Familia bitartekotzako zerbitzuetara iristen diren gatazken % 82 alderdien adostasunarekin amaitzen dira
Arabako Familia Bitartekotzako Zerbitzuaren lokal berriak inauguratu ditu Gemma Zabaleta sailburuak.
Gasteizko Santa Olaja de Acero kalean zabaldu ditu lokal berriak Eusko Jaurlaritzak eta hiru profesional ariko dira Familia Bitartekotzako Zerbitzuan. Bizkaian zerbitzu hori 1996. urtetik aurrera dago martxan —Bilboko Santutxu kalea, 69—; Gipuzkoan, aldiz, 2010eko uztailean inauguratu zen –Donostiako Larramendi kalea, 1—.
Zerbitzu publikoa, doakoa eta borondatezkoa da eta familia-gatazkan murgildurik dauden pertsonen eskura dago, bikotearen (senar-emazte nahiz izatezko bikotea) hausturagatik edo familia-ingurunean sortutako inguruabarrak direla-eta. Zerbitzua eskuratzeko bidea bi alderdiak ados jarrita edo alde baten ekimenez egindako idazki bidezko eskaerarekin hasten da. Gizarte-zerbitzuen, euskal osasun-sistemaren eta abarren bidez ere bidera daiteke.
2011n, familia-bitartekotzako zerbitzu publikoetara jo zuen 10 familiatatik 8 inguruk hasiera batean planteatutako egoerari buruzko adostasuna lortu zuen eta horrek kasu askotan auziaren bideari ekitea saihestu zuen.
Familia Bitartekotzako Zerbitzuak gizarte-, psikologia- eta zuzenbide-arloko adituek osatzen dituzte eta horien helburu nagusia alderdien arteko gatazkei adostasunezko irtenbideak lortzen laguntzea da.
Bitartekotzari esker alderdiei auzitara jotzeak ekartzen dien higadura emozionala saihesten da eta horrek eragiten du horrela lortutako akordioak kasu askotan itun judizialetan lortutakoak baino iraunkorragoak eta errespetatuagoak izatea. Gainera, banaketak seme-alabengan duen inpaktua txikiagotzen du bitartekotzak, eraginpean hartutako pertsona guztien premiak kontuan hartzen direlako eta bestalde, banaketaren unera arte zeuden bizitzako jarraibideei eta familia-antolaketari eusteko ahalegina egiten da.