Nire semea/alaba operatu egin behar dute, zer egin dezaket bera prestatzeko?
Lau urtetxo daukan nire semeari/alabari ebakuntza egin behar diote; hori dela eta, larri urdurituta nago. Ez dakit nola azaldu behar diodan egin behar dioten guztia; nola egin bera prestatuta egoteko; zer egin ospitalean gaudenean. Lagunduko didazue?
Ezinezkoa da haur baten estutasuna erabat saihestea, ezta interbentzio kirurgiko baten aurrean haurraren beldurra guztiz ekiditea ere; baina sentimendu horiek txikitzen lagun diezaiokegu, bai horixe. Hona hemen gomendio batzuk:
- Lehenik eta behin, eta haurraren arrazoitzeko ahalmena mugatua izanda ere, ebakuntza zertan datzan, zergatik den beharrezkoa eta zergatik egin behar dioten azaldu behar zaio gainetik.
- Komenigarria da abantailak nabarmentzea («eztarrian min egiten dizuten eta kalte egiten dizuten koskor batzuk kendu behar dizkizute eztarritik»), eta deskribapen odoltsu eta asaldagarriak ekiditea.
- Min apur bat egingo diola ohartaraztea ondo dago, berarekin egongo garela esanda. Antsietatea agertuko bada ere (beldurrak, esfinterrak deskontrola daitezke...), hobe da hori, etorriko direnek haurra erabat ezustean harrapatzea baino.
- Ebankuntzan zehar, haren ondoan egon eta lagundu egin behar zaio: «Lasai, zurekin nago», «gutxi geratzen da» etab. Normala da haurrak negar egitea, garraxi egitea edo hankei eragitea; guk bera lasaitu egin behar dugu (haurraren portaera itsustu barik, normala baita hala jokatzea). Funtsezkoa da gu lasai egotea umeari lasai egoten laguntzeko.
- Ebakuntza anestesia orokorrarekin egiten bada, lo eginaraziko diotela eta ez dela ezertaz ohartuko esango diogu. Ona da, halaber, haurrarekin ahalik eta luzaroen egotea -ospitaleak onartzen duenaren arabera- eta aurrez esatea zenbat denbora egongo den ospitaleraturik.
- Egokia da, baita ere, haurra medikuarekin zuzenean egotea, medikuak ebakuntzaren nondik norako batzuk azal diezazkion eta haurra lasai dezan. Halaber, inportantea da, trantzearen gogorra zati batean behintzat konpentsatzeko, zerikusirik daukaten aspektu atseginak bilatzea. Esaterako, amigdalak erauzi behar izanez gero, esan haurrari gerora, egun batzuetan, izozkiak, natilla eta abar jan ahal izango dituela.