Haurdunaldirako ohitura osasungarriak
Haurdunaldian amak zer eta zenbat jatea komeni den eta bestelako aholkuak: arropa eta oinetako egokiak, kirola, deskantsoa, garbiketa ...
Haurdunaldirako ohitura osasungarriak, 1
Haurdunaldian, gomendagarria da otordu bakoitzean jan asko ez jatea, otorduak gehituz baina bakoitzean kantitate txikiagoa janez. Poliki jan behar da, ongi xehatuta, eta elikagaiak ez dira gehiegi ondu eta gozatu behar. Minak diren saltsak eta gozagarriak saihestu behar dira. Oro har, animalia-koipeak murriztu egin behar dira eta karbohidratoen kontsumoa moderatu.
Gomendagarria da haragia, arraina, arrautzak, esnea eta esnekiak, uneko fruta, barazkiak eta egoskariak jatea. Ogitartekoak, saltsak, jaki minak, animalia koipe gehiegi duten elikagaiak, landutako gozoak eta edari gasdunak murriztu egin behar dira. Elikagaiak ezin dira gordinik edo gutxi eginda jan, fetuari eragin diezaioketen infekzioak transmititu baititzakete. Bitamina, burdin, kaltzio eta azido foliko gehiago behar izanez gero, sendagileak gomendatuko du.
Karbohidratoak
Karbohidrato edo gluzidoen funtzioa energia ematea da.Karbohidratoak pastan, arrozean, ogian, patatetan, egoskarietan eta zerealetan daude. Ogi integrala eta zerealak jatea ere komeni da, zuntz-eduki handia dutelako. Horrela aurre egin dakioke idorreriari, eta, era berean, B bitamina hartzen da.
Haurdunaldirako ohitura osasungarriak, 2
Haurdunaldiaren kontrolak eta segimenduak fetuari ondo garatzen laguntzen diote, eta nabarmen gutxitzen dituzte haurdunaldiko, erditze aldiko, erditu ondorengo eta jaio berritako zailtasunak. Beraz, oso komenigarria da aldian-aldian medikua bisitatzea. Ginekologoak emakumeari azterketa medikoa noiz egin behar duen esaten dion arren, normalena hasieran hilero azterketa orokorra egitea komeni da, eta haurdunaldia aurrera doan heinean maiztasun gehiagorekin joatea.
Haurdunaldiko hamargarren astearen inguruan ekografia bat egitea gomendatzen da. Izan ere, haurdunaldiaren egoera orokorrari buruzko informazioa ematen du, enbrioi kopurua, bere egoera eta bere bihotzaren taupadei buruzko informazioa ere.
Bosgarren hilabetean zehar, oso garrantzitsua da bigarren ekografia egitea. Ekografia horrek fetuaren anatomiari, plazentaren kokapenari, haurra aldez aurretik jaiotzeko arriskuari eta normaltasun kromosomikoari buruzko informazio oso zehatza ematen digu
Haurdunaldian hartu behar diren beste neurri batzuk
Haurdunaldian ahoa asko zaindu behar da. Izan ere, haurdun dauden emakumeek karieak eta infekzioak edukitzeko arrisku handiagoa dute. Barizeak eta ildaskak azaltzeko arriskua ere badago, baina garbitasun- eta makillaje-produktu naturalak eta ez oso bortitzak erabiliz asko murrizten da. Era berean, dutxak hartzean ez da ur oso beroa erabili behar. Arrazoi beragatik, ez da komeni eguzkia denbora luzez hartzea, nahiz eta oinez ibiltzerakoan eta gehiegi hartzen ez bada mesedegarria izan.
Arropa erosoa erabili behar da, odolaren zirkulazioa zailtzen ez duena. Oinetakoei dagokienez, takoi gutxiko oinetakoak dira erosoenak. Horrelako oinetakoek bizkarra erlaxatuta eramateko erabiltzen dira.
Haurdun dagoen emakumeak eguneroko ekintzak egiten jarrai dezake, ariketa fisiko edo estres gehiegi sorrarazten ez badio. Deskantsatzeari dagokionez, gutxienez zortzi ordu lo egin behar du. Hobe da ezkerreko alderantz etzatea, postura horretan oxigenazioa hobetzen delako.
Berebilan segurtasun-uhala honela jarri behar da: uhal zeiharra bularretik eta umetoki gainetik pasa behar da, eta beheko uhala umetokiaren azpitik pasa behar da, mokorreko hezurren kontra.
Drogei eta botikei dagokienez, haurdunaldian ezin da tabakorik kontsumitu, eta ezta alkoholik ere. Era berean, kafea eta tea bezalako bizigarri gutxi hartu behar dira. Jakina, drogak guztiz kontraindikatuta daude fetuarengan duten eraginagatik. Gainera, botiken erabilera medikuak gainbegiratu behar du.
Gerriko mina
Haurdun dauden emakumeak ondoezik egoten dira batzuetan, eta bosgarren eta zazpigarren hilabeteen artean gerrialdeko mina izaten dute. Min hori gutxitu egin daiteke. Horretarako, gimnasia egiteaz gain, karga pisutsuak jasotzea eta eramatea saihestu behar da eta lurreko desnibelak eta irregulartasunak ere saihestu behar dira. Lurretik gauzak altxatzeko, belaunak tolestu eta hankako muskuluek lagunduta altxatu behar dugu, bizkarra ahalik eta zuzenen mantenduz. Oro har, gerribueltako muskuluak gehiegi ez kargatzen saiatu behar dugu. Edonola ere, beharrezkoa ez denean zutik ez egotea da onena.
Bestalde, deskantsatzen ari garenean bizkarralde zuzena duten eserlekuetan, hots, muskuluei eusten dieten bizkarraldea duten eserlekuetan deskantsatu behar dugu.
Iturria: Hiru.com