Ekola porrota. Akademizismotik ihes egiteko garaia
Irakasle eta pedagogo bi eta guraso bat elkartu ditu Argiak mahaiaren bueltan, benetako porrotaz hitz egiteko: Meltxor Artetxe, Itziar Pagoaga eta Bego Zuza.
Ohituta gaude eskola porrotaren zenbaki gordinak ikustera. Finlandian, Europako emaitza onenekin, %8 pasatxokoa da porrota eta EAEn aldiz, %14tik gorakoa, 2006ko datuen arabera. Baina askoz sakonagoa den errealitatearen azken distira baino ez dira zifrak, ala notetan isla daiteke benetako porrota? Islatzen al da hezkuntza sistemaren amaraunean galdu den ikaslearen ezintasuna, irakasleak duen egitekoa, gurasoen inplikazio maila? Zenbakietan oinarritutako ebaluazioak ondo eman al dezake haurraren gaitasunen berri? Irakasle eta pedagogo bi eta guraso bat elkartu ditugu mahaiaren bueltan, benetako porrotaz hitz egiteko. Eskolak egoista, erosoa eta akademikoa izateari utzi behar diola esan digute, eta protagonismo eta arreta guztia hezkuntzaren helburu nagusiari eskaini behar zaiola: ikaslea.
Eskola porrotaren tamaina adierazteko, ehunekotan ematen dizkiguten estatistika ezkorrak ezagunak ditugu. Zenbakietara mugatu daiteke ordea eskola porrota? Zer da, nola definitu?
MELTXOR ARTETXE. Eskola porrotaren kontzeptuak
indarra hartu zuen ikaskuntza prozesua 16 urtera arte derrigortu zen
unean. Hortik abiatuta, kontzeptua jorratu izan dugunetan definizio
asko agertu zaizkigu, ikaslearen ikuspegitik egitea edo eskolaren
funtzionamenduaren ikuspegitik begiratzea desberdina baita. Nik bi
definizio ekarriko nituzke hona: batetik, kuantitatiboa;
estatistiketan, porroterako muga jartzeko orduan kontuan hartzen da 16
urtera arteko derrigorrezko eskolaldi horretan hezkuntzak jarritako
espektatibak, emaitzak eta tituluak nork lortu dituen eta nork ez.
Bestetik, kualitatiboa; hezkuntzan bete-betean sartuta gaudenontzat
konplexuagoa, serioagoa eta inportanteagoa, diakronikoa, ez dira kopuru
eta estatistika batzuk, baizik eta egoera pertsonal askotan mingarriak,
bere baitan faktore desberdinak hartzen dituztenak, porrot sozial edo
orokorrago baten zati…
ITZIAR PAGOAGA. Ados nago, egia da tituluaren
arabera neurtzen dela, baina ikusi beharko genuke zein zonaldetan eta
nola ematen den porrot hori, egoera ekonomikoak eta kulturalak eragin
handia baitu. Gure ikuspegia baldin bada hezkuntza altxorra dela
gizakiontzat, puntu bat izango dugu, produktibismotik jotzen badugu
beste bat, eta erreprodukzio sozialetik beste bat. Nik, dudarik gabe,
giza altxorra kontsideratzen dut kultura, eta horren barruan hezkuntza.
Hortik abiatuta, helburu desberdinak daude eta beraz porrota ez
litzateke muga kuantitatiboetara mugatu behar. Egia da hor dagoela
kopuru bat, beti existitu dena, ez dena sartzen eskolak eskaintzen dion
horretan, eta eskolaren ezina bezala planteatu behar da. Etorkinekin
bezala: lau etorkin iritsi dira eta gizartea hankaz gora jarri dute?
Gizartea izango da ahul dagoena! Eta eskolan 14-16 urteko lau gaztetxo
ezin ditugu gobernatu? Eskola izango da ahula, ezta? Zein eredu sozial
ematen ari gara? Interneten arakatuta, ikasleekin lotzen da porrota,
abundantzian hazitako ikasleekin, frustratzen ez dakiten ikasleekin,
baina nire esperientziak ez du lotzen porrota abundantziarekin, beste
ahulezia batzuekin baino. Datuek diote Finlandiak guk baino dezente
porrot gutxiago duela eta Portugalek guk baino gehiago, zerbait esan
nahiko du, ezta? La letra con sangre entra garaiko askoren
kritika beti da familiarentzat, familia desegituratuez erraz hitz
egiten dugu irakasleok… Eta eskola? Nola dago eskola? Zer eskaintzen
die gure gazteei?
Eta zuk, Bego, guraso bezala nola bizi duzu eskola porrota?
BEGO ZUZA. Ama bezala, porrotaren ardura interesatzen zait, arduraren banaketa. Alegia, familia nola integratzen den eskolan, gurasoak nola integratzen diren, eta bide hori elkarrekin nola egiten duten. Nik oso esperientzia interesgarria izan dut, guraso bezala eskola irekia topatu dudalako beti eta benetako zati izaten utzi dit. Eskolak guraso bezala hezi egin nau eta hori ere eskolaren funtzioa dela uste dut. Eskola eta familiaren arteko konplizitatea lortzen denean, ikaslearen ahulguneak eta indarguneak ezagutzeko oso lagungarria da. Nire ustez, bidea batera egiteak, batera lan egiteak laguntzen du porrota saihesten, eta horregatik zintzo jokatu behar du eskolak gurasoekin. Porrota ez da ikaslearena, 2-3 urteko haur bat eskolan uzten baitugu, eta bide horretan asmatu behar dugu hasieratik jada noiz ari garen oker jokatzen. Lorpena ez baita soilik DBHko titulua lortzea; haur hezkuntza, lehen hezkuntza, DBH eta unibertsitateko porrotak ere badaude. Sistema eskolarraz mintzatzen gara, baina teoria orokorretatik jaitsi egin behar gara eta bakoitzak bere taldean, bere eskolan zer egin dezakeen ikusi behar du, zertan lagundu dezakeen ikasle horiek aurrera atera daitezen. Baina ez nota onak ateratzeko, presio sozial handi hori gainetik kendu behar zaie, lehiakortasun ikaragarri hori kendu, eta arduraz eta solidaritateaz hitz egin behar dugu ikasleekin. Eskolak baliabideak eman behar dizkio ikasleari, harro eta motibatuta bizi dadin, etorkizunean kamioilaria izan edo enpresario.
M. ARTETXE. Kontua da ezin dugula nahi genukeen eskola diseinua egin. Produkzio sistemak gidatzen dituztenek erabakitzen dituzte gure helburu akademiko nagusiak. Titulazio sistema ez dugu eskolatik diseinatzen, administrazioak egiten du. Eta Begok esan duenari helduz, egia da eskolak ez duela soilik titulazio bat eta maila bat eskaini behar. Eskaini beharko luke ikasle horren garapena era integralean: sozializazio bide bat (ez eskolak bakarrik, baina baita eskolak ere), ongizate maila bat, eta hori guztia, estatistikak eskuan eta eskola porrota ulertzen den moduan, ez da existitzen. Batzuetan badirudi kamioilari edo ile-apaintzaile izan nahi dutenak, halako maila bat ematen ez dutelako, ez direla hezigarriak, eta absurdu horretan erortzen gara oraindik ere. Gainera, emaitza akademikoei garrantzi gehiegi ematea izugarrizko astakeria da eta min handia egiten du; oso arriskutsua da pertsonaren balioak neurtzea nota onak ateratzen al dituen epaituz, eta ez dator bat bizitza errealarekin. Irizpide horiekin neurtzen badugu dena, benetako gizarterako prestatu ordez disozio handiak sortuko ditugu.
B.ZUZA. Hain zuzen, pena ematen dit ikaslearen
helburua denean eskolara joatea “gainditzera”, hainbeste lan egin
denean beste mota bateko eskola egiteko (eta egiten da hainbat
ikastetxetan). Ni irakaslearekin seme-alabez hitz egitera joaten naiz,
ez dut nahi notez hitz egin. Azkenean, eduki asko ahaztu egiten ditugu
urteak pasa ahala, baina ikasitako baloreak (errespetua, lankidetza,
elkarlana…) nirekin eramango ditut eta aurrerago, benetan gustatzen
zaidana ikasi ikasiko dut. Heldutasunean, oraindik ere bukatu gabe
gaude, zenbat ikastaro egiten ditugu? Formakuntza ez da inoiz bukatzen,
tresnak eta baliabideak jasotzea da garrantzitsuena.
I. PAGOAGA. Eskola desmitifikatu egin behar
dugula uste dut. Meltxor, diozunean eskolako edukiak administraziotik
definituta datozela, gizarte batek gutxiengo batzuk definituta izan
behar ditu, baina oso erabaki orokorrak dira, badugu irakasleok
curriculuma moldatzeko aukera eta ez oso aspergarri eta errepikakor
egitekoa, testu-liburuen mugak gaindituz. Gure esku dago bide
sortzaileago bat hartzea. DBHko edukiak ez dira hainbesterako, ikasi
daitezke ordu gutxiagotan, arazoa da jakin-min hori nola ez zikiratu,
nola ez deuseztatu eskolan, askotan hori egiten baitugu. Irakaslearen
sekretuak hor egon beharko luke. Zortzi gaitasunen baitan baloratzen
dira ikasleak, arazoa da nola egiten den hori, administrazioak ematen
digun baliabidea, ebaluazio diagnostikoa, eskasa baita, azterketetan
baino ez da oinarritzen. Desmitifikatu behar dira, halaber, DBHn
sortzen diren gatazkak. Ez dira hainbeste eta hainbesterako, irakasle
ekipo sendoekin, gazteei segurtasunez mugak jarriz... bideratzen dira
gatazkak. Hedabideek izugarrizko kaltea egin dute, bullying famatua,
porrota eta gatazka direla. Porrota beti existitu da, eta gizartea,
kultura eta ekonomia maila igotzen diren neurrian aldatzen da. Ez da
soilik eskolaren funtzioa izango, ezta?
Tramu zailena DBH da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Zer gertatzen da adin tarte horretan?
M. ARTETXE. Porrota neurtzeko lehenengo muga
garrantzitsuena (kuantitatibo eta estatistikoa) DBH bukatzen den
adinean jartzen da. Zergatik hor? Nerabezaroaren problematika
mitifikatu egin dugu, zerbait izugarria izango balitz bezala. Duela
hirurogei urte, 14 urterekin Europan %80a ikasketak utzi eta lan
mundura joaten zen, hemen 12 urterekin. Gaur egun, 17 urterekin Europan
%80ak oraindik ikasketekin jarraitzen du eta salto handia da hori.
Nerabezaroa, garapen psiko-ebolutibotik begiratuta, den bezalakoa da,
eta garapen hori txartzat hartzen dugu, adin okerragoa balitz bezala,
tontokeriaren adina, eta ez dugu hala egin behar. Irakasleok nerabea
ikusten dugunean arazo baten aurrean, nola ez dugun pertsona osotzat
hartzen, helduaren proiektutzat baino, arazoa ere ez dugu benetako
arazotzat hartzen, denborarekin pasatuko dela uste dugu, eta bitarte
horretan izugarri sufritu dezake ikasleak.
I. PAGOAGA. DBHn jauzia ematen da gauza
zehatzetatik abstrakziora. Ikasle batzuk erortzen dira, egia da, baina
beste bide bat hartzeko aukera dute, hori ere landu behar da.
B. ZUZA. Hori da, ikasleak intelektualki ez badu
ematen, baina naturarekin lotura handia badu eta landareak eta
zuhaitzak ondo ezagutzen baditu, estatistiketan porrot bezala agertuko
da, baina niretzat ez da porrota. Porrota da gazteak ez dakienean non
dagoen, zertan ari den, norabiderik gabe, eskolaren, lagunen edo
familiaren babesik gabe, bakarrik… 4. DBH ez duzu gainditu, baina
lagunek maite zaituzte eta kiroletan adibidez ondo moldatzen zara, nola
izango da hori porrota?
I. PAGOAGA. Eta hala ere, zenbakietara bakarrik
begiratuta ere, lehen baino askoz jende gehiago joaten da batxilergora
eta unibertsitatera. Hezkuntza luzatzea ondo dago, baina bitartekoak
jarrita, eta DBHn bitartekoak falta direla egia da. Helburua zer da,
ikasleak kalean egon ez daitezela eta ikasgeletan sartu? Ez, helburu
garbiak jarri behar dira, metodologia anitzekin bide anitzak bilatu,
pertsona bezala formatu, eta ez denak testu-liburu berdinekin aritu,
tope desberdinak ditugulako denek.
M. ARTETXE. Adin horretan sinetsi beharko genuke.
Kognitiboki jauzi handia egiten den bezala, egozentrismoa iristen da
nerabezaroan eta errebelatu egingo da (eta errebelatu behar du
gainera); horrela maitatu behar ditugu, txarra denik pentsatu gabe.
Egozentrismo eta errebeldia puntu hori ia ez duten ikasleak iruditzen
zaizkigu idealak, arazorik ez digutelako sortzen, baina ez da erreala!
Ezin da ikuspegi egoista izan, errebelde horiek kudeatuko dutelako gure
erretiroa ere eta komeni zaigu haiengan sinestea. Espektatiba baikorrak
jartzen eta diren bezalakoak onartzen, hor dugu irakasleok lana.
Irakasleen lanaz ari zarela, motibazioak funtsezkoa dirudi. Zein da ikasleen ohiko jarrera geletan? Eta nola lortzen du irakasleak ikasleak motibatzea?
I. PAGOAGA. Motibazio hitza gehiegi erabiltzen dela uste dut, lehenbizi landarea moztu eta gero esan ez dela hazten. Berez ikasleak interes eta jakin-min handia du, oso handia, baina agian ez guk eman nahi ditugun gaietan, agian beste nonbaitetik jo behar dugu. Urte askotako esperientzia dut gaztetxoekin eta motibatu gabeko ikasle oso gutxi ezagutu ditut, bai ordea ikasgai batekin motibatu gabe daudenak; agian pentsatu beharko litzateke beste era batera eman daitekeen ikasgai hori. Guk jakin beharko genuke ondo zer den motibazioa, Meltxorrek zioen moduan ikaslearen garapena non dagoen jakitea, eurei entzutea, eta gurea ikustea. Hau da, etxean bezala, eskolan ere giro ona badago, atseginez sartuko gara, muturka bagaude, ahalegina egingo dugu aldentzeko. Giroa ezinbestekoa da sorkuntza eta jakin-mina martxan jartzeko, eta gizabanakoak zer behar duen, berak ere esan behar du. Klasean denbora guztian “txapa ematen” egon beharrean taldeka jarri, euren artean laguntzea eta lan egitea saritu, ikusi nola egiten duten lan… eta sortuko da motibazioa. Taldean egiten ditugun lan guztietan, ikasleen iniziatibez gainezka bukatzen dugu. Hots, eskolak aldatu egin behar du, ezin du hain transmisiokoa izan, ezin du eredu bakartzat testu-liburua hartu, ezin du hain kalifikatzaile ona izan… Ez dakit nola ausartzen diren irakasleak 3,95 ipintzen, hain da erlatiboa nota hori, horren objektibotasuna hain dago zalantzan seriotasunez aztertzen duten guztien eskuetan. Gainera, azterketetan denbora asko galtzen dugu, ikasteari dedikatu beharrean.
Beraz arazoa ez da ikaslea, irakaslea baizik…
M. ARTETXE. Hasteko, irakaskuntza prozesuan joera
daukagu ikaslea eta bere ingurua epaitzeko; “zergatik doa gaizki?
Zergatik ez du ikasten?”. Azkarra, motela, langilea, alferra, lau
parametro horiekin epaitzen ditugu gainera, hain desberdinak eta
anitzak diren ikasleak. Astakeria horretatik harago begiratzen dugunean
ere, ikaslearen ingurua hasten gara begiratzen, konturatu ere egin gabe
askotan eskola, antolaketa sistema bezala, eragiten ari dela ikasle
horren heziketan. Irakasleak berak bolada onak eta txarrak, ilusioak,
espektatibak, lan egiteko moduak… dituela. Baina horiek ez ditugu
kuestionatzen, ikaslearen errendimendua besterik ez. Gutxienez kontuan
hartu beharko genuke zein diferenteak diren (interesetan, bizi
emozionala adierazterakoan…), duten ingurua, familia giroa,
irakaslearenganako konfiantza, eskolaren antolaketa eta metodologia…
Hainbat faktore daude motibazioan eragingo dutenak, baina guri
iruditzen zaigu nahiz eta bere gustuko gaiak ez ikasi eta gogoz kontra
etorri eskolara, motibatuta egon beharko lukeela.
B. ZUZA. Ikasleaz egiten den balorazioa ere oso
garrantzitsua da. Ezagunek esan izan didate eskolatik deitu dietenean
izan dela soilik zerbait txarra esateko. Iruditzen zait eskolak egin
behar duela familiaren integrazioa eta eskolari kosta egiten zaio,
gurasook etsaitzat hartzen gaituztelako, uste dute goazela kexatzera
edo nota altxatzeko eskatzera. Ni inoiz ez naiz horretara joango…
Guraso inplikatua zara zu, baina Itziarrek eta Meltxorrek, zein esperientzia izan duzue gurasoekin izandako harremanean?
I. PAGOAGA. Gure ikastolan, gurasoekin elkarlana ezinbestekoa izan da hezkuntzarentzako eta ehuneko handi batean autoritate moralarekin sentitu gara egiten dugun lana egiteko. Batez ere, arazoak dituzten ikasleekin oso-oso garrantzitsua da. Dudarik gabe, diziplina arazorik apenas izan ez badugu izan da gurasoekin harreman handia eta ona izan dugulako.
M. ARTETXE. Nik esperientzia oso anitza daukat. Seaskan lau urtez aritu nintzen eta askoz ere inplikazio handiagoa ikusi nuen, baita gurasoen aldetik ere, zailtasunak dituzunean indarrak biltzen dituzulako. Irakasleak abalatuago daude eta elkarlan handiagoa dago gurasoekin. Hegoaldeko eskoletan, oso egoera anitza bizi dugu. Esaten da gurasoak bere hezitzaile rola albo batera utzi duela, dimititu egin duela, baina ez dut uste orokorrean horrela denik. Egia da badela hainbat guraso hori egiten duena, geroz eta gazteago utzi baitaiteke haurra eskolan, geroz eta ordu gehiagoz, eskolaz kanpoko osagarriekin, baina bestelakoak ere ikusten ditugu: guraso hezitzaileagoak, hezkuntza bereganatzeko Internet erabiltzen dutenak… Oraindik lortu ez duguna da (eta pozten naiz Langile Ikastolan lortu baduzue), gurea ikastola handia delako agian, nahi genukeen bezain inplikazio estua gurasoen aldetik. Begok esan duena egia da: arazoak dituenaren gurasoei deituko diegu eta ondo doanarenei ez. Hala ere, denetik dago, bai ikasle eta bai irakasleen artean ere. Irakasleok jakin behar duguna da gurasoak aliatuak direla, ez etsaiak.
B. ZUZA. Azken finean, irakasle asko guraso dira eta horregatik erraza dute gure lekuan jartzea; euren seme-alaben eskolara doazenean ez dira joango irakaslea beldurtzeko xedez; ni berdin, lagundu nahi dudala ikusi behar dute. Gainera, guraso izateaz gain beste zerbait ere banaiz eta ikuspegi berri bat eman dezaket, arazoren bat desblokeatzen lagundu dezaket. Elkarrekin ez bagoaz, mezu desberdinak helarazi diezazkiokegu ikasleari.
I. PAGOAGA. Elkarbizitzaren gai honek administrazioa kritikatzeko parada ematen dit. Duela hiru urte izugarrizko bonbo, liburuxka eta istoriorekin aurkeztu zuten elkarbizitza proiektua, hiru urteko plana (komunitate eskolar guztia kontuan hartuko lukeen behatokia sortzea eta abar), guztien artean eskoletan diziplina positiboa bultzatzeko. Urtebetera esan zuten plana amaitu zela, eta urte berean hasi zen IKT (Informazioaren eta Teknologiaren Komunikazioak) delakoaren aldeko ekimena, oraindik martxan. IKTren erabat alde nago, baina zein ikuspegi du administrazioak? Zergatik onartzen da bat eta bestea ez? Oso garrantzi txikia ematen zaio elkarbizitzari, eta hori bitartekoetan ikusten da.
Eskola porrotaren “erruaz” hitz egiterakoan faktore ugariz aritu zarete. Zeintzuk dira porrotaren arrazoi nagusiak?
M. ARTETXE. Sakoneko zerbait kontsideratuz, eta ez soilik emaitza akademikoei lotutako zerbait, faktoreak oso anitzak dira. Ikaslearen baitan egon daitezke (ezaugarri sozio-ekonomiko eta kulturalak, ikastearekin dituen gorabeherak, ikas-sistema bereganatzen duen ala ez), inguruan (familia eredua, adibidez), edo eskolan bertan (curriculum desegoki eta desmotibanteak, antolaketa zurrun eta hierarkikoak, lagunarte eta eskola giro txarra…). Hiru multzo nagusi horiek elkarri eragiten diote eta horietako edozein multzotan labaintzeak porrotaren hasiera eragin dezake.
B. ZUZA. Nik gaineratuko nuke espektatibetan ere egon daitekeela porrotaren jatorria, espektatiba handiegiak jartzean. Oso frustrantea iruditzen zaizkit irakasleen ohiko bi esaldi, ebaluaketak egiterakoan: “Oinarri falta du” eta “gehiago egin dezake”. Nire notetan ere beti “gehiago egin dezake” jartzen zuten, baina denek egin dezakegu gehiago eta unea agian ez da gehiago egitekoa. Halaber, oinarri falta ere oso larria iruditzen zait, oinarri falta baldin badago irakasleak atzera egin behar duelako ikasle horrekin, oinarri hori eman, eta ez aurrera jarraitzen utzi.
Eta atzera egite hori, hau da, bakoitzari dagokion erritmoa jarraitzen uztea, ahalbidetzen al du hezkuntza sistemak?
M. ARTETXE. Hor legoke aterabidea, egotekotan, eta administraziora bueltatzen gara berriz. Ikasle anitzak dira, ikasteko erritmo, gaitasun eta interesetan, eta ikasleari erantzun behar zaio dagokion lekutik. Eskola inklusiboaren kontzeptua horixe da: bakoitzari bere eskola, baina horretarako baliabide asko behar dira eta eskatzen zaiguna da eskola inklusiboa egitea betiko baliabide zaharrekin. Eskola inklusiboaren bultzatzaileek diote, adibidez, ikasgela bakoitzean denbora guztian bi irakaslek egon behar dutela, baina hori ez zaigu eman. Zerekin egiten dugu topo hor?
I. PAGOAGA. Administrazioarekin, dudarik gabe. Baina baita irakasleekin ere! Espektatibak aipatu ditugu lehen; espektatibak dituzten gurasoen seme-alabek aurrera egiten dute. Arazoa da espektatiba eza, ez bakarrik gurasoengan, baita irakasleongan ere. Irakasleok askotan jokatzen dugu espektatiba kaskarrekin; harengan espektatiba kaskarrak ditudanez, galdera ziztrina egingo diot, eta galdera ona betiko ikasle “onari” egingo diot. Gutxitzen ari naiz lehenengo ikaslea.
Horri helduz, nola eragiten du haurraren autoestimuan eta garapenean eskola porrotak? Dinamika horretan sartuta, etengabeko gurpil zoroa al da ikaslearentzat?
I. PAGOAGA. Hamahirugarren urtea da hain justu horrelako ikasleekin lanean ari naizena eta ikusten badute eurengan izugarrizko konfiantza jartzen duzula, bide horretatik ez bada beste batetik egin behar duela eta oso exijentea zarela (hauekin askotan ez baikara oso exijenteak), benetan ez da zaila porrotaren sentsazioa gainditzea. Baina lan asko eskatzen du, ez da nahikoa orientatzailea edo ikasketa-burua, taldea behar da, laguntza eta orientazioa mailaz maila landuko dituen talde-lana. Eta bide horretan, ikasle horiek arrakastak lortuko dituzte, ahal da-eta. Aurten, 3. DBH maila egitera desesperatuta iritsi zen ikasle batek DBHko titulazioa lortu du eta gainera, azken festan, 250 lagunen aurrean poema bat errezitatu zuen. Hori arrakasta handia da niretzat. Horrelako arrakastek aldatzen dute autoestimua.
M. ARTETXE. Galderari erantzunez, egia da gurpil zoro ezkor hori ematen dela eta eskola porrota porrot pertsonal edo sozial bilakatu daitekeela, konponbiderik jartzen ez badiogu. Dibertsifikazio curricularretan ditugun taldeko ikasleak aztertuta, askotan ikusten dugu aspalditik datorren arazoak dakartzatela, irakurketa-idazketa oztopoekin eta abar. Nire esperientzian oinarrituta, aurten bertan izan ditugu porrot honetan egon diren eta atera ez ditugun hainbat ikasle. Ezin izan dugu arazoa konpondu, irakasle esperientziadunak eta onenak jarrita ere; esaten ari garena esatea erraza da, baina egitea…
I. PAGOAGA. Baina Meltxor, ez gara ahalguztidunak eta zailtasunak daude! %2-3 bidean geratzea edo %20 izatea, hor dago gure lana; %100a ez dago gure esku. Eta gustatu zait nola esan duzun zailtasunak dituztenekin irakasle onenak ipintzen dituzuela, batzuetan “irabazitako eskubideak” bezala hartzen ditugulako “irabazitako obligazioak” direnak; alegia, zuzendaritzakoek, esperientzia gehien dutenek… egin behar dutela lan gaizki doazenekin.
Amaitzeko, nola egin aurre eskola porrotari?
I. PAGOAGA. Hasteko, jakin-mina ez zikiratuz,
askotan eduki ziztrin eta aspergarriekin. Izandako esperientzian
oinarrituta, giro ona ezinbestekoa da (eta gainera kutsakorra,
motibagarria). Irakasleen prestakuntza ere oso inportantea da, baina
egiten den prestakuntza homogeneizatzailea da askotan, adibidez
Kalitate famatua, edo zenbait proiektu… Argi eduki behar dugu ikasketa
prozesua ez dela Kursaalera joan, lau gauza entzun eta etxera
itzultzea, baizik eta jarraitasunezko barne prestakuntza (behar den
espezialisten laguntzarekin, EHU barne), behar dena behar dela bertara
ekarriz. Burokraziarekin amaitu behar da eta metodologiak anitza izan
behar du, nahitaez, bestela ezin delako egoera desberdinei aurre egin.
Eta aniztasunaz hitz egiten dugunean beti pentsatzen dugu ez
dakitenengan, baina ez da hala egin behar. Hasteko, ez dago inor ezer
ez dakienik, ez eta dena dakienik ere, eta “goitik” daudenek ere asko
ikasten dute laguntzen aritzen direnean. Azkenik, azpimarratu nahiko
nuke gurasoen parte-hartzea funtsezkoa dela.
M. ARTETXE. Irakasleen prestakuntzari buruz, sei
urte eman nituen Ikastolen Konfederazioan, irakasleen prestakuntza
antolatzen, eta egia da metodologia anitz eta eraginkorretan
oinarritutako prestakuntza oso garrantzitsua dela. Eskola inklusiboaren
printzipioei jarraiki, ikaslearen garapen psiko-ebolutiboan
prestakuntza sakonagoak ematea eta metodologia mailan aniztasunean
hezteko klabeak eskaintzea oso inportantea da. Aldiz, irakasleok
normalean hautatzen dugu gure espezialitate didaktikoan gehiago
jakiteko balioko digun ikastaroa, eta uniformizatze horretara jotzen
dugu, ondoren eredu hori bera ikasleei aplikatuz. Homogeneizatze horren
anekdota gisa, gure ikastetxean, Orereta Ikastolan oraintxe eskola
partikularren inguruko eztabaida daukagu zintzilik. Gurasoak kexu dira
eskola partikular gehiegi hartzen dutelako seme-alabek eta arrazoia
ematen diet nik. Listoia denentzako bat eta bera jarri dugunez, heltzen
ez denak ez daki nora jo behar duen, eta bitartean denbora galtzen dugu
geletan. Izango litzateke eguneroko eskolako menu ederra jan ez dugunez
arratsaldean kroketa gainberotuak hartzea, eta garesti ordainduta.
Uniformizatze horretatik atera eta bakoitzari bere interesetatik
abiatuz behar duen eskola mota eskaini behar diogu. Bestalde, Itziarrek
barne prestakuntzaz hitz egin duelarik, azken joeren berri izateko
Kursaalera joatea gaizki ez baderitzot ere, egia da benetako
prestakuntza azken batean urraspide kognitibo bat dela: egiten duzun
hori, dakizun hori ondo aztertzea eta hobetu beharrekoak non dituzun
ikustea. Irakasleak, edozein gai taldean aztertzen dutenean, berehala
jabetzen dira hasteko uste zuten baino gehiago dakitela, eta
kontzientzia hartzen dute egiten dutenaz, eta egiten ez dutenaz.
Ondoren etorriko litzateke artikuluetara, adituetara, beste eskola
batzuetara… jotzea, ereduak hartzeko. Azken pausoa eraikitzailea
litzateke: zer egin nahi dugu? Nola ekarri ikasitako ereduak gurera,
proiektu propioa sortzeko? Hortik irten den zernahi, jendeak
eztabaidatu, adostu eta bizi egin duenez, aurrera aterako da, ez da
apalean geratuko.
B. ZUZA. Gurasoen aldetik, gehituko nuke
garrantzitsua dela ikustea gurasoek zertan lagundu dezakegun. Eskolan
konfiantza izan behar du gurasoak, funtsezkoa da, eta konpromisoa eta
ardura izan behar du seme-alabaren heziketan. Gainera, irakasleen
ikuspegiarekiko beste sentimendu eta balore batzuk ikusten dizkio
gurasoak seme-alabari eta ikaslearen argazkia osatzen lagundu dezake.
Bukatzeko, gure lana ere bada seme-alabak defendatzea, nahiz eta esatea
gaizki geratzen den.
M. ARTETXE. Bai, baina ikaslea pertsona bezala primerakoa izan arren, administrazioak diosku: “Zuek haur denak pasako zenituzkete, baina selekzio bat egin behar da”, eta horregatik, selekzio prozesu hori egin behar dugulako, dago hain desbirtuatua ebaluazioa, ebaluazio akademikoa egin behar dugulako. Gizarteak exijitzen digun selekzio prozesu hori egin beharko ez bagenu, balorazio pedagogikoa planteatuko genuke: Nor da hau? Nolakoa da? Non dago? Zer daki? Zein ibilbide egin du aurten?... Izan ere, agian ez du bikain egin, baina topea eman du, eta beste batek, emaitza hobeak lortu arren, eman zezakeena baino gutxiago eman du, eta bizitzako zailtasunen aurrean, ez du lehenengoak bezainbeste jakingo egoerari indar guztiekin aurre egiten. Baina horri, arpa jotzen baleko emaitzak ateratzen dituenari, ez diogu ezer esaten.
I. PAGOAGA. Ez baitu behar gehiago egitea, martxa normalean gainditu eta txukun egiten duenak zertarako denbora gehiago galdu? Inteligentea da, hobe du denbora esaterako besteei laguntzen ematea. Ebaluazio garaian, nerabea buru-belarri ari da eskatzen “nola ikusten nauzu?”, eta erantzun behar diogu ondratu eta ondo, nola ikusten dugun, alderdi positibo guztiez gain dituen zailtasunak ere adieraziz. Bat gara, osotasunean, eta ezin da alde akademikoa bakarrik ebaluatu. Ebaluazio pedagogikoa egitearekin soilik ere ez nator bat.
M. ARTETXE. Dena den, porrotaren sentsazioan
biziarazten ditugun ikasleei, ebaluazio pedagogikoak behintzat
laguntzen diote ikuspegi berri bat jasotzen: zure notek diote
kalamitatea zarela, baina ez zara, saiatua eta pertsona baliotsua zara.
Horren balioaz jabetu araztea garrantzitsua da.
B. ZUZA. Baina ebaluazio horretarako azterketak beharrezkoak dira?
I. PAGOAGA. Ez, Lehenengo Hezkuntzan ez behintzat.
Adinean aurrera doazen heinean, halako probak ez zaizkit gaizki
iruditzen, akademikoki ere neurtzeko, baina gutxi batzuekin nahikoa da,
ez da behar gaur egun bezala etengabe azterketak egiten jardutea.
B. ZUZA. Azterketek porrotarekin zerikusia dute,
nolabait. Ez dut esaten ikasleek ez diotenik aurre egin behar
dakitenari orri txuri baten bidez, baina ez horri nota jarriz edo
azterketa deituz, askori notarekin borroka suposatzen dio, “ez dut
inoiz gaindituko” pentsatzeak porrotera eraman dezake… Irakasleek
erabiltzen duten tresna iruditzen zait azterketa, eurak lasaitzeko, eta
gainera, ikasgai bat %80ak ez badu gainditu, arazoa ez dago soilik
ikasleengan, irakasleak ere izango du zerikusirik, hausnartu beharko du
porrot horretaz... Azterketarik gabeko ebaluazioa behar luke.
M. ARTETXE. Ez dakit sistemak horretarako ematen digun eta emango digun inoiz.
B. ZUZA. Eskola bakoitzak bilatu behar ditu
baliabideak. Administrazioak ez du nahikoa ematen, egia da, baina
baliabide berdinekin eskola oso desberdinak daude, gauza berriak,
proiektu propioak garatzeko gai direla erakutsi duten asko. Bakoitzaren
gogoa hor dago.