Gailu adimendunek, pribatutasuna eskaintzeaz bat, arrisku berriak azaleratu dituzte haurrentzat. Gaur egun, Europako 9 eta 12 urte arteko haurren % 28 smartphone gailuen bitartez konektatzen da Internetera.

Captura de pantalla 2014-12-12 a las 13.36.31

Hori erakutsi du EU Kids Online sareak 25.000 adingaberekin egindako ikerketak. Ondorioztatu dutenez, Internetera smartphone bat erabiliz sartzen diren haurrek arrisku handiagoa dute, sakelako telefono zaharragoa, ordenagailu eramangarria edo PCa erabiliz sartzen direnekin alderatuta. “Arrisku gehiagoren eraginpean egoteaz gain, pribatutasunez eta maizago sartzen dira Internetera, eta jarduera gama zabalagoa garatzen dute” azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Maialen Garmendiak.

Gainera, gailu adimendunek geolokalizazioa bezalako arrisku berriak azaleratu dituzte. Baina era berean, ohiko arriskuak areagotu dira. Gorrotoa eragiten duten mezu gehiago ikusten dira, baita anorexia sustatzen duten orriak, nork bere burua kaltetzekoak eta cyberbullyingari buruzkoak ere.

Gurasoen inplikazioa

Ikerketan jasotako gomendioen arabera, software diseinatzaileek eta teknologia eta komunikazio arloetako enpresek gurasoentzako kontrol-mekanismo errazak ahalbidetuko dituzten lanabesak garatzea lehenetsi beharko lukete, adingabeen artean Internet modu seguruan erabiltzea lagundu eta monitorizatu ahal izateko.

Garmendiak gaineratu du gurasoek, euren aldetik, haurrak txikitatik bultzatu behar dituztela internet erabiltzera, hark dakartzan onurak eta kalteak argi azalduz. Izan ere, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gaitasun digital gehiago garatzen dituzte haurrek interneten onurak eskuratzeko.