Hemen zaude: Hasiera Guraso eskola Osasuna Psikologia Haurren ezaugarriak
Dokumentu Akzioak

Haurren ezaugarriak

Garapenaren psikologia: haurren ezaugarriak

0-2 urte: lehen haurtzaroa

Izakiaren oinarri-oinarrian dagoen etapa labur baina erakargarria eta harrigarria da hau. Haur txikiek heltze eta garapen prozesu bat jarraitzen dute, eta horren oinarrizko koordenatuak kode genetikoetan ezarrita daude. Hala eta guztiz ere, eskolak, familiak bezala, eginkizun garrantzitsua du, prozesu hori eratzeko eta sendotzeko orduan. Baina gainera, haur eskolako aldia hertsiki lotuta egongo da txikiaren nortasunaren eta izaeraren oinarrizko osagaien finkatze eta zabaltzean.

Alderdi fisiko eta psikomotorea:

Lehen haurtzaroko (0-2 urte) garapen fisikoa, haurtzaroarekin parekatuz, motelagoa dela esan daiteke; nahiz eta garapenaren alderdi oso garrantzitsua izaten jarraitzen duen. Honela, garapen psikikoaren eraginez, haurraren gorputzaren ezaugarriak helduen ezaugarrien gero eta tankera handiagoa hartzen doaz: lepoa indartuz doa, burua zuzen eustera iristen da. Gorputz muturren hazkundea azkarragoa da, gorputz sustraia mantendu egiten da. Gorputz hezurrak kaltzioa irabazten dute eta honek finkotasuna ematen die. Nerbio sistemaren heltze prozesuaren eraginez, haurrak gaitasun psikomotorea irabazten du, gorputza menderatzeko.

Giza portaera:

Lehen haurtzaroan, bereziki haurra eta ama/zaintzaile harremana oso garrantzitsua izango da eta gainontzeko harreman sozialen garapenerako bideak zabalduko ditu. Harreman honi ematen zaion dedikazioa, denbora eta modua; hots, bere nortasuna eta autonomia garatzeko aukerak emango dizkiona.

Lehen haurtzaroan bereziki, haurraren harreman sozialen ildo nagusia helduak izango dira: jolaserako lagun egokienak, egoteko, nahiak asetzeko... Bigarren urte amaiera inguruan gainontzeko haurrekiko harremanak garatzen hasten da. Giza harremanak lantzeko jolasa erabiliko da bitartekari modura; berau seigarren urte arte mantenduko da. Dena den, besteekiko harreman behar hori sarri kontrajarria agertzen da garai horretako izaera egozentristarekin.

Bigarren urte arte haurra dependentzia osoan bizi da. Baina hemendik aurrera, bere harreman sozialak zabaltzen doaz: ama, familia, ... Hiru urte inguruan, oposizio eta burugogorkeria portaera nabariak autonomoago egiten ari dela adierazten digute. Seigarren urterako, bere esperientziaren esparrua eta autonomia maila handitu da, eta  aurrerantzean, gero eta azkarrago joango dira handitzen.

Hiru urte betetzean, neska-mutilen arteko gorputz desberdintasunak ikasten ditu; eta ezberdintasun hauenganako zalantza eta kuriositate piloa sortzen zaizkio.

Garai berdintsuan, bilakaera linguistikoa ere faktore garrantzitsua izango da.  Hitzak errepikatzea eta abestea atsegin du. Era berean, beraien nahiak hitzaren bitartez adierazten hasten dira. Esaldiak motzak eta sinpleak dira.

Jolasa garapenean:

Norberak gorputzarekin egiten dituen jolasak bigarren urte arte irauten dute (balbuzeoak, esku jolasak,...). Dena den, jolasaren esparrua oso zabala da eta jolas mota ezberdinak erabiltzen dira garapen prozesuan.

  • Jolas funtzionalak: hauetan material ezberdinak erabiltzen dira jolaserako. Jolas mota honek ez du helburu zehatzik, baina bitartekari ona da hainbat eta hainbat ezagutza lortzeko ( zentzumenak erabiliz : ukimena, usaimena, entzumena... ).  
  • Eraikuntzazko jolasak: hiru helburu nagusi azpimarratzen ditugu, bata hiru dimentsioen kontzeptuaren hurbilpena, beste bat, sormena lantzea eta azkena, motrizitate fina garatzea. ( blokeak, legoak, buru – hausteak... ) 
  • Jolas soziala edo sinbolikoa: beste pertsona batzuen ekintzak, lanbideak e.a. imitatzean datza. Jolas hauen bitartez, haurrak errealitatearen arauak barneratuko ditu.

3-6 urte: bigarren haurtzaroa

Etapa honetan, haurra gauzak sinbolikoki erabiltzen hasten da.

Garapen kognitiboa:

  • Sormena eta mugimendua.
  • Fantasia : kontatzen duena fantasiaz eta irudimenez beteta egoten da.
  • Ikuspegi globala : sinkretismoa. Ideia edo gertaera baten aurrean, bere bizipenaren arabera, adierazgarriak diren aspektuak soilik barneratzen ditu.
  • Pentsamendu sinbolikoa. ( Jolasa = pilota, familia = aita – ama ... )
  • Imitazioa agertzen da.
  • Jolas sinbolikoa : errealitatea adierazteko objektu sinbolikoak erabiltzen dituzte. ( panpina = umea, janaria = hostoak, harritxoak... )
  • Egozentrismoa : haurra ez da gai bestearen azalean jartzeko.

Ondorio eta beharrak :

  • Jolas sinbolikoa bultzatu eta landu (materialak, jolasak, antzerkiak...)
  • Haurrak behar du: Manipulazioa objektuekin. Aktibitatea.Esperimentazioa. Jolasa nagusiekin eta kideekin.

Garapen afektibo eta soziala :

  • Interes ludikoak, batez ere.
  • Mugimendu beharra : bere gorputzarekin trebetasunak frogatu behar ditu.
  • Garai honetan jolas lasaiak ere tartekatzen dira. 
  • Independentzia gehiago. Norberaren deskubrimendua eta besteen deskubrimendua (ni eta besteak).
  • Besteekiko interakzioa : rol jolasak, arauen jolasak.
  • Arau sozialak nolabait ezagutzen hasten dira.
  • Autonomia garatu . Bere kideekin taldea osatzen hasten da.
  • Helduarekiko beharra gutxitzen doa.
  • Ohiturak handitzen doaz. Gai da bakarrik : jantzi, garbitu, jan...
  • Askoz hobeto ezagutzen du bizi den ingurua eta horri esker gauza berriak ikasten ditu, beste pertsona batzuk, natura eta bizimodu berriak.

6-12 urte: nerabe aurreko aroa

Alderdi emozionala:

Emozio handien adierazpenak diraute, baina garapenak eragina izango du hauek azaleratzeko moduan. Emozioek iraupena eta estabilitatea irabazten dute. Era berean, hauek menderatzeko gaitasuna agertzen da.
Ondorioz, agresibitate fisikoa gutxitu egingo da eta aldiz, hitzezko agresibitatea areagotzen da. Emozio moduak zabaltzen doaz (negarra, barregura, lotsa, konplexuak...). Haurra gizarteratzen doan heinean, bere emozioak ere, talde edo bestelako pertsonekin lotuagoak egongo dira.

Sentimenduei dagokionez, gurasoekiko independentzia joera gero eta garatuagoa izango da; dena den, haurrak duen maitasun beharra dela medio, independentzi joera hau ez da guztiz “erreala” izango. Honen adierazgarri izaten da zirkulu intimoetan oraindik agertuko duen portaera nahiz jarrera “egozentrikoa”, gizarte taldetxoan agertuko ez duena. Hau da, bere autonomia nahi izango du, baina helduarengandik atentzioa eta dedikazioa eskatuko du (harrokeria, haserreak, ...).

Haurrak adin honetan irakasle zein dinamizatzailearekin duen harremana, gurasoekin duen harremanaren islapena izango da. Honela, poliki-poliki hauekiko atentzioa aldendu eta eskola/kale/talde kideekiko interesa gehitzen da.

Helduarekin (zaintzailearekin ) egon daitezken harreman negatiboak arrazoi ezberdinak izan ditzake :

  • Zaintzailearen partetik gehiegizko zurruntasuna.
  • Haurraren arrazoi/arazo pertsonalak, inguru familiarretik datozenak.
  • Haurraren arazo afektiboak, bere historia psikikoan zergatia izan dezaketenak.
  • Haurraren beste kideekiko harreman estuengatik.

Adin honetan, haurrak bere anai-arreba eta gainontzeko kideekiko ager dezakeen harremana, kooperazio nahiz lehiakortasunezkoa izan daiteke. Dena den, sortzen doazen harreman berriak gero eta sendo eta iraupentsuagoak izango dira.

Alderdi soziala:

Haurrak bere nahi eta desio bortitzak ahaztu beharko ditu, eta bizimoduaren arauetara egokitu beharko da. Arlo honetan hezkuntzak eta eskolaratzeak garrantzi handia hartzen dute. Gerta daiteke une honetan haurrak egokitze arazoak izatea. Bestalde, gutxiagotasun sentimendua ere ager daiteke, haurrak sarriago besteekin batera gauzak egin behar izango ditu, eta honek, taldean beste bat besterik ez dela konturatzera eramango duelako.

Haurren alderdi psikologikoa eta adimena garatzen doazen heinean,  haurrak besteek zer pentsatzen duten eta zein sentimendu duten atzemateko gaitasuna izango du. Honek gutxinaka elkarrenganako errespetua garatzen lagunduko dio, eta honela, moralaren lehengo aztarnak bermatuz joango da.

Mugipen garapena:

 

  • Gorputzaren garapen eta efikazia handiagoa.
  • Gorputz-eskemaren egituraketa.
  • Oinarrizko mugimen-trebetasunak lortu.
  • Gorputz irudi egoki eta autonomoa.

Garapen kognitibo:

  • Egozentrismoa gainditu.
  • Abstrakzio-gaitasun handiagoa.

Garapen afektibo eta soziala:

  • Taldea bere erreferentzi puntu bihurtzen da.
  • Auto kontzeptua eratzerakoan interakzio sozialaren garrantzia.
  • Inguruarekiko sentsibilitatea.
  • Autonomia: Familiaren garrantzia eta kanpoko exijentziak: umearengan konfiantza jartzea bere posibilitateak eta gaitasunak bultzatuz.

Ezaugarri orokorrak:

6-8 urte

  • Oso aktiboa da.
  • Bere gauzekin oso posesiboa eta berekoia.
  • Lagunekin jolastea atsegin du.
  • Munduak nola funtzionatzen duen ezagutzeko jakin-mina dauka.
  • Pertsona helduen arreta behar du.
  • Jolasak : kolekzionatzea, abilitatezko frogak gustukoak.

9-12 urte

  • Jolas kolektiboetan sexuaren arabera banatzen dira.
  • Nerabezaroaren aurreko garaia da.
  • Hitz egin, irakurri eta entzutea atsegin badute ere, korrika, salto egin, bizikleta eta patinatzea asko gustatzen zaie.
  • Egoera emozionalak oso aldakorrak dira (iraupen motzekoak).
  • Heroiak bere gustuko pertsonaiak dira.