Umeak baikortasunean hezteak onura handiak dituela gogorarazten dute
Gurasoek baiezko pentsamenduarekin funtzionatzen badute umeek igarri egiten dutela diote 'noesiterapiaren' defendatzaileek.
Adimena lantzea proposatzen dute noesiterapiako kideek; baiezko pentsamenduak lantzea, alegia. Defendatzen dute umekiak amaren sabelean dagoen unetik sumatzen duela pentsamendu baikorren edo ezkorren eragina, eta lotura hori ez dela jaiotakoan eteten. "Ulertu behar dugu erditzearen ondoren mozten ez den zilbor-heste psikologiko bat mantentzen dela umearen eta amaren artean. Umeak modu askean hartzen du arnasa, baina ez du oraindik modu askean pentsatzen, eta xurgatu egingo du bere ondoan egiten dugun edo pentsatzen dugun guztia".
Baikortasunez erantzun
Gau txar baten aurrean, esaterako, gomendatzen dute umea goxoki altzoan hartzeko eta lauzpabost urte izango balitu moduan hitzegiteko. "Esan, adibidez, tripa edo hortzak lo goxoan dituela, edo defentsak lanean dituela sukarra eragiten dion mozorrotxoa mendean hartzeko". Uste dute, baita ere, gaizki dagoela ume bati "erori egingo zara" esatea. "Esan behar zaio ondo begiratzeko oinak non ipintzen dituen. Baiezko pentsamenduarekin umeak motibatu egiten ditugu", ziurtatzen dute. Eskolara joan nahi ez badute edo jan nahi ez badute berdin jokatzeko gomendioa egiten dute.