onartzen dituen pertsona da, egoera zail edo arazoen aurrean erantzun egokia emateko tresna egokiak bilatzeko gaitasuna duena, eta kalamuaren kasuan, erabilpena eta gehiegikeriaren arteko ezberdintasuna argi ezagutzen duena. Horretarako ezinbestekoa da
kalamuaren ondorio posibleen inguruko informazio erreala eskaintzea, alarmismotik eta axolagabekeriatik aldenduz, gizartean hedaturik dauden ideia edo topiko okerrak zalantzan jartzea eta norberaren beharren, gaitasun eta mugen inguruko hausnarketa egiten hastea.
Zeintzuk dira nerabeek kontsumorako dituzten motibazioak?
Kalamua kontsumitzeko arrazoi ezberdinak aurki ditzakegu. Gainera pertsona berarengan motibazio ezberdinak aurki ditzakegu noiz eta nola erabiltzen duen aztertzen badugu. Horrela, ez du helburu bera goizeko zortzietan eskolara sartu aurretik erretzen den «kanutoak» edo astebukaeran lagun artean erretzen denak; pozik daudenean edo triste daudenean erretzen dena...
Tailerretan aipatu diren motibazioen artean lehena kuriositatearena da, sarri transgresioarekin lotuta.
Cannabisa erretzea bere adinekoen eta taldekideen artean lekua hartzeko modu bat ere izan daiteke, hau da,
batzuek kideen aurrean lidergoa mantentzeko erabili dezakete, edo arreta deitzeko besteak egiten ausartzen ez direna eginez edo besteentzako kalamua lortuz adibidez.
Beste batzuk ordea besteak bezalako kide izateko hasi daitezke erretzen, besteengandik ez ezberdintzeko. Kontsumitu eta gero, plazerra da motibazio nagusiena, bizipen hau izango baita berriro kontsumitzera motibatuko duena.
Tailerretan zergatik edo zertarako erretzen duten galdetzean gehien entzuten diren erantzunak "gustuko dudalako" edo "efektuak atsegin ditudalako" dira. Eta nabarmentzen dituzten ondorio atseginen artean barre asko egitea, erlaxazioa eta ongizate sentsazioa, lasaitasuna, agresibitatearen murrizketa, eragiten duen gosea asetzerakoan sentitzen dena, musikaren hautemate ezberdina, pentsamenduaren dispertsioa, soziabilitatea... aipatu ditzakegu.
Erretzeari uztearen erabakia hartzea ez da erreza izaten , arriskutsua ez den droga bezala ikusteaz gain, ondorio atsegin hauei agur esatea bezala ikusten delako.
Gehien kezkatu behar gaituena ordea zailtasunen aurrean ihes egiteko egiten den erabilpena da. Zentzu honetan narkotiko bezala erabili daiteke, gogoa lokartzeko eta gure inguruan eta gure baitan gertatzen ari dena ez sentitzeko. Ez da erreza izaten tristura, frustrazioa, bakardadea, harremanetan zailtasunak, beldurra... bezalako zenbait sentimendurekin bizi eta moldatzea, baina bizitzaren ezinbesteko atalak dira, nahi eta nahiez bizi beharko ditugun esperientziak. Nerabezaroan oraindik eta gogorragoa izan daiteke bizipen hauetatik igaro eta ikastea, ez da norberarengan daukagun segurtasunagatik nabarmentzen den aro bat, eta ustez bide errazena dena aukeratu daiteke: egoera zailak alde batetara uztea. Honek epe motzera lasaitasuna ekarri badezake ere, luzera gure aurka bueltatuko da.
Zeintzuk dira nerabezaroan kalamua erretzeak izan ditzakeen arriskuak?
Arriskuetaz hitz egiten denean argi eduki behar da gertatu daitezkeen gauzak direla, baina askotan gertatzen ez direnak. Epe motzera, erre eta gutxira, arreta sakabanatu egiten da, zailagoa izaten da kontzentrazioa mantentzea, eta informazioa ez da ondo gordetzen oroimenean. Eragin ezagunetariko bat gauzak erraztasunez ahaztearena da, honek ikasteko zailtasunekin duen harreman nabaria delarik.
Askorentzat ezezaguna den beste ondorio bat ekar ditzakeen antsietate egoerak dira. Kontsumitzen dutenen %20-30ak antsietate egoerak bizi dituzte. Horretaz aparte, motelago bihurtzen gara gure erantzunetan, eta denbora gehiago behar dugu egoerei aurre egiteko. Honek berebiziko garrantzia du auto edo motorra erabiltzen ari bagara. Honi alkoholaren efektuak biderkatzen dituela gehitzen badiogu dena esanda dago.
Beste ondorioetariko bat «txurikoarena» edo tentsio jaitsierarena da, honek dakarren zorabioa eta jausteko arriskuarekin. Ondorio hauek erretakoaren eraginak pasatzerakoan desagertu egiten direla esan beharra dago.
Epe luzera, sortu dezakeen mendekotasun psikologikoa, beste arazo psikiko batzuen okertzea eta biriketan duen eragina nabarmenduko nituzke. Erretzeko motibazioa arazoei aurre ez egitea baldin bada, kalamuari egotziko diogu gure ongizatearen ardura eta ezinbesteko lagun bilakatuko da gure bizitzan.
Beste arazo psikologikoen okertzeari dagokionez, oraindik ez dago adostasunik sortu ditzakeen gaitzen inguruan. Zalantzan jartzen ez dena da kalamuak eskizofrenia eta depresioa izateko predisposizioa duten pertsonengan egoera hauek garatzeko aukera ugaltzen duela. Beste adostasun puntu bat kontsumoaren hasierako adinari dagokiona da. Zenbat eta gazteago hasi orduan eta arazoak izateko aukera gehiago dago.
Sarri seme-alabekin drogen inguruan hitz egitea ez da erraza izaten gurasoentzat? zer gomendatzen diezu gurasoei?
Garrantzitsuena hitz egitea da, baina ez drogetaz bakarrik, eta entzutea. Guk esandakoak ez du balioko
entzuten ez badute, eta ez dute entzungo guk era berean beraiek entzuten ez baditugu. Ez da erreza garai honetan ordea. Dena den, nahiz eta gurasoak, eta helduak orokorrean, garrantzia galtzen dutenaren itxura eman, ezinbesteko erreferente izaten jarraitzen duzue.
Informazio-iturria: Gertutik aldizkaria
Egilea: Aitor Alkorta (Psikologoa)