Lodosa-Sartagudako ikastolari laguntzeko kanpaina abiatu dute
Kanpainaren aurreneko egitasmoa 'Euro bat, marrazki bat' izenekoa izango da. Euskal Herriko ikastoletako ikasleek marrazki bana egingo dute, eta zentro bakoitzak euro bat emango du matrikulaturik duen ikasle bakoitzeko.
Aurten 25. urteurrena beteko duen Lodosa-Sartagudako (Nafarroa) Ibaialde ikastola diruz laguntzeko kanpaina jarri du abian Ikastolen Elkarteak. Eremu ez euskaldunean kokatua, ikastolak zailtasun ugari du behar ekonomikoei aurre egiteko.
Ekarpenak egiteko aukera
Ibaialde ikastolak gizarte osoari egin dio dei laguntza emateko. Bere ekarpena egin nahi duen herritar orok, dirua Euskadiko Kutxako kontu korronte honetan sartu ahal du: 3035 0153 46 1531026051.
Otsailaren 5ean, urteurren festa
Ibaialde ikastolak otsailaren 5ean ospatuko du 25. urteurrena Sartagudan. "Hasierako asmoa lehen andereño, presidente eta aurreneko bost ikasleei omenaldi xumea egitea bazen ere, orain bertze helburu batzuk gehitu zaizkio egoerak behartuta: alde batetik dirua bildu Ibaialde Ikastolak aurrera egin dezan eta bertzetik seme-alabentzako euskarazko hezkuntza integrala aukeratzen duten gurasoek pairatzen duten hizkuntz-apartheida salatu gura dugu", diote ikastolatik. Kontzertuak, dantza eta bertso emanaldiak, kalejirak eta beste hainbat ekintza egingo dira Sartagudan.