Familia politiken gogoeta sakona eta aldaketa soziala dakarten ereduak mahai gainean jartzeko premia agerian da. Horrekin batera, kontziliazio parekide baten aldeko aldarria iristen zaigu.

Captura de pantalla 2014-12-12 a las 13.24.58

Laguntzak eskatu dituzten familien kopuruak gora egin du bai Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bai Nafarroan, bai Ipar Euskal Herrian. Alabaina, Eusko Jaurlaritzari bukatu egin zaio lana eta familia-bizitza uztartzeko diru-laguntzen poltsa, Nafarroako Gobernuak %80 moztu ditu esezedentziak edo lanaldi murrizketak hartzeko laguntzak, eta Frantziako Gobernuak bi heren murriztu du datorren urteko aurrekontuetan seme-alabengatik ematen duen laguntza.

Hazi Hezi aldizkarian SiiS Ikerketa eta Dokumentazio Zentroko Egia Kareagako ikerketa zuzendari Joseba Zalakainekin izan dira. Gaiari buruz Arartekoa Fundazioarendako berriki egindako ikerketa batean hartu  du parte Zalakainek eta dio laguntza-sistema errotik aldatu behar dela, “benetan eraginkorra izango bada”. Eta oinarrizko bi aldaketa proposatzen ditu:

. Oinarrizko dirulaguntza jaso behar lukete familiek seme-alabak edukitze hutsagatik.

. Politika sozialak haurtzarora begira jarri.

Europarekin konparatuz aldea handia dela azpimarratzen du soziologoak. “Familia heztea zeregin pribatua dela pentsatu izan da hemen, eta beste lekuetan ez. Arazo kultural bat da. Aldiz, zaharra zarenean pentsio bat jasotzea pribilegio bat ez eta eskubide bat dela oso barneratua daukagu kulturalki”.

Kontziliazio parekidea

Kontziliazioa hitzak lana eta familia uztartzeari egiten dio erreferentzia, baina jatorrian uztarketa horretan hirugarren oinarri bat ere badagoela adierazten digute Hazi Hezi aldizkarian. “Lana, bizitza familiarra eta bizitza perrtsonala baitira kontziliatu beharrekoak”, diote. Eta Juana Maria Maganto EHUko Psikologia fakultateko irakasleak koordinatutako Concilia en tu vida liburua gomendatzen dute, non kontziliazioaren benetako gakoak planteatzen dituzten.

Magantoren ustez kontziliazioaren hirugarren oinarri honetan dago kontziliazio parekide baten gakoa emakume askori, oraindik ere, bizitza pertsonala lanarekin eta familiarekn kontziliatzea “ahaztu” egiten baitzaie. “Baina arreta handia eskaini beharreko alorra da, gure ongizatea bermatuko duena baita”, dio Magantok. Historikoki, gizonezkoak lan esparruan eta alor pertsonalean garatu dira, lan ordaindua eta bizitza soziala zainduz; emakumezkoek, aldiz, zailtasun handiak izan dituzte bizitza familiarretik harago garatzeko. Emakumeak lan esparruan sartu dira familien zaintza alde batera utzi gabe, eta horrek bizitza pertsonalarentzat espaziorik eta denborarik gabe utzi ditu. “Emakumeak, oraindik ere, errudun sentitzen dira ordaindua den lan bat egiteagatik eta sozialki eraiki den espektatiba bati ezin diotelako erantzun. Ama ona izateko espektatiba hori oso zorrotza eta injustua da emakumeekiko. Kurioski, gizonezkoek askoz denboa gutxiago eskaintzen dioten arren seme-alaben zaintzari ez dute errudun sentimendurik”.

Albistearen eta argazkiaren iturria Hik Hasi.