Zaintza partekatuaren legea eskatzeko sinadurak batzen
Gizartea politikarien aurretik doala dio Agipase elkarteak.
"Momentu honetan bikote bat banandu bada eta adostasunik ez badago, bietako batek hartzen du seme-alaben zaintza, eta normalean ama izaten da. Guk uste dugu zaintza partekatua izan behar dela, eta horregatik ari gara sinadurak biltzen", zioen Arantxa Bergarak, Agipase elkarteko teknikariak zapatuan Bergaran egin zuten sinadura bilketan. Datorren zapatuan Arrasaten batuko dituzte.
Zaintza partekatuaren legea onartzea eskatu gura diote legebiltzarrari, eta 30.000 sinadura behar dituzte horretarako. "PSE-EE eta Ezker Batua alderdiak izan ezik, gainerako guztiek esan digute beraiek ere legea aldatzearen alde daudela. Argi ikusten dena da gizartea politikarien aurretik doala beste behin, herritarrek legea aldatzea eskatzen dutelako", gaineratu dute.
Gizonak galtzaile
Maolo Rodriguez antzuolarra ere Agipase elkarteko kideekin batera ari da sinadurak eskatzen, "aitok ere guraso izateko eskubidea dugulako. Orain dagoen legearekin, gizonak dirua ateratzeko soilik erabiltzen dira banaketa baten aurrean; nik ezagutzen ditut Bergarako bi aita, adibidez, gurasoen etxera joan direnak bizi izatera, dirurik ez dutelako. Eskatzen duguna da banaketa bat dagoenean baldintza minimoak betetzea eta etxetik irten behar duenari etxebizitza babestu bat eskaintzea". Egungo iritzi orokorrarekin bukatzea ere eskatu du Rodriguezek: "Uste da emakumea ama ona dela, eta gizona, berriz, izateagatik aita txarra dela, eta hori ez da horrela".