Aspaldi honetan, kirol balioak sustatzen dabiltza Aretxabaletako UDAko talde txikietan. Eskua proiektuak (Errespetua Sustatzeko Kirola Ulertuz Aretxabaletan) emaitzak eman dituela uste du bere bultzatzaile Erik Badillo aretxabaletarrak. Jokalariez gain, gurasoengan ere eragin nahi dute orain UDAko arduradunek.

Captura de pantalla 2015-01-07 a las 14.55.53

Zer da Eskua proiektua? 

Igor Arenatza eta biok duela hiru lau urte hasi ginen Eskua proiektuarekin. Gizartean hutsune bat ikusten genuen jarrera eta balio aldetik, eta umeek futbolera etortzen zirenean erakusten zuten ilusioa hutsune horiek betetzeko erabili nahi izan genuen. Futbol zelaian lantzen duten fisiko eta teknikaz gain, adimen emozionala eta bestelako balioak garatzeko asmoa genuen. Hasieran, beharbada, esparru zabalegia hartu nahi izan genuen, gurasoekin, seniorrekin eta haurrekin lan egin nahi genuelako, eta hori gehiegi da, denborak erakutsi digunez. Horregatik, gazteenekin lan egin dugu, gaurko gazteak biharko nagusiak izango direlako. Epe luzerako lanketa egiten ari gara haiekin.

Ze balio azpimarratu nahi dituzue Eskua proiektuan?

Batez ere, errespetuan eragin nahi dugu. Errespetu barruan beste alderdi asko sartzen dira: errespetua taldearekiko, inguruarekiko, hizkuntzarekiko… Dena. Orain, berriz, adimen emozionalaren inguruan lan egiten ari gara. Sentimenduen kudeaketa txarra hobetu nahi dugu, autoezagutza, autokontrola… Esparru hauetan lanketa egokia egiten badugu, partiduetan gazteek izan dezaketen jarrera ezegokietan eragin dezakegula uste dugu. Gure barruan dauzkagun balioek gure sinesmena zehazten dute eta sinesmenek, berriz, egiten ditugun ekintzak.

Jar gaitezen futbol partidu baten. Zein jarrera txar izaten dira, normalean? 

Betikoak. Futbolean epailea da ahulena, eta guztiak harekin sartzen dira. Norberak oso gutxitan onartzen du berak edo bere taldekideek egindako akatsen bat, eta kritikak epailearengan jartzen dira, normalean.

Gurasoek ere arazoak sortu ohi dituzte… 

Bai, zoritxarrez hala izaten da. UDAn oraintxe hasi behar dugu gai hau lantzen, eta, horretarako, Ibai Zangitu eta biok lanean hasi berri gara. Bideo batzuk egin nahi ditugu, jarrera egokien dekalogo bat azaltzeko. Gurasoek jakin behar dute umeak futbolera ondo pasatzera datozela. Izan ere, 3.000 haurretik bakarra irteten da profesional, hori da gure inguruan daukagun batez bestekoa. Kontua da guraso askok lehiakortasunean hezten dituztela seme-alabak, eta gero arazoak hortik datozela. Futbola jokoa dela ikusi behar dute gurasoek, eta hori, zoritxarrez, ez da beti gertatzen.

Eskua proiektua duela hiruzpalau urte jarri zenuten martxan. Igarri duzue hobekuntzarik denbora honetan? 

Epe luzerako proiektua da Eskua. UDAk betidanik talde marrulleroa den ospea izan du, eta hori urte gutxitan aldatzea lortu dugula uste dut. Azken denboraldietan jaso dugun txartel kopuruak hori dio. Eskua martxan jarri genuenetik, UDAri askoz txartel gutxiago atera dizkiote, eta hori oso datu esanguratsua da guretzako. Gurasoen aldetik ere jarrera egokiagoak ikusten dira proiektua martxan denetik. Poliki-poliki kontzientziazio lanean gabiltzala uste dut.

Erreportajea osorik hemen.