Hemen zaude: Hasiera Albisteak EAEko kudeaketa zuzeneko eskola jangeletan astean bi egunetan greba egingo dute
Dokumentu Akzioak

EAEko kudeaketa zuzeneko eskola jangeletan astean bi egunetan greba egingo dute

guraso.com 2010/03/02

Martxoaren 9an eta 11n izango dira aurreneko lanuzteak; gainerako asteetako plana astez aste iragarriko dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako jangeletako langileek mobilizazioak gogortuko dituzte hurrengo hilabeteetan. Hala iragarri dute LAB, ELA, COOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek. Noiz arte zehaztu gabe, astean bi egunetan greba egiteko deia egin dute kudeaketa zuzeneko jangeletan. Lanuzteak deitzera «behartuta» sentitu direla adierazi dute beharginek, negoziazioek aurrera egin ez dutela argudiatuta: «Enpresek eta Eusko Jaurlaritzak beren erantzukizuna onartu eta hitzarmena negoziatzen ez duten bitartean, greba egingo dugu».

Bilboko LAB sindikatuaren egoitzan egindako agerraldian atzo jakitera eman zutenez, aurreneko greba egunak martxoaren 9a eta 11 izango dira, datorren asteko asteartea eta osteguna, hain zuzen. Astero bi egunetan egingo dituzte lanuzteak, baina ez dituzte beti asteko egun berberetan egingo. Aurrerantzean, aste bateko aurrerapenarekin emango dute greba egunen berri.

Jangeletako langileek gatazka luzatzea leporatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. «Nahi izango balute, gatazka amaituta egongo litzateke. Izan ere, Eusko Jaurlaritza da kontratazioen arduradun nagusia, eta enpresak behar ditzake sindikatuekin negoziatzera». Diotenez, negoziazioak hasi zirenetik hiru bilera baino ez dituzte egin; azkena, abenduan.

Urtebete baino gehiago igaro da kudeaketa zuzeneko jangeletan gatazka hasi zenetik. Geroztik, sektoreko 3.500 langileek bederatzi greba egin dituzte, eta, sindikatuen arabera, deialdiek erantzun handia izan dute. Urtarrilaren 17an, esaterako, azken greba eguna, greba langileen %90ek egin zutela diote. Jangela zerbitzurik gabe geratu ziren orduan 55.000 eskola ume. Sindikatuen arabera, greba egunen ostean ez dute negoziatzeko «inolako eskaintzarik» jaso. Lan itunik gabe ia bi urte daramatela gogoratu dute.

Barkamena

Sindikatuetako ordezkariek barkamena eskatu nahi izan diete grebek kalte egingo dieten gurasoei, baina ez dutela beste konponbiderik aurkitu argitu dute: «Greba da Eusko Jaurlaritzak eta enpresek utzi diguten aukera bakarra». Izan ere, salatu dutenez, bai enpresek bai Eusko Jaurlaritzak ez dituzte langileen aldarrikapenak aintzat hartu. Bost eskaera nagusi egin dituzte: jangeletako zaindari bakoitzak haur gutxiago izatea bere zaintzapean; formazio ikastaroak egitea; txostenak egiteko, lanorduak luzatzea, eta soldata Eusko Jaurlaritzako langileenarekin parekatzea.

Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, sindikatuak kritiko agertu dira Eusko Jaurlaritzak orain arte izan duen jarrerarekin. Zuriñe Andres LABeko ordezkariaren arabera, aurreko deialdietan jangeletan «begiraleen errotazioa» egin dute eta «gertaera larriak» izan dira. Esaterako, alergiengatik edo gaixotasunengatik arreta berezia behar duten haurrek beren egoeraren berri ez duten begiraleen zerbitzua jaso dute. Andresek azpimarratu duenez, jangelak ez dira «ezinbesteko zerbitzua» gizartearentzat, eta gutxieneko zerbitzuak ezarrita haurren osasuna «arriskuan» jar daiteke.

Albistearen iturria.

Argazkiaren iturria.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.