Aisialdi birtuala eta euskara
Hizkuntza batek bizirauteko bizitzako esparru ezberdinak konkistatu behar ditu. Euskarak abiatu du berreskurapen prozesua eta urteak daramatza normalizazioaren bidean. Bidea malkartsua den arren, lorpen ugari egin ditu eta sendo dihardu lanean, batez ere, aro berri eta modernoetara egokitzeko pausoak emanez.
UNESCOk Ezagutzaren Gizarterantz argitaratu berri duen txostenean, teknologia berriek eleaniztasunarentzat suposatzen duten mehatxuaz hitz egiten du. Arrain handiak txikia jaten du, baldin eta txikiak bizirauteko habilezia eta estratejiak lantzen ez baditu. Teknologia berrien esparruan, internetaren fenomenoan, arrain handiak ingelesa eta gaztelania dira. UNESCOren ustez, baliteke XXI.mendea bukatu aurretik mundu osoan hitz egiten diren 6.000 hizkuntzetatik erdia desagertzea. Batez ere interneten fenomenoak desagerpen prozesu hau azkartu dezake. Egun badira hizkuntza batzuk ahozko tradizioan soilik oinarritzen direnak. Beraz, idazteko koderik ez duen hizkuntza ezin da interneten komunikazio hizkuntza bezala erabili. Eta hori izango da hizkuntza askoren desagerpenerako arrazoi nagusia. Zenbait hizkuntzalarien aurreikuspena ilunagoa da oraindik, hizkuntzen desagertze prozesuak egungo hizkuntzen %90 eta %95 bitartean harrapatuko dituela uste baitute. Planteamendu hauen harira, teknologia berrien amaraunean sartzea ezinbestekotzat jotzen da hizkuntzaren bizitza zihurtatu nahi bada. Hizkuntza guztiek ziberespazioan eta oro har teknologia berrien esparruan beraien tokia izatea ezinbestekoa da. Internet sarean ingelesa da nagusi. Eustateko datuetan irakurri dugunez, azken bost urteetan ingelesaren nagusitasuna jeitsi egin da erkidegoko internet erabiltzaileen artean eta euskararen erabilera %4an igo da. Beraz, hizkuntza txikia izanik, euskarak hasi du ziber espazioaren konkista eta ez da gutxi!
Bestalde, Jaurlaritzak III. Mapa Soziolinguistikoak izenburupean argitaratu duen azken azterketa soziolinguistikoaren emaitzek ez dute notizia pozgarririk eman. EAEri dagokionez, azken 20 urtetan euskaldun zaharren eta jatorrizko elebidunak diren hiztunen egoera antzekoa da, edo irabazi txikiren bat izan dute. Euskaldun berrien taldea, berriz, izugarri handitu da, baina horrek ez du euskararen erabilera zihurtatzen. Euskara hitz egiteko gaitasuna handiagoa bada ere, erabilera ez da maila berean handitu. EAEn erabilerak ezagutzarekiko hamar urteko atzerapena du. Iparraldean, hizkuntza gaitasunari dagokionez, euskararen galera nabaria izan da. Nafarroan, euskal hiztunak motel motel irabazi arren, galerak irabaziak baino handiagoak dira legediaren arabera antolaturiko hiru eramuetan.
Euskararen bilakaeran eragina duten faktore soziolinguistiken artean, kontuan izan behar dugu euskararen ezaguera handitu dela haur eta gazteek, eskolan batez ere, euskara ikasi dutelako. Dena den, horrek ez du zihurtatzen haur eta gazteek euskara kalean, familian zein lagunartean erabiliko dutenik. Gainera, haur eta gazteak populazioaren zati txikia dira. Azken 20 urteetan jaiotze tasa gutxitu da, beraz, gazte populazioak behera egin du. Bestalde, euskara biziberritzeko planak eta politikak ez dira efikazak suertatu eta biziberritu baino mantentze funtzioa bete dute. Etengabeko etorkinen etorrerak ere eragina izan dezake erabilera mailan. Azken finean, jatorriz erdaldunak dira etorkinak eta askok gazteleraz hitz egiten dutenez, euskara ikasteko premiarik ez dute sentitzen. Etorkinak hartatzeko eta euskalduntzeko baliabideez gain, etorkinek direnak eta ez direnak euskara ikasi eta erabiltzeko motibazioan eragitea da gakoa. Euskalduna izateari garrantzia eta prestijioa emateaz gain, euskarari erabilgarritasuna eta praktikotasuna eman behar zaio kalean, parlamentuan, industrian, eskolan, hedabideetan, ziber espazioan... bestela, nork ikasiko du erabiltzen ez den hizkuntza bat? Zertarako ikasiko du? Zertarako egin esfortzu hori? Hizkuntzaren maitale edo erromantiko nahikoa egongo da euskararen alde egiteko?
Euskal komunitatea sendotzeko, euskararen berreskurapen prozesuan entitate ezberdinek parte hartu behar dute eta hartzen dute. Bakoitzak modu berezia du hizkuntzaren alde egiteko eta guztiak dira lagungarriak nahiz eta hutsune eta akatsak egin. Finean, garenon artean elkarri lagunduz hizkuntza komunitatea sendotzea da bidea. Egun euskararen presentzia esparru berrietara zabaltzen ari den arren, euskararen erabilera naturala ez da behar beste ematen. Aisialdi birtualaren esparruak erronka berria jarri dio euskarari, Andu Lertxundiren hitzetan “Ziber espazioaren konkista” abiatu behar du.
Jendarteko hainbat sektoretan aurrerapausoak eman dira; euskararen ezagutza mailan, lan munduan, kultur produkzioan, aisialdian..., euskarazko jostailuak, filmak, liburuak, diskak... produzitzen dira eta euskal komunitateak indarra hartu du. Baina oraindik ikaragarrizko lana dago egitear, soilik dagoenari eusteko bada ere!
Egun badira teknologia berrien produkzioa euskaraz izan dadin diru laguntzak, ziber espazioa euskalduntzeko proiektuak eta profesionalak. Baina teknologia berrien herriratzean, edo populazioak teknologia berriekin duen harremanean euskararen presentzia eta praktikotasuna bermatzea ere da beharrezkoa. Hortarako, garrantzitsua da hezkuntza formalean zein aisialdian eragiten duten agenteek ardura hori hartzea. Aisialdi birtuala haintzakotzat hartu eta berau euskaraz bizitzeko pausoak ematea da euskararen suspertzailearen helburu bat gehiago.
Informazio iturria: Txatxilipurdi elkarteak argitaratutako “Aisia birtuala: mehatxutik aukerara!” txostena, 2005.