Hemen zaude: Hasiera Guraso eskola Osasuna Psikologia Autoestimua
Dokumentu Akzioak

Autoestimua

Haurrak eta euren buruarenganako konfiantza

Txikitatik euren autoestimua indartzea

Lehen urtetik aurrera, umeak badu bere buruaren noziorik eta ohartzen da zer egin dezakeen eta zer ez. Gurasoek, ahal dugun guztietan, haurrek euren buruarengan duten konfiantza indartu behar dugu.

Umeak trebetasun berriak bereganatu ahala ikasten du eta lorpen horiek konfiantza ematen diote. Haren egintzek besteengan sortzen dituzten erreakzioek, gainera, haurraren autoestimuan eragiten dute.

Autoestimu ona duen haur batek bere nortasuna indartuko du eta positiboa eta zoriontsua izango da. Hobeto aurre egingo die frustrazio txikiei eta hobeto moldatuko da inguratzen duen mundura. 

Zer egin dezakegu gurasoek?

  • Poztu zaitez oso haurrak egindako lorpen txikiekin edo lorpen horiek eskuratzeko egindako ahaleginarekin.
  • Kalifikatibo positibo asko eta asko esaizkiozu, adierazi beti zein ona den, gauzak zein ondo egiten dituen eta zenbat maite duzun. 
  • Zure maitasuna kontaktu fisiko askorekin adierazi. Horrek segurtasun sentipen zoragarria, oso maite dutelako sentipena, sorraraziko dio.
  • Zerbait lortu nahi eta ezinaren frustrazioak gainezka egiten badu, besarka ezazu eta anima ezazu ondo egiten dakien beste jarduera bat egitera. 
  • Erronkak pauso txikitan gainditzeko moduan jarri, erronka bakoitzak aurrekoarekin zerikusirik ez duen lorpen bat ekar dezan.

Egilea: Luz Bartivas

 

3-4 urte: Haurraren autoestimuak aitatxoren eta amatxoren goraipena behar du

Hiru urteko haurrek motibo ugari dute harro egoteko, egiten dituzten aurrerapenak bizkorrak eta etengabeak dira eta. Ondo egiten dakiten guztia erakutsi nahi dute. Gauzak bakarrik egiten utziz gero eta erronkak gurasoen laguntza barik gainditzen utziz gero, haurren autoestimua handitu egiten da.

Hiru urterekin, aurreko urtean baino askoz ere hobeto kontrolatzen dute euren gorputza eta egiten dituzten mugimenduak eraginkorragoak dira. Eskailerak abiadura handian igo eta jaitsi ditzakete, atzerantz ibili, arineketan egin, buelta eman eta baita trizikloan ibili ere. Eta hilak pasatu ahala, euren zalutasuna eta aukerak handitu eta handitu egiten dira.

Garapen pertsonal handia

  • Badakite barregura ematen dutela eta gogoko dute barregarri izatea. Eta irudimenaren aroan bete-betean daudenez eta errealitatea eta fantasia bereizteak ez dituenez gehiegi kezkatzen, balentriak eta batailatxoak ere asmatzen dituzte gu ahozabalik uzteko.

  • Euren buruaz duten ideiaren eta autobalioespenaren (autoestimua) oinarriak eraikitzen ari dira. Orain kausa-ondorio nozio oinarrizko bat edukitzen hasten dira, eta hala, euren ahaleginen emaitzak beretzen hasten dira.

  • Inguruan dutena modu eraginkorrean ikertzeko motibazio indartsua sentitzen dute: jakinmina, jolasa, esplorazioa eta gero eta gaitasun handiagoa dutela sentitzea. Bulkada horiek sortzetikoak dira eta oso baliotsuak dira, haziz goazen neurrian, aurrerapen pertsonala eta soziala egiteko, helburuak eta xedeak lortzeko eta bidean ahaleginak egiteko.


Nola jokatu behar dute gurasoek?

  • Haurra ez da irrigarri utzi behar, ez haren arrandiei nahiz panparroikeria xaloei burla egin behar ere. Hala jokatzen badudu, lotsaren haziak ereingo ditugu, irrigarri geratzeko beldurraren haziak, eta horixe da sentimendurik kaltegarrienetako eta paralizatzaileenetako bat, izaeraren ezaugarri iraunkorra bihurtu eta bizi osoan zehar gainean eraman daitekeena.
  • Haurrek laudorio ugari eta baldintzagabeak jaso behar dituzte, euren ahaleginen emaitzak arrakastatsuak izan ala ez. Laguntza hori falta bazaie, zalantza eta gutxiagotasun zein gutxiegitasun sentimenduek ezabatzeko zailak diren ezgaraiko sustraiak bota ditzakete orain.
  • Haurrek baikortasun hautsiezina daukate, euren aukeretan konfiantza osoa daukate, etsipenarentzat atzemanezina den konfiantza, eta ona da hori hala izatea. Horretan, adin honi dagokion egozentrismoak eragina du, errealitatea eta desioa ez baitira bereizten. Beharrezkoa da helduek baldintzarik gabe adore ematea; izan ere, adore horrek superman edo superwoman samar sentiarazten ditu haurrok.
  • Haurren balentrien aurrean, harrituta eta liluratuta agertu beharra dago. Esaten badiegu noraino gauden beraietaz harro, hobetuz eta hobetuz joatea oso atsegina egingo zaie.
  • Ez da euren logika eta haur fantasia helduon logika erabatekoarekin zuzendu behar. Haur batek esaten badigu: «Orduan nik lehoia garaitu nuen», mundua ez da bukatuko hauxe erantzuten badiogu: «Tira! Zu bai mutiko indartsua!».
  • Haurrak etengabe fantasian bizitzea ere ez da kontua. Gure semeak edo alabak lehoia bentzutu duela onartu ondoren, on da halako konplizitate doinu bat erabiltzea, ohar dadin azken batean badakigula bai bera bai gu jolasean gabiltzala. Horrek ez du esan nahi, baina, burlaizez edo sarkasmoz jokatu behar dugunik.
  • Haurrekin denbora pasatu behar dugu, berba eginez eta sortzen zaizkien galderei erantzunez, hala, eurentzat mundu errealerako zubi izango gara eta. Baina presa barik.

Egilea:Luciano Montero