Irakasleen %96k uste dute ikasleen inplikazioa handitu egin dela Eskola 2.0 programaren bitartez banatutako ordenagailuei esker
Hala dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2011ko ekainean eginiko azterlan batek.
Oro har, irakasleek oso positiboki baloratu dute Eskola 2.0 aplikatu izana. Beren iritziz, ikasleek informazioa bilatzen ikasten dute (%82) eta hobeto barneratzen dituzte ezagutzak (%69). Baina baditu alderdi negatiboak ere. Hala, %54k uste dute ordenagailuak "gutxi edo batere ez" diela laguntzen taldean lan egiten eta %57ren iritziz, ezta ere hobeto espresatzen edo komunikatzen.
Une honetan, eskola 2.0 EAEko ikastetxe publiko guztietan ari da garatzen. Eskola 2.0 programaren aplikazioa jada burutu da lehen hezkuntzan eta orain bigarrenean inplementatzen ari dira. Lehen hezkuntzako irakasleen %87k maiz erabiltzen dituzte ordenagailuak ikasgeletan.
Pantaila digital interaktiboek erabilpen txikiagoa dute, %52koa hain zuzen, baina %9k arbel tradizionala baino gehiago erabiltzen dute eta %12k erabat baztertu dute metodo zahar hori. Bada beste datu esanguratsu bat ere: ikasleen %79k eduki propioak sortzen dituzte Eskola 2.0 tresnak erabiliz, dela testu formatuan (%41), dela multimedia formatuan (%28) edo dela web 2.0 aplikazioak erabiliz (%10).