Euskadiko Esnearen Ligako kidea Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan izan da Osasun Sailak bularra emateko eskubideari buruz egindako adierazpenaren balorazioa egiteko.

Captura de pantalla 2015-09-01 a las 8.36.22

Osasun sistemako eskubideen eta betebeharren adierazpena kaleratu du, berriki, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Adierazpen horretako bederatzigarren artikuluak espresuki aitortzen du seme-alabei bularra edozein lekutan emateko eskubidea. Erne Unzurrunzaga Euskadiko Esnearen Ligako kideak horren balorazioa egin du Euskadi Irratiko ‘Faktoria‘ saioan, eta aipatu du asmoen adierazpen gisa ongi dagoela, txalogarria dela, baina mugatua dela. Dekretu bidez kaleratutako adierazpena da, eta aplikazio eremua osasun esparruari soilik dagokio. Osasun sistemaren erabiltzaileen eskubideak aitortzen ditu, eta osasun sistemako langileei dagokie horiek bermatzea, baina adierazpen horrek ez du bermatzen edozein lekutan bularra emateko aukera baliatzea askatasun osoz.

Gure inguruan ez dira beste zenbait herrialdetan bezain ohikoak bularra emateagatik lekuren batetik kaleratutako emakumeen kasuak, baina egon badaude. Esate baterako, 2013an emakume bat egotzi zuten Erandioko igerilekutik, eta Bilboko Iñaki Azkuna Zentrotik ere bi andre bota zituzten edoskitze gelatik kanpo titia eman nahi zutelako. Gainera, sare sozialetan behin baino gehiagotan kendu izan dituzte amak bularra ematen erakusten zituzten argazkiak. Unzurrunzagaren hitzetan, “zentzu erotizatuan bularra horren agerian dagoen gizarte batean, zentzu ez erotizatu batean bularra agertzeak horrenbesteko iskanbila sortzea izugarri deigarria da”.

Informazioa eta babesa

Hainbat ikerketaren arabera, ama gehienek, erditzerako orduan, bularra emateko asmoa dute, eta bularra ematen hasten dira gehienak. Bularra ematen jarraitzen dutenen kopurua txikiagoa da. Askok lanera itzultzen direnean uzten diote haurrari titia emateari, baina Euskadiko Esnearen Ligak nabarmendu du badaudela horrekin jarraitzeko moduak. Osasun Sailaren adierazpen horrek bermatu egiten du ama guztiek jasotzea edoskitzeari buruzko informazioa eta formazioa, eta hori ezinbestekoa da emakumeek bularra ematen jarraitu ahal izateko.

Edoskitzearen kultura bat zegoen aurreko belaunaldietan, eta galdu egin da“, azpimarratu du. Lehen etxetik jaso zezakeen ama batek laguntza eta babesa bularra ematerako orduan, bai amarengandik, bai izebengandik… Orain, babes talde bat ez izateak eragina du edoskitzea ez mantentzeko, arazoen aurrean aholkurik eta laguntzarik jasotzen ez dutenek amore ematen baitute. “Babes hori edukiko balute, aurrera egingo lukete”. Horregatik, azpimarratu du ezinbestekoa dela osasun-etxeetako emaginen rola eta haiek ematen duten prestakuntza eta informazioa, baita edoskitze taldeena ere.

Esnea aterata edo lanaldia murriztuta edoskitzea eta lana uztartu badaitezke ere, amatasun baimena 16 aste baino gehiagokoa izateak lagunduko luke, Esnearen Ligaren arabera, bularra luzaroago ematen. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundearen irizpideei jarraiki, haurraren lehen sei hilabeteetan haurrari amaren esnea bakarrik ematea gomendatzen dute, eta bi urtera arte, behintzat, ematen jarraitzea, tartean, bestelako elikagaiak ere sartuta. Izan ere, bularra emateak onura ugari dauzka. Maila immunitarioan onurak ditu, hobe liseritzen da, amari gaixotasun ugari prebenitzen laguntzen dio, haurraren osasuna epe luzera babesten du, eta, gainera, osasun psikikoari dagokionez, atxikimendu harremana sendotzen du, eta maila emozionalean amari sor dakizkiokeen zenbait zailtasun arintzen laguntzen dio.

Unzurrunzagaren esanetan, gai honek “oso jarrera polarizatuak” sortzen ditu; erabat aldeko edo erabat kontrako jarrerak, alegia. “Derrigorrezkoa iruditzen zait gizarteak aukera ematea; hortik aurrera, bakoitzak egin dezala iruditzen zaiona”. Aurrerapausoa da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak dekretu bidez egindako adierazpen berri hau, baina esparru honetan oraindik ere asko dago egiteko, gaineratu du.

Albistearen iturria iturria eta elkarrizketaren audioa hemen.

Argazkiaren iturria hemen.