Hortzak txikitatik zaindu behar dira
Hortzak zaintzeko ohitura lehenengo urteetan hartu behar dituzte umeek. Dentistarengana lehenengo bisita hiru urterekin egin behar dela diote adituek.
Hortz osasungarriak izateko umeek ondo elikatu behar dute eta hortzak zaintzen ikasi behar dute. Hortzak osatzeko kaltzioa, fosforoa, burdina, D bitamina eta fluorra behar dira. Adituek kaltegarritzat jotzen dituzte moldeko ogia eta opiltxo gozoak.
Hortzak garbitzeko ohitura
Lehenbailehen hasi behar dugu ohitura hori lantzen. Hasierako urteetan ez da komeni garbiketa prozesu oso sakona egitea; esmaltea oso sentikorra da eta urte horietan txistu asko sortzen dute umeek, hortzentzako babesle bikaina.
Hortzak garbitzeko lehenengo eskuila 18 hilabete eta bi urte arteko epean erosi behar da. Komeni da sasoi horretan hortzen garbiketa serioarekin hastea. Otordu guztien ondotik hortzak garbitzea komeni da, ezinbestekoa da gosariaren eta afariaren ostean garbitzea. Eskuilak helduleku egokia behar du eta buru motza. Umeentzako gurasoak eredu izango dira, eta esan gabe doa zeinen garrantzitsua den umeei eskatutakoa gurasoek ere betetzea. Ispiluaren aurrean ipiniko ditugu umeak prozesu guztia ondo ikus dezaten. Eurek egingo dute lehenengo garbiketa, baina ezinbestekoa da lana gurasoek amaitzea. Gogoratu eskuilak laster hondatzen direla; bi hilabete oro - gehienez hiru - aldatu behar dira. Hortzak garbitzeko pastak ere berezia behar du; fluor kontzentrazioa %0,25ekoa izango da gehienez.
Dentistarengana hiru urterekin
Espezializatutako dentistak badaude; odontopediatrak, hain zuzen ere. Aukera izan daiteke umeak dentistarekin izango duen lehenengo kontaktua atsegina izan dadin. Osakidetzak bere programa ere badauka, PADI programa hain zuzen ere. Umeak sei urte betetzen dituenean gutun bat jasotzen duen etxean dentistarengana joateko.
Albistearen iturria
Argazkiaren iturria
answer