Garrantzitsua da neska-mutikoen artean irakurmena lantzea
Neurketa berri bat egin dute, eta adituak kezkatuta daude. Gero eta maila eskasagoa erakusten dute ikasleek irakurritakoa ulertzeko.
Estatu mailako Derrigorrezko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen artean egin dute neurketa, eta hezkuntza sisteman hobetu beharreko hainbat alderdi identifikatu dituzte. “Nazioarteko neurketekin alderatuta erdi mailako puntuaziora iritsi da Espainiar estatua. Hobetu beharreko egoera da”. Maila desberdinak antzeman dituzte autonomia erkidegoen artean, baita eskola publikoen eta pribatuen artean. Orokorra da, baina, ikerlariek antzeman dute arazo nagusia; eskolako neska-mutikoek arazoak dituzte irakurritakoa ulertzeko eta gaitasun hori ezinbestekoa da edozein ikasketetan aurrera egiteko.
Denon ardura
Argi dago neska-mutikoen artean irakurketa bultzatu beharra dagoela, “eta hori ez da soilik eskolaren ardura”, azaldu du Bartzelonako unibertsitateko kide Ferran Ferrerek. “Komunikabideen eta familiaren lana ere bada”. Errazagoa da ikasle batek emaitza akademiko hobeagoak lortzea gurasoak irakurtzera motibatzen badute edo etxean giro kultural aberatsa aurkitzen badu”. Adituak gaineratzen du antzerako neurketetan emaitza altuenak lortzen duten herrialdeak badutela puntu komuna; formazioari garrantzia ematen diote eta etorkizuneko apustu moduan ikusten dute. Irakaslegoa baloratu egiten dute, dirua inbertitzen dute hezkuntzan eta saiatzen dira zailtasunak dituzten ikasleei aukera berriak ematen.
Emaitza onen atzean
Ezaugarri komun batzuk aurkitu dituzte ikerlariek emaitza akademiko onak lortzen dituzten ikasleen artean. Famili horietan errespetatu egiten da irakasleen lana eta baloratu egiten da formazio akademikoa. Gainera, bestelako ezaugarri batzuk ematen dira.
. umeek familian aurkitzen duten motibazioa
. familien maila sozio-ekonomikoa eta kulturala
. irakasleen formazio maila
. irakasleen inplikazio maila
. etxekoen espektatibak