Menpekotasunari aurre egiteko errekurtso eta estrategia desberdinak ematea izan behar du hezitzaileen erronka.

“Ez dira substantziak arriskutsuak direnak, substantzia horien kontsumorako ohitura, arrazoi edo jarrerak baizik”, dio Fermin Martin Kalexka elkarteko gizarte hezitzaileak. Egiten dituzten saioen helburua haur, nerabe eta gazteei drogamenpekotasunari aurre egiteko errekurtso eta estrategia desberdinak ematea da, beti ere talde bakoitzaren beharretara egokituz.

Gazteak, hitz egiteko prest

Martinek azaldu duenez, orain arte egindako saioetan, gazteak hausnarketa eta lanketarako prest agertu izan dira, beraz ezin ukatu gaiarekiko interesa dutenik “normalean ondo hartzen dituzte gure saioetako ariketak eta gomendioak”, dio gizarte hezitzaileak.

Edonola ere, argi du prebentzio tailerrak zerbait puntuala baino ez direla. Izan ere, zenbaitetan gazteentzat zalantzak argitzeko erreferente izan daitezkeen arren, Martinek uste du ezinbestekoa dela egunerokotasunean ere lanketa hori egitea, era jarraitu batean eta gaia normaltasunez tratatuz.

Captura de pantalla 2014-12-12 a las 12.16.00

Irtenbidea, gizarte hezitzailearen esanetan, ez da uneoro arduratuta egotea, eta are gutxiago polizia lanetan hastea. Baina bai gaiari arreta eskaintzea,  eta hori gazteekin harreman zuzena dutenei dagokiela uste du, esaterako, familiari eta eskolari, baina baita gaztelekuari edo bestelako herri eragile batzuei ere, gazteengan azaltzen diren kezta eta larritasunak detektatu eta horiei erantzunez.

Gurasoak gazteen eredu

Martinek azpimarratu du, baita ere, substantzia guztiak izan daitezkeela kaltegarriak, eta prebentzioak ez duela arreta droga gogorretan bakarrik jarri behar. “Kokaina marra bat sartzea oso kaltegarria izan daiteke, baina egunean tabako pakete bat erretzea edo astebururo kalimotxoa litroka edatea ere bai”, dio, eta horregatik uste du gurasoek kontziente izan behar dutela eurak direla seme alaben erreferente eta ez dutela kontraesanean erori behar.

Hori dela eta, etxeko kontsumo ohiturak zaintzea gomendatzen du. Esaterako, alkoholarekin lotuta ez dauden dibertsio edo ospakizun eredu desberdinak jorratuz.