Gaixotasun zeliakoa
Gaixotasun zeliakoa
Glutenak eragindako enteropatia ere deitzen da. Gaixotasun hau duten pertsonetan, gliadina glutenaren osagaiak heste meharreko biloak kaltetzen ditu. Ondorioz, elikagai gehienen xurgatzea nabarmen murrizten da, eta sintoma hauek agertzen dira:
- Beherakoa, gantz azido ugari duten bolumen handiko gorotzak. Horrek pisua galtzea dakar eta, gaixotasunak luze iraunez gero, elikagai falta nabarmena.
- Anemia, gorputzak behar baino burdina eta azido foliko gutxiago xurgatzen duelako.
- Hezurretako mina eta hezurrak haustea ere gerta liteke, kaltzio eta D bitaminaren xurgatzea kaltetuta dagoelako.
Diagnostikoa
Diagnostikoa egiteko, lehenengo, gorotzen analisi bat egiten da, koiperik eta xurgatu gabeko gantz azidorik ote dagoen ikusteko. Ondoren jeiunoaren (heste meharreko bigarren zatia) biopsia egiten da, eta hor argi ikusten da biloak atrofiatuta dauden edo ez.
1953an herbeheretar ikertzaile batzuek ikusi zuten haurretan gaixotasun zeliakoaren sintomak azkar desagertzen zirela, dietatik garia, garagarra, zekalea eta oloa kenduz gero. Orduan konturatu ziren zitu horietan zegoen glutenaren gliadinak eragiten zuela kaltea hesteetako biloetan.
Dietoterapiak, beraz, sintomak berehala desagerrarazten ditu, baina ez du inoiz lortuko gaixotasuna sendatzea; gaixoei berriro glutena emanez gero, sintomak berriro agertzen dira. Beraz, lehenengo pausoa dietatik glutena duten janari guztiak ezabatzea izango da (lehen aipatutako 4 zituak eta horiekin ekoitzitako irin eta jaki guztiak), eta ondoren, gaixoak izan dituen galeren arabera, bitamina eta gatz mineral gehigarriak eman behar zaizkio.
Egia da glutenik ez duen dieta kontsumitzeak elikaduran aldaketa garrantzitsua ekartzen duela. Izan ere, gure gizartean janari asko eta asko daude garia oinarri dutenak. Baina, merkatuko eskaintza gero eta zabalagoa denez, aukerak ere pixkanaka anitzagoak dira gaixotasun hau jasaten dutenentzat, eta lasai kontsumi ditzakete artoa, artatxikia, arroza, soia, tapioka, kinoa… eta horiekin guztiekin ekoitzitako irin eta produktuak.
Hori bai, etiketak zehatz-mehatz irakurtzea ezinbestekoa izango da; izan ere, batzuetan janariei zuzenean gehitzen zaie glutena, prozesatzeko garaian, eta saltsak, etab. egiteko ere erabiltzen da substantzia hau.
Kontuz honako janari hauekin (beti etiketak ongi begiratzea komeni da):
- Saltxitxak, hestebeteak, haragi begetalak, frijituak… beraien ekoizpenean, maiz, glutena duten zituak erabiltzen dira.
- Saltsa duten aurrez prestatutako janariak; saltsa horien ekoizpenerako, garia erabiltzen da askotan.
- Latetan saltzen dituzten barazki eta lekak.
- Sobreko zopak.
- Gailetak, pastak, gozoak…
- Garagardoa, ginebra, whiskya eta garagar maltatua duten teak.
Aldiz, lasai jan ditzakete:
- Esneki guztiak.
- Modu naturalean eta aurretik prestatu gabe dauden haragi eta arrain guztiak.
- Barazki fresko edo izoztu guztiak eta fruta fresko eta latako guztiak.
- Aurrez prestatu gabeko lekak.
- Azukreak, marmeladak, txokolatea…
- Artoa, arroza, artatxikia, kina eta fruitu lehorrez eginiko zitu, irin, pasta eta ogiak.
- Ardoa, kafea, edari karbonatatuak…
Gaixotasun kronikoa denez, sintomak hobetzean ez da komeni lasaitu eta berriro glutena hartzen hastea. Sintoma txikiak berehala agertzen dira, baina larriak (desnutrizioa, anemia…) zortzi asteren buruan hasten dira nabaritzen. Gainera aldi batean glutena hartu-utzi ibiliz gero, azkenean dietak ere ez du lortzen gaixotasuna hobetzea, eta eritasun larriagoak sortzen dira: jeiunoileitis ultzeroso kronikoa, minbizia eta linfomak… Glutenik gabeko dietari eusteak arrisku horiek guztiak gutxitzen ditu.
Iturria: www.zientzia.net