Elikadura nahasteak, bulimia, anorexia eta obesitatea
Bulimia, anorexia eta obesitatearen ezaugarriak azaltzen ditu artikulu honek.
Elikatzeko jokaeran izaten diren nahasteak jatorri psikikoa duten nahasteak dira. Azken urteotan nahaste horiek garrantzi handia hartu dute gero eta gehiago hautematen direlako, garrantzi kliniko handia hartu dutelako eta eragiten duten inpaktu soziala gero eta handiagoa delako. Halako arazo baten garapenean, hainbat faktore sozio-kulturalek (gorputzarekin eta liraintasunarekin lotuta daudenak), biologikok eta psikologikok parte hartzen dute.
Gehienetan, nerabeen artean agertzen dira arazook, 12 eta 25 urte bitartean, eta emakumeen artean sarriago, nabarmen gainera. Badira joera handiagoa duten talde batzuk, hala nola gimnastak, hegazkin laguntzaileak, dantzariak, modeloak.
Anorexia
Anorexiari dagokionez, gorputzarekin lotutako aspektuek rol zentrala jokatzen dute nahastearen psikopatologian. Badago argaltzeko nahi bat, dieta zorrotzetan eta elikagaien hautapenean (balio kaloriko handiko elikagaiak baztertu egiten dira) oinarritua, gorputz eskema nabarmen eraldatzen duena eta, pisu txikia izanik ere, neskek euren burua “gizen” ikusten jarraitzea eragiten duena. Hori hala, libragarriak eta diuretikoak bereizkuntzarik gabe erabiltzeari eta euren buruari botaka eragiteari (garbitzeko bide gisan) ekiten diote; gainera, hiperaktibotasun fisikoan ere erortzen dira (konpentsazio neurri gisan). Egoera fisikoari dagokionez, desnutrizioak honako ondorio hauek ekartzen ditu: alterazioak larruazalean, ilea erortzea, hortzetako esmaltea eraldatzea, amenorrea, hipotermia, hipotentsioa, besteak beste.
Bulimia
Bulimiaren ezaugarri nagusia pisua edota gorputz irudia dela-eta gehiegizko kezka izatean datza, baina anorexian gertatzen denaz bestela, nagusiagoak diren pertsonengan ere ager daiteke, eta oso dieta zorrotzak behin eta berriro egin ostean hasten da. Halako pertsonen elikadura honela ezaugarritzen ahal da: aldi batzuk non irentsi beharra sekulakoa den, eta kontrola galtzea. Behin betekada amaituta, erru, lotsa eta damu sentimenduak datoz, eta horiekin batera, gorputz ondoeza. Horrek guztiak betekadaren ondorioak indargabetu edo neutralizatzeko ekintzak egin behar izatea dakar, eta hala, betekada-garbiketa zikloak ezartzen dira.
Neurri horiek hartzeak dakartzan konplikaziorik sarrienak hauek dira: hortzetako esmaltea galtzea, desoreka elektrolitikoa eta errefluxu gastrikoa, besteak beste.
Ikuspegi psikologikotik, bestelako alterazio batzuk ere izaten dira, hala nola depresioa, alkohola edota droga gehiegi hartzea, bulkaden kontrola galtzea etab.
Halako patologietan, ohikoak dira anorexia eta bulimia aldiak txandakatuz joatea.
Obesitatea
Obesitateari dagokionez, elikaduraren funtzioa plazeraren eta ihesaren bila joateko tresna bihur daiteke, plazerik ematen ez duten egoera emozionalak konpentsatzeko bide gisara. Jatun konpultsiboek janariarekiko garatzen dituzten jokaerak eta drogaren mende daudenek drogarekiko garatzen dituztenak pare-parekoak dira, eta horrek desoreka asko eta askotarikoak sortzen dizkie; organikoen artean, diabetesa, hipertentsioa edo bihotz-hodietako arazoak; psikologikoen artean, berriz, depresioa, autoestimua galtzea, antsietatea edo erru sentimendua; eta sozialen artean, azkenik, diskriminazioa eta bazterketa.