Hemen zaude: Hasiera Guraso berriak Erditzea Erditze naturala
Dokumentu Akzioak

Erditze naturala

Erditze naturalean, ama eta haurra dira esperientziaren protagonistak. Beraiek ezartzen dute prozesuaren erritmoa. Haien beharrak errespetatu behar dira, naturari bere bidea egiten utziz, eta beharrezkoak ez diren eragozpenak eta esku-hartzeak saihestuz.

Erditzea ugaztunetan

Erditzea bizitza sexualaren esparruko gertakari bat da, eta prozesu hori oso era beretsuan gertatzen da ugaztun guztietan, baita gizakiongan ere. Sexualitatea prozesu osoa da: bizitza sexualaren atal guztietan hormona berberak sortzen dira, eta agertoki bera errepikatzen da. Prozesu horretaz arduratzen diren hormonak eta haien funtzio ezagunetako batzuk hauek dira:

  • Oxitozina: uzkurdurak eragiten ditu, karena erauzten laguntzen du eta jokabide amatiarra bultzatzen du. Altruismoaren hormona edo maitasunaren hormona ere deitzen zaio, maitasun-bizitzako adierazpen guztietan hartzen baitu parte: harreman sexualetan, erditzean, edoskitzean... Erditu ondorengo lehen ordubetean inoiz baino ugariago aurki daiteke amaren gorputzean.
  • Prolaktina: esnea produzitzen du eta, horrez gain, jokabide amatiarra ere bultzatzen du.
  • Endorfinak: analgesia naturala sortzen duen opiazeoa da. Amak eta haurrak lehenengoz elkar ikusten dutenean, biek endorfina-kantitate handia izaten dute gorputzean eta, opiazeoek mendekotasuna eragin dezaketenez, honek elkarrengandik ez bereiztea edo elkarrekin denbora gehiago ematea lagun dezake.
  • Adrenalina: umetoki-lepoa gogortzen du. Ugaztun guztietan, arriskua sumatzen denean adrenalina jariatzen da, eta horrek erditze-prozesua geldiarazten du hasierako fasean badago (dilatazioan), edo bizkortu egiten du, amaitzear badago (egozte-erreflexua). Funtzionatzeko modu horrek ihes egiteko aukera ematen du harrapari bat, sute bat edo beste edozein arrisku agertzen bada. Erditu eta berehala, adrenalinaren ondorioz ama eta haurra erne egoten dira, elkarri begietara begiratzen diote, begi-niniak handituta dituztela... eta emeak arrotzenganako portaera erasokorragoa izaten du, beharrezkoa bada jaioberria defendatzeko.

Erditzea gizakiongan

Gogoko dugu beste ugaztunekiko ditugun desberdintasunak azpimarratzea gu izaki arrazoidunak garela esanez, baina, hala eta guztiz ere, baldintza egokietan, erditzeko prozesua oso antzekoa da ugaztun guztietan. Ikus dezagun zergatik den horrela. Gure garuna hiru egituratan banatuta dago:

  • Garun arrazoiduna: neokortexa, garun-azala, pentsamendu abstraktua, hizkuntza...
  • Garun ugaztuna, senezkoa edo emozionala: sistema linbikoa, emozioak, memoria...
  • Narrastien garuna edo paleokortexa: bizkarrezur-erraboila, garunaren zentroa da; bizirik irautea ahalbidetzen du (arnasketa, etab.).

Erditzea esparru sexualari dagokion esperientzia emozionala da, eta senezko garunak edo garun ugaztunak jariatzen dituen hormonek erregulatzen dute. Neokortexak, gure garun arrazoidunak, ez du inolako funtzio garrantzitsurik betetzen prozesu horretan eta, are gehiago, ez da komeni gehiegi aktibatzea, horrek garun ugaztuna inhibituko bailuke eta, ondorioz, erantzun hormonala aldaraziko luke.

Erditzea

Erditze naturalaren esperientzia:

Erditzera doan emakume batek gustura eta seguru sentitzen den leku batean egon behar du. Hori errazagoa da leku ezaguna bada edo aldez aurretik ezagutu badu (are hobeto bere etxea bada, han bakterioak ere ezagunak baitira eta horrek infekzio-arriskua gutxitzen du). Era berean, aipatu ditugun arrazoiengatik, intimitatea behar du: zarata gutxi, argi gutxi, pertsona gutxi (pertsona horiek bere konfiantzakoak izan behar dute, ama lagundu eta errespetatu egin behar dute eta, aldi berean, harengan konfiantza izan behar dute), lasaitasuna (presarik ez)...

Emaginaren zeregina amari laguntza eskaintzea da, hau da, amak behar duenean bera laguntzeko prest egotea, eta gainerako denbora guztian ahalik eta gutxien nabarmentzen saiatzea. Emakumeari egin beharreko prozedura guztien berri ematen zaio aldez aurretik, eta emakumeak berak hartzen ditu erabakiak; hala ere, komeni da emaginak amaren nahiak zein diren lehenagotik jakitea, hitz egiteak sorrarazten dituen interferentziak saihesteko (hizkuntzak neokortexa aktibatzen du). Ikerketa gehienek adierazten dute haurrak "erabakitzen" duela zein unetan jaioko den, eta, sarri, haurrak amaren sabeletik irteteko egiten duen lana ez da aintzat hartzen. Horregatik, biontzat garrantzitsua da amak sentitzea haurrari laguntzen ari zaiola, hura egiten ari den ahaleginean.

Erditzearen hasieran, dilatatzen ari denean, emakumeak aske sentitu behar du mugitzeko eta posturaz aldatzeko. Baldintza horietan, emakumea hainbat gauza egiten hasten da, naturaltasunez: pelbisa zirkuluak eginez mugitzen du, kulunkatu egiten da (haurra pelbisean ondo kokatzea erraztuz), arnasa sakon hartzen du (haurrari oxigeno-kantitate handia helarazten zaio horrela, gehien behar duenean). Bere emozioei irteten uzteko askatasuna ere sentitu behar du (barrea, negarra, haserrea, beldurra...), emozioak bizi-bizi sentitzen baitira. Hori hain da garrantzitsua, kultura batzuetan, emakumearen dilatazioa gelditu egiten bada, emaginek animatu egiten dute emakumea barruan ezkutatuta dituen arrangurak azal ditzan, dilatazio-prozesua berriz abian jar dadin.

Hainbeste izutzen gaituen mina arindu egin daiteke mugimenduarekin, masajeekin, bero lehorrarekin, ur berotan bainatuz, laguntza emozionala eskainiz, gorputz-kontaktuarekin, kulunkaulkian kulunkatuz... baina, batez ere, minaren aurrean amore emanez. Izan ere, fase horretan garrantzitsuena gure gorputza egiten ari den lanari oztoporik ez jartzea da, aurre ez egitea eta gertatzen ari dena onartzea. Erlaxatzen goazen heinean, endorfinek lagundu egingo digute eta, pixkanaka-pixkanaka, "trantze" moduko egoera batera eramango gaituzte, haurraren burua bistaratzen den arte. Noski, behar bezala prestatzea komeni da, erditzearen dimentsio emozionala lantzea, eta askotan galduta izaten dugun senarekin berriro konektatzen saiatzea. Garrasi egitea ere askatzeko era bat da, zabaltzen laguntzen du, eta uzkurdura gutxitzen du. Arnasa sakon hartzea ere lagungarria da dilatatzeko.

Uretan erditzea

Erditzean ura erabiltzeari buruzko ohar bat egin nahi nuke. Urak erlaxatzen laguntzen du, endorfinak jariatzea bultzatzen du eta, ondorioz, mina arintzen du; horrez gain, ehunak bigundu egiten ditu eta, horrenbestez, dilatazioa bizkortu egiten da. Hori 5-6 cm dilatatu ondoren gertatzen da, batez ere, lehenago erditzea geldiarazi egin baitezake (ez da beti hala izaten, niri aurkakoa gertatu zitzaidan). Horretarako ez da beharrezkoa instalazio handiak egitea, nahikoak dira bainuontzi arrunt bat eta iturriko ura, baina zenbat eta handiagoa izan bainuontzia, orduan eta erosoago egongo da ama, mugitzeko leku gehiago izango baitu. Batzuetan tarte bat egoten da dilatazioa amaitu eta haurra erditze-kanalean behera jaisten hasten den arte; emakumeak atseden hartzeko aprobetxatu behar du tarte hori.

Dilatazioa erabatekoa denean, emakumeak uzkurduren artean mugitzen jarrai dezake, edo leku batean gera daiteke, belauniko, kokoriko, zutik, lau hanketan... Ez da beharrezkoa horri buruz pentsatzea, gorputzak badaki zer den onena kasu bakoitzean. Haurrari irteteko gutxi falta zaionean, amak burua nola bistaratzen den ikus dezake norbaitek ispilu batekin laguntzen badio, edo amak berak ispiluari eusten badio. Horrek poz eta betetasun handiak eragiten ditu; gainera, amari egin duen ahaleginaren emaitza ikusteko aukera ematen dio, eta dena ondo doala egiaztatu ahal izango du. Haurra jarrera egokienean badator (posizio zefalikoan), burua irtengo da lehenik eta, gero, haurra biratu egingo da sorbalda bat ateratzeko, gero bestea eta, azkenik, hurrengo uzkurduraren laguntzaz, gorputz osoa aterako da. Emakumeak une horretan duen posizioaren arabera, berak jaso dezake haurra irteten denean, edo berekin dauden pertsonek jaso eta berehala berari eman diezaiokete. Emagin batzuek nahiago izaten dute haurra amaren sabelean uztea, amak besoetan har dezan.

Ama batek eta bere haurrak lehenengo aldiz elkar ikusten duten unea ezin da hitzez azaldu. Jaioberriak 20 cm-raino ikus dezake hasieran, horixe baita amak bularrean jartzen duenean haren aurpegiraino dagoen distantzia. Haurra behar adina lasaitzen denean eta aukera duenean, amaren begietara begiratzen du. Horretarako, beharrezkoa da berriz ere intimitatea bermatzen duten baldintzak betetzea: zarata gutxi, argi ahula... Izan ere, une horretara arte estimulu guztiak bere amaren gorputzetik iragazita iritsi zaizkio, eta denbora behar du ingurune berrira ohitzeko. Amak laztandu egiten du, irribarre egiten dio, xuxurlatuz hitz egiten dio... Bitartean, haurra apurka-apurka airea arnastera ohitzen da (hainbeste gauza berri batera!), eta zilbor-hestearen taupadak gelditu egiten dira. Horixe da zilbor-hestea mozteko une egokia, eta ez lehenago.

Era berean, une hori da bularra ematen hasteko une egokiena. Erditu ondorengo lehen ordubetean egoten da zurrupatzeko sena indartsuen eta, denbora hori aprobetxatzen ez bada,  gaitasun hori pixkanaka desagertzen joan daiteke. Hasieran, haurrak ez du bularra elikatzeko bilatzen, plazerra lortzeko eta amarekin kontaktua berrezartzeko hartzen du bularra. Zilbor-hestearen bidezko lotura ordeztu egiten da ahoaren eta titi-muturraren arteko kontaktuarekin. Haurrak ezin du goseak egon, zilbor-hestea moztu berria baitago (edo oraindik moztu gabe dago) eta, gose balitz ere, oritzak ezingo luke gose hori asetu, antigorputzen kontzentrazio handia duen arren (oso garrantzitsua da immunitate-sistemarako), ez baitauka ia kaloriarik.

Jaio eta berehala bularra ematen hasteak beste onura batzuk ere baditu, amaren eta haurraren ongizatea bermatzeaz gain: hemorragia-arriskua gutxitzen du, karena erauztea errazten du eta bikote berriaren baitan lotura sendoa sortzea ahalbidetzen du. Halaber, proba asko egin behar izatea eragozten du: haurdunaldia eta erditzea normaltasunez garatu badira eta haurrak itxura ona badu, arnasa ondo hartzen badu eta bularra behar bezala hartzen badu, ez dago arrazoirik inolako arazorik dagoela sumatzeko. Beraz, haurrari bere amaren hurbiltasunaz gozatzen utz diezaiokegu, karena irteten den bitartean. Horrela, seguru sentituko da eta tenperatura egokia izango du. Ez da beharrezkoa bainatzea, ezta neurtzea ere. Eta, gero, orduaren eta gogoaren arabera, amak eta haurrak jan egin dezakete, lo (elkarrekin, ohe berean) edo elkar ezagutzen jarraitu.

Erditzea modu naturalean bizi izan duten eta haurrarengandik bereizi ez dituzten emakumeak bizkor suspertzen dira, eta ez dute erditu ondorengo depresiorik izaten.

Orain arte ez dugu aita aipatu. Aitarentzat ere oso esperientzia aberasgarria izan daiteke, eta erditze naturalak bikotekidearekin duen harremana indartu egin dezake, baita haurraren zainketan izango duen parte-hartzea ere. Era berean, aita euskarri garrantzitsua izan daiteke emakumearentzat. Baina hori gertatzeko, gizonak ere prestatu egin behar du, harentzat ere emozioz beteriko esperientzia bizi-bizia izango baita. Horrelako erditzeetan, aita ez da ikuslea izatera bakarrik mugatzen; aitzitik, bere bikotekideak nahi duen adina har dezake parte: masajeak emanez, nekatzen denean eutsiz, laztanduz...

Umetxoa

OSPITALEKO ERDITZEA EDO ERDITZE MEDIKALIZATUA

Ospitaleetan jada ez zaio emakumeari erditzen laguntzen; aitzitik, etengabe esku hartzen dute naturala eta fisiologikoa den prozesu batean, gaixotasuna balitz bezala tratatuz. Oro har, egoera kritikoetarako (patologiarako) asmatu ziren prozedurak erabiltzen dituzte; prozedura horiek kasu guztietan aplikatzen direnean, benetan beharrezkoak diren ala ez bereizi gabe, kaltegarriak izan daitezke amarentzat eta haurrarentzat. Osasunaren Mundu Erakundeak ere hainbat gomendio eman ditu teknologiaren gehiegizko erabilerak erditzeetan dituen ondorioak saihesteko, eta horrek erditzean eragiten duen gizatasun-gabezia ekiditeko (besteak beste, zesareak eta tresnaz lagunduriko erditzeak etengabe ari dira ugaritzen). Emakumea ez da jada bere erditzearen protagonista, ez du ez hitzik eta ez botorik, eta medikua bihurtzen da erditzearen protagonista: hark erabakitzen du zein erritmotan erdituko duen emakumeak, protokolo estandarizatuak aplikatuz edo berari komeni zaionaren arabera (txanda-aldaketa, medikuaren nekea, etab.).

Emakumea ospitalera iristen denean, harentzat ezezaguna den leku batean sartzen da; han, ez zaio azalpen gehiegi ematen egingo zaizkion prozedurei buruz, eta are gutxiago horiek izan ditzaketen arriskuei buruz. Horrek beldurra eta segurtasun-gabezia eragin ditzake; ondorioz, emakumeak adrenalina jariatuko du eta haren umetoki-lepoa gogortu egingo da (beraz, dilatazioa mingarriagoa izango da). Gainera, ospitalera heltzean normalean hainbat galdera erantzun behar izaten ditu, edo inprimaki batzuk bete. Hizkuntza neokortexaren funtzio bat da, eta lehen ikusi dugu hura aktibatzean garun ugaztuna inhibitu egiten dela, eta horrek ondorio kaltegarriak dituela erditzeko prozesuan. Neokortexa aktibatzen duen beste faktore bat amaetxeetan egoten diren argi indartsuak dira; izan ere, ikusmena da gure zentzumen guztietan intelektualena.

Emakumeari egiten zaion lehen azterketan sarri ez diote harekin etorri den pertsonari sartzen uzten. Aitarenganako jarrera hori askotan errepikatzen da erditzean zehar: emakumeari bagina-ukipen bat egiten dioten bakoitzean, etab. Eta are larriago: gauzak konplikatzen direnean ere irten egin behar izaten du (tresneria erabili behar denean edo zesarea egiten denean), hain justu, emakumeak berekin egotea gehien behar duenean. Egoera horien guztien ondorioz, etxean dilatazioa oso ondo eramaten ari ziren emakume askorentzat, ospitalera iristen direnean dilatazioa askoz ere mingarriagoa bihurtzen da. Beste zenbaitetan, hain da handia emakumeak sentitzen duen antsietatea, adrenalina-mailak gorantz egiten baitu, eta dilatazioa gelditu egin daiteke.

Ospitaleetan errutinaz egin ohi den beste prozedura bat amniotomia da (poltsa haustea). Poltsak, osorik dagoen artean, haurra babestu egiten du infekzioetatik. Gainera, poltsa gehienetan 8 cm dilatatu aurretik bere kabuz hausten den arren, haurra gai da poltsa hautsi gabe erditze-kanaletik jaitsi eta jaiotzeko; horrela, gainera, presio gutxiago jasotzen du buruan, eta buruko hezurrak moldatu eta haien lerrokatzea hausteko aukera murriztu egiten da. Bestalde, zilbor-hestea lepoan kiribilduta duten haurrentzat, poltsa nahita hausteak areagotu egiten du zilbor-hestea gehiegi estutzeko arriskua.

Erditzear dauden emakumeei ez zaie jaten eta edaten uzten, eta eskuan bidea irekitzen zaie, batzuetan bertatik serum glukosatua sartzeko. Aldizka auskultatu beharrean, etengabeko monitorizazioa aplikatzen da, kanpokoa nahiz barrukoa. Kanpoko monitorizazioa egiteko, emakumeari "uhalak" jartzen zaizkio, eta barrukoa egiteko, haurraren buruan elektrodo bat katigatzen dute. Biek ere zaildu egiten dute ama mugitzea (hori oso garrantzitsua da dilatazioan zehar), intimitatea murrizten dute (une horretan ezinbestekoa da emakumea behatuta eta kontrolatuta ez sentitzea), eta tresnaz lagunduriko erditzeen eta zesareen kopurua handitu egiten dute, errazegia delako haurraren bihotzak izaten dituen aldaketa normalak patologikotzat jotzea. Monitore bati konektatuta egoteak ere erditzeari gizatasuna kentzen dio, profesionalek nahiz amaren laguntzaileek sarri gehiago begiratzen baitiote makinari emakumeari baino. Barruko monitorizazioari buruz, esan nahi nuke hori egiteko ezinbestekoa dela poltsa haustea eta haurraren buru-azala urratzea; horrek, era berean, infekzio-arriskua handiagotu egiten du amarentzat eta haurrarentzat. Oxitozina erabiltzen da uzkurdurak artifizialki bizkortu eta sendotzeko, emakumearena ez den erritmo bat ezarriz eta erditzea mingarriagoa eginez. Gainera, oxitozinarentzat tantaz tantakoa behar denez, emakumearen mugikortasuna zaildu egiten da.

Emakumea etzanarazi egin ohi da; horrek bizkarreko mina areagotzen du (bereziki, "giltzurrunetako erditze" delakoetan), eta odolaren zirkulazioa zaildu egiten du, umetokiak perineo atzeko odol-hodietan, aortan eta kaba zainean presioa egiten baitu (azken horrek presio txikia duenez, zapaldu egiten da eta kalibrez txikiagotzen da). Oxigeno-ekarpena oso garrantzitsua da bai amarentzat eta bai haurrarentzat, biak ahalegin handia egiten ari baitira erditzean eta, ondorioz, odol-zirkulazio txarrak hainbat konplikazio eragin ditzake amarengan (disnea, zianosia, gorputz-kolapsoa, heriotz-sentipena eta, egoera berezietan, baita heriotza ere) eta haurrarengan, etengabeko sufrimendu fetala jasaten baitu. Zutik gaudenean grabitatea geure alde dugu, eta grabitatearen laguntzat umetokiaren lana bi aldiz eraginkorragoa da umetoki-lepoa dilatatzeko. Etzanda dilatazioa mantsoagoa izaten da, eta konplikazioak sortzeko probabilitatea handitu egiten da; arrazoi bat da fetuak eta poltsak umetoki-lepoan egiten duten presioa umetokiaren atzeko aldera desbideratzen dela. Erditzearen bigarren fasea ere luzeagoa izaten da posizio horretan, eta konplikazio gehiago sor daitezke:

  • Erditze-kanala gorantz kurbatzen da, eta horrek zaildu egiten du fetua irtetea eta biratzea.
  • Erditze-kanala estutu egiten da eta, ondorioz, bi aldeek ahalegin handiagoa egin behar dute eta lesio gehiago gertatzen dira (hausturak, dislokazioak, etab.).
  • Indar asko alferrik galtzen da (adibidez, zangoetako giharrek egin dezaketen indar guztia).
  • Oinak ointokietan jarrita, perineoaren urradurak ugariagoak eta larriagoak izaten dira.


Faktore horiek guztiek honakoa bultzatzen dute: lurzoru pelbikoan lesio handiagoak sortzea, maskuriaren funtzionamenduan eta egituran defizit gehiago egotea, eta fetuaren burua denbora luzeagoan eta indar gehiagoz estututa egotea. Litotomiako posizioak karena barruan geratzeko probabilitatea handiagotu egiten du, eta kasu horietan erabiltzen diren maniobra batzuek areagotu egiten dituzte karena hausteko arriskua nahiz hemorragia-arriskua. Horrez gain, posizio horretan erditzen duen emakumeak ezin du bere gorputzean gertatzen ari dena inolaz ere ikusi, eta gerta liteke arreta galtzea edo arrazoirik gabe kezkatzea.

OMEk zalantzan jartzen duen beste ohiko praktika bat episiotomia da. Gehienetan, egiten duten ebakia handiagoa izaten da gerta litekeen urradura baino, eta suspertzeko behar den denbora luzeagoa eta mingarriagoa izaten da; halaber, aurrerantzeko harreman sexualetan eragozpen gehiago egon litezke (eta beranduago hasi ohi dira). Puntuak infektatzen badira egoera are gehiago konplikatzen da, nahiz eta Gurutzetako Ospitaleko datuen arabera, hori hamar kasuetatik behin baino ez den gertatzen (%10).

Era berean, praktika bakoitzak bere aldetik duen arriskuaz gain, kontuan hartu behar da prozedura bakoitzak, arrazoi justifikaturik gabe erabiltzen denean, beste prozedura bat eskatzen duela; ondorioz, espirala sortzen da eta zaila izaten da espiral horretatik irtetea. Adibidez, litotomiako posizioak dilatazioa mantsotu egin dezake eta, ondorioz, oxitozina administratu behar izaten da; oxitozinak eragiten duen mina arintzeko anestesia jartzen zaio amari; anestesia horrek sukarra eragiten badu, amari antibiotikoa ematen diote... horrela, jaioberriak pairatu beharko duen proba-zerrenda luzea are gehiago luzatuz doa.

Ez nago ospitaleen aurka, ez eta teknologia erabiltzearen aurka ere; teknologiaren gehiegizko erabileraren aurka bai, ordea (esate baterako, besoa hausten badugu, beharrezkoa da sendatzeko igeltsua jartzea; baina ez du zentzurik besoa hautsi aurretik igeltsua jartzeak, badaezpada ere; gainera, igeltsuaren ondorioz besoa atrofiatu egiten da). Denbora guztian erditze normalei buruz ari naiz hitz egiten (horrelakoak izaten baitira gehien-gehienak). Baina arazoak sortzen diren erditzeetan, tratu gizatiarra eta laguntza emozionala besteetan bezain garrantzitsuak dira (ez, are garrantzitsuagoak direla esango nuke), eta emakumeari zer gertatzen den eta berarekin eta bere haurrarekin zer egin nahi den azaldu behar zaio, eta aukera bat baino gehiago daudenean, berari eman behar zaio aukeratzeko askatasuna.

Azkenik, haurra munduratzen denean, itsutzen duten argi indartsuak, asaldatzen duten zaratak eta presa handia aurkitzen ditu, eta ez berak ama lehenengoz ezagutzeko unean beharko lituzkeen lasaitasuna eta segurtasuna.

Ohikoa da zilbor-hestea berehala matxardez eutsi eta moztea, haren taupadak amaitu arte itxaron beharrean; ondorioz, haurrari ez zaio astirik ematen pixkanaka birikekin arnasa hartzen hasteko (burmuinera oxigenorik ez heltzeko arriskua sortzen da). Horrez gain, zilbor-hestea moztu gabe uzten den denboran haurrari heltzen zaion odolak burdina-ekarpen gehigarria helarazten dio haurrari; ekarpen horrek burdina-erreserba moduan funtzionatzen du edoskitzeak irauten duen bitartean.

Ondoren haurra urrundu egiten da amarengandik denbora batez, bainatzeko (bere azalak duen babes naturala deuseztatzen da), neurtzeko (haurraren bizkar-hezurra bat-batean luzatzen da), pisatzeko eta hainbat proba egiteko (ospitale bakoitzaren arabera aldatzen dira proba horiek). Banantze horrek hainbat ondorio izan ditzake: zaildu egiten du karena botatzea (ama eta haurra elkarrekin badaude, egoera emozionalak lagundu egiten du karena erauzten, amak oxitozina jariatzen duelako), interferentziak sorrarazten ditu edoskitzean, erditu ondorengo depresioaren arriskua handitzen du, haurra seguru ez sentitzea eragiten du, eta beroa gal ez dezan sehaska termikoa erabiltzeko premia sorrarazten du. Prebentzioari begira, zaindu beharreko une pribilegiatua izaten da hori: amatasun-senari loturiko hormonak haurra jaio eta handik ordubetera desagertzen dira gutxi gorabehera. Haurrarengandik banantzen ez duten amak sentitzen du besoetan duen hori bere haurra dela, eta hura zaindu eta babesteko gogoa sentitzen du; handik ordu gutxira haurraren negarra eta usaina ezagutzeko gai izaten da (ordurako, haurrak ere ama ezagut dezake haren usainarengatik). Aitzitik, haurra amarengandik bereizten dutenean, amari bere haurra zein den esan behar izaten zaio, eta emakumeak ahalegin intelektuala egin behar izaten du, esaten diotena sinetsi behar du, eta bere burua amaren paperean jarri behar izaten du (noski, hau guztia aldatu egin daiteke bananduta egon diren denboraren arabera). Horrekin ez dut esan nahi erditu eta lehenengo ordubetean jariatzen diren hormonak ez direla gehiago agertzen, edoskitzean zehar eta intimitate- eta kontaktu-egoera berezietan berriro agertzen baitira; aldiz, esan nahi dudana da erditu ondoko une berezi hori ezin hobea dela amaren eta haurraren arteko lotura has dadin, orduan jariatzen den hormona-kopurua handiagoa izaten delako beste edozein unetan baino.

Jaioberriari egiten zaizkion prozedurak asko dira, batzuk erasokorragoak besteak baino; guztietan bat azpimarratu nahi dut bereziki, haurrak eta amak elkar lehenengoz ezagutzen duten unean duen garrantziagatik. Lehen aipatu dugu begiradak zer garrantzi duen une horretan; hala ere, hori ez da ezertarako kontuan hartzen jaioberriari begietan tantak botatzen zaizkionean. Tanten ondorioz, haurraren ikusteko gaitasuna murriztu egiten da, eta amarekin begiradaren bidez komunikatzea oztopatzen zaio (ez da harritzekoa, beraz, jende askok oraindik pentsatzea jaioberriek egun batzuk behar dituztela begiak irekitzeko).

ONDORIOAK. ERDITZEA ETA GURE GIZARTEA

Erditze naturalerako, beharrezkoa da gorputza, emakumeak eta natura (azken batean, bizitza) errespetatzea eta haiengan konfiantza izatea. Jarrera horiek bete-betean egiten dute tupust erditze medikalizatuarekin eta hark euskarritzat dituen idealekin. Ideal horiek bizi garen gizarte matxista eta patriarkalaren euskarri ere badira, azken finean: arrazionaltasunari lehentasuna ematea; teknikan itsu-itsuan sinestea (kontrolatzeko beharra dugulako); hierarkien beharra; emozionaltasuna, gorputzari loturiko alderdiak eta animaltasuna baliogabetzea... bizitzarekiko mezpretxua ere aipa genezake.

Erditze naturalean, emakume osasuntsuek eta haien haurrek beren bizitzako esperientzia sakonenetako bat bizi dute. Haurra mundura irteten da, amak lagundu egiten dio bidea egiten eta, iristen denean, ongietorri goxoa ematen dio. Ospitaleetako erditzeetan, medikuen interbentzionismoak lapurtu egiten die euren protagonismoa; emakumea gaixoa izango balitz bezala tratatzen dute, eta haurra haren gorputzetik ateratzen dute.

Erditzea trantsizioko une garrantzitsua da, eta zaindu egin behar da, amaren eta haurraren arteko lotura ezartzeko duen garrantziarengatik, bai eta garapen eta osasun fisiko, psikiko eta emozionalean epe labur, ertain eta luzean dituen ondorioengatik ere. Hori hala da, bereziki, jaio berri den pertsonarentzat, baina baita amarentzat ere. Erditze naturalaren esperientziaz gozatu ahal izan duen emakumea asebeteta, indarberrituta eta pertsona gisa aberastuta sentitu ohi da. Haurra hazteko erronka zailari ekiteko gai, indartsu eta gogotsu sentitzen da. Amatasunaren bidetik hobeto hornituta abiatuko da, hormonak alde dituela, eta jaiotzen ikusi eta sentitu duen haurrarengan konfiantza izanez. Konfiantza hori oso lagungarria izango zaio hazkuntzako une askotan.

Hala ere, erditzeak baldintzatu egiten gaituen arren (haurdunaldiak bezala), ez dut uste determinatzailea denik. Gizakiok badaukagu beharrezko plastikotasuna erditzerik ikaragarriena ere konpentsatzeko, eta ondorengo esperientziek lagundu egin dezakete lan horretan (bereziki, haurraren lehen 6-7 urteetako esperientziek). Batzuetan gauzak ez zaizkigu nahi genukeen bezala ateratzen, baina geure buruari errua botatzen badiogu, egoera okerragotu baizik ez dugu egiten. Horrelakoetan ahal den guztia egin behar dugu egoera gainditzeko, beharrezkoa bada laguntza bilatu behar dugu, eta haurraren hazkuntzan jarri behar dugu arreta guztia (edoskitze zoriontsua izateak, esate baterako, asko lagun dezake egoera hobetzen).

Erditzea zoragarria izan denean ere, ezin dugu hor geratu. Erditzea ez da panazea, urrats bat baino ez da, eta ezin da ondoren datorren hazkuntzatik bereizi. Ez du zentzu handirik modu naturalean erditzeak, hortik aurrera haurraren negarrari ez entzunarena egingo badiogu ("ohitu egin behar du", esaten dute), besoetan hartua izateko eta gorputz-kontaktua sentitzeko duten premia aintzat hartuko ez badugu, erlojuak agintzen duenean bakarrik ematen badiogu jaten... Ezinbestekoa da koherenteak izatea. Montserrat Catalá emaginak dioen bezala: "Benetan garrantzitsua iruditzen zait zilbor-hestea taupadaka ari den bitartean ez moztea, haurra lasai-lasai arnas hartzen has dadin, baina horrek adina kezkatzen nau zenbat aldiz moztuko dizkiegun hegoak haratago hegan egin ez dezaten, hitzartutakoa, agindutakoa bete dezaten".

EGUNGO EGOERA. DAUDEN AUKERAK

OMEren gomendioak betetzetik oso urrun gaude hemen oraindik; Holanda da gomendio horiek gehien errespetatzen dituen herrialdea. Holandako emakumeen % 36ek etxean erditzen dituzte haurrak, eta estatuak berak ordaintzen ditu gastuak (aldiz, erditzea arriskutsua ez bada, ez ditu ospitaleko gastuak ordaintzen). Politika horren emaitza da zesarea eta tresnaz lagunduriko erditzeen tasak askoz ere txikiagoak direla eta, horrez gain, munduko estatistika onenak dituztela jaiotza inguruko heriotzari dagokionez.

Estíbalitz Vegas González
Adore, Psikoterapia eta Haur Prebentzioa
Nicolas Alkorta kalea, 2, 21. dep., Bilbo, Bizkaia
Telf : 94 6164168 - 666066508
Helb. elek.: adore@correo.cop.es